
Lekeitiok hiribildu titulua eskuratu zuenetik 700 urte bete direla ospatzen ari dira aurten. Zazpi mendeko ibilbide historikoan denetariko gorabeherak izan ditu herriak, tartean gerrak, izurriak zein aldi oparoak, eta ekonomiaren motorra izan den arrantzak ere bilakaera nabarmena izan du: garai bateko balea harrapaketatik baxurako tekniketara eta, gaur egun, aisialdirako ere erabiltzen da portua. Baina bada funtsezko ezaugarri bat mendez mende mantendu dena: Lekeitio herri guztiz euskalduna izan da sortzetik gaur arte. Alegia, orain arnasgune esaten zaiona.
Azken aldian soziolinguistak ohartarazten ari dira Euskal Herri guztiko arnasguneen ahultasunaz, haietan ere erdara zirrikituak aurkitzen ari da eta Lekeitio ez da salbuespena. Datuen arabera, Bizkaiko eskualderik euskaldunena da Lea-Artibai, ezagutzan zein erabileran, baina inkesta soziolinguistikoek erakusten dute egoera pixkanaka okerrera doala. Lekeition, zehazki, Udalaren enkarguz egin zen azken kale neurketa, 2024an, eta informazio esanguratsua eman zuen: erabilera %69,1ekoa da herriko kaleetan, hamar urte lehenago baino pixka bat txikiagoa, hau da, hamar elkarrizketatik hiru beste hizkuntza batzuetan dira, nagusiki gaztelaniaz.
Datuak bereziki kezkagarriak dira 45 urtetik gorako herritarren artean, erabilera %60tik beherakoa baita. «Datuak, orokorrean, mantendu egin dira, baina adin tarte batzuetan argi gorria piztu zaigu», onartu du Ander Goikoetxea zinegotzi eta Udaleko Euskara Batzordeko buruak. Ez du uste faktore bakar bat dagoenik bilakaera negatibo horren atzean. Zaharrenek erdaraz ikasi zuten eskolan eta haietako batzuk, gainera, Espainiatik etorri ziren eta ez zuten euskara ikasi, baina Goikoetxeak gogorarazi du 45 urtetik gorako askok euskarazko hezkuntza jaso zutela eta, hala ere, «erdararako joera» agertzen dutela gero eta gehiago.
Bestetik, herrian gero eta gehiago dira etorkinak, baina zinegotziak ez du uste zuzena denik euskararen beherakada haiei leporatzea: «Hemen kontua beste bat da, dakienak ez duela euskaraz egiten».
Joera irauli nahian, duela pare bat urte jarri zen martxan Dzast! euskara taldea. Horko kidea den Maider Alonsok uste du herri oso euskaldunetan «destentsionamentu moduko bat» dagoela hizkuntzaren inguruan eta, ondorioz, ezusteak datozela gero: «Denok dakigunez, uste dugu denok egiten dugula eta erlaxatu egiten gara. Ezagutza handia da, baina ez dugu erabiltzen pentsatzen dugun beste». Era guztietako herritarrek hartzen dute parte Dzast! elkartean, «batzen gaituena euskararen inguruko kezka da».
Euskal Herriko beste errealitate batzuekin alderatuta, arnasguneetan dinamika batzuk guztiz desberdinak dira. Esate baterako, umeen eta gazteen artean erabilera altua da (Lekeition, %84,1 eta %78,3, hurrenez hurren). Are, haurrek euskaraz gehiago egiten dute inguruan heldurik ez badago. Adin horietan, beraz, eustea da helburua eta Udaletik zein Dzast!-etik azpimarratu dituzte kulturartekotasun programen emaitza onak, UEMAren eta eskolen arteko elkarlanari esker.
«Baina helduengana iritsi behar dugu, hor dagoelako argi gorria», dio Goikoetxeak. Hala, beste jarduera askoren artean, ostalari eta dendarientzako ikastaroak antolatu izan dituzte UEMAren laguntzaz eta, euskaraz funtzionatzen duten komertzioak identifikatzeko, Bai Euskarari ziurtagiriarekin lanean ari dira. «Ziurtagiriaren pegatinari esker, agian, orain arte euskaraz egin zezakeenik ez zekien dendetan ere hasiko da jendea euskaraz berba egiten».
Lekeitio Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen, UEMAren, parte izateak daukan garrantzia nabarmendu du Goikoetxeak. «Estrategikoa da, proiektu asko beraiekin egin ditugu eta emaitza onak eman dituzte». Herritarrei begirako esku hartzean ez ezik, Udalaren barruko funtzionamenduan ere hizkuntza politika garatzen laguntzen die UEMAk, izan ere, udal politiken ardatza euskara izan behar dela zehaztuta du udal gobernuak.
Dzast!-ekoek, bestetik, Euskaraldia, Euskararen Eguna eta Korrika aprobetxatzen dituzte jarduerak egiteko. Herritarrak zirikatzea erabaki dute erronka baten bidez, Maider Alonsok kontatu duenez: «Eskualdeko hiru herri handien artean (Ondarroa, Markina-Xemein eta Lekeitio), erabilera handiena geuk izatea. Erdi brometako kontu bat da, baina helburu bat jartzeko balio du, jendea euskara erabiltzera bultzatzeko».
Oldarraldiak dakar beldurra
Alabaina, dena ez dago lekeitiarren esku. Goikoetxeak eta Alonsok, biek aipatu dute euskararen kontrako oldarraldi judiziala. «Zuzenean ez digu eragin, baina heldu zaigu oldarraldia, ikararen bidez», aipatu du zinegotziak. «Udalean euskararekin lotura duen edozer egiten dugunean, adibidez, lanpostuak atera, ikara puntu batekin egiten dugu, ez dakigulako epaileren bat etorriko ote den eta dena bertan behera utzi». Hortaz, «Hizkuntzaren Lege ganorazko bat» eskatu du.
Etxebizitzaren arazoak ere zeharka eragiten dio euskarari, gazte asko inguruko herrietara joan behar baitira bizileku duin bat izateko eta, hain zuzen ere, gazteak dira euskararen erabileran sendo dabiltzanak. «Udal modura badugu ardura bat», onartu du Goikoetxeak.
Euskararen arloan erreferente izan da Lekeitio, eta horri eustea da orain erronka. Hizkuntzaren bizitasunagatik ez ezik, euskal munduari egin dion ekarpen oparoari esker ere lortu du erreferentzialtasun hori. Ez da ahaztu behar euskara mundu modernora ekarri zuten proiektu askoren sustatzailea, Resurrección María Azkue, lekeitarra zela. Lehenengo euskaltzainburua izan zen. Idazleak ere ugari eman ditu herriak, tartean Eusebio Maria Azkue, Eusebio Erkiaga eta, gaur egungoen artean ezagunena, Miren Agur Meabe; baita musikariak ere.
Nabarmentzekoa da, gainera, Euskal Zine Bilera, euskaraz egindako zinemagintzaren aterpe baita duela ia mende erditik. «Herrian badaude pilo bat ekimen euskaraz, horregatik, berez, Lekeitio leku ona da euskarak aurrerapausuak egin ditzan», nabarmendu du Dzast!-eko Maider Alonsok. «Ezagutza altua da eta ez dakienak aukera ugari ditu ikasteko, behar dena da jendeari gogoraraztea posible dela euskaraz gehiago egitea eta ekin behar diogula».
Zazpi mendez Lekeitioren nortasunaren funtsezko ezaugarria izan da euskara eta hurrengo urteetan ere hala izatea da herritarren nahia. Zailtasunak zailtasun, Alonsok baikor ikusten du etorkizuna: «Uste dut azken urteetan erlaxatuegi ibili garela; orain bultzada bat emateko momentua da».

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da

Xabi Iraola 32 urteko igeldoarra proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokorra izateko
