
Binakako Txapelketak seigarren jardunaldi ikusgarria utzi digu. Abenduaren 28a Inoxente Eguna izanda, igande honetako Ogetako partida ere halakoxea izan dela esaten badugu, ez ezazue pentsatu txantxetan ari garenik. Emaitza ikusita, badirudi Lasok eta Albisuk nahi baino errazago irabazi dutela, baina ez da hala izan. Neurketako lehen heren gogor eta luze baten ostean, non Ezkurdiak airez zein botez oso defentsa ona egin duen atzeko koadroetan, orduan hasi dira urdinak aldeak irekitzen eta gorriei benetan mina egiten. Hasierako intentsitate bortitzari hobeto eutsi eta aurtengo bosgarren garaipena erdietsi dute are eta liderrago jarraitzeko.
Ogeta goraino bete egin da, eta ez zen gutxiagorako. Gaur egun pilota munduan dauden aurrelaririk onenetarikoak arituko dira aurrez aurre: Jokin Altuna eta Unai Laso. Gainera, atzean, jotzaile handiko pilotariak zeuden: Joseba Ezkurdia –aurrelaria baina atzelari lanetan txapelketa honetan– eta Jon Ander Albisu. Hori gutxi balitz, Gasteizkoa bezalako pilotaleku bat jotzaileen maila neurtzeko berezia izanda, ikusmin handia zegoen bi bizkartzainek nola erantzungo zuten ikusteko.
Hala, norgehiagoka hasiera oso gogorra izan da, eta 2-1ekoa horren erakusle: 77 pilotakadako tanto nekagarri batekin amaitu da Lasok huts egin eta gero. Hurrengo kintzeak ere luzeak eta itogarriak izan dira. Gorriak zertxobait hobeto hasi dute neurketa. Altunak edozein momentutan erritmoa aldatzeko abilezia duela erakutsi duen bitartean, Ezkurdia bikain defendatu da atzean eta, gainera, bi baten kontrakoa egiteko kapaza den bikotea dela erakutsi dute biek. Izan ere, Arbizuko pilotaria aurrera joateko bi aldiz pentsatzen ez duen horietakoa izanda, aurreko koadroetan nagusitasuna izaten dute askotan. Gauzak hala, 3-1 aurreratu dira gorriak.
Urdinak ez dira denbora pasatzera joan Gasteizera eta bikain eutsi diote aurkarien erritmoari, euren aukera izango zutela baitzekiten. Eta baita iritsi ere! Kostata, baina azkenean Albisuk atzean tantoa egitea lortu du 6-5ekoan. Ezkurdiak pilota onera eraman ezin izan duenean atzelari ataundarrak egindako amorru keinuak dena esaten du.
Hor hasi da urdinen gorakada. Izan ere, jokaldi horrek indarra eman die eta Lasok ez du aukera galdu. Sake-errematean, eskuin boleaz, atzean, sakez... Denetariko baliabideak erakutsi ditu nafarrak tanto azkarrak egiteko eta partida hasierako desgastetik zertxobait berreskuratzeko.
Beste martxa bat
Tarte horretan urdinek egindako 0-6ko partzialarekin lehia apurtzen hasi dute. Gorriek atsedena eskatu behar izan dute, baina urdinek seigarren martxa jarrita zuten jada.
Ez bakarrik Laso; Albisu ere tantoak egiten hasi da. Aipatzekoak dira gipuzkoarrak jarraian egin dituen bi, 7-12koan eta 7-13koan. Horietatik bat azpimarratzearren, hori lehenengoa da, denak hartu baititu ezustean, aurkariak, zaleak eta bikotekidea ere.
Hori gutxi balitz, Albisuk atzera bidalitako pilotakada batekin 7-14koa egin dute urdinek. Ezkurdia ezinean zebilen orain atzeko koadroetan, ezin zituen pilotakadak hain erraz eraman; eta Altunak aukera gutxi zituen aurrean.
7-18 ere aurretik joan dira urdinak. Inork ez zuen dudan jartzen Laso-Albisuren garaipena oso gertu zegoela, baina Altuna III.ak egindako bi tantatzar ikusteko aukera ere izan dute pilotazaleek. 9-18koan, ezker gantxo zitala egin du Buruz Buruko txapeldunak, eta 10-21ekoan partidako tantorik politena sinatu du: ezker airez saltoka txokoan goxo utzi du pilota.
Baina amaiera mingotsa izan da gorrientzat eta Altunarentzat, bere huts batekin amaitu baita norgehiagoka. Inor ez zegoen txantxetarako.
PARTIDAKO FITXA:
Altuna III.a-Ezkurdia: 10
Laso-Albisu: 22
Pilotakadak: 630. Iraupena: 66:46. Markagailua: 1-0, 1-1, 3-1, 3-3, 4-3, 4-4, 6-4, 6-11, 7-11, 7-18, 9-18, 9-21, 10-21 eta 10-22. Sakez egindako tantoak: 0 Altuna III.ak eta 2 Lasok. Jokoan egindako tantoak: 3 Altuna III.ak, 2 Ezkurdiak, 9 Lasok eta 5 Albisuk. Galdutakoak: 2 Altuna III.ak, 4 Ezkurdiak, 4 Lasok eta 1 Albisuk. Gertakariak: Sarrera eta giro bikaina Gasteizko Ogeta pilotalekuan Binakako Txapelketako seigarren jardunaldiko partida hau ikusteko. Lehen sakea urdinentzat.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

