Adam Ondraren izena eskaladaren gaur egungo historiarekin erabat lotuta dago. Ez soilik kirol eskaladarekin. Horrekin esan nahi dugu estilo ezberdinetan ekarpen handiak egin dituela. Horregatik ez gaitu ezustean harrapatu izan duen urte berezia. Eroa ere? Izan daiteke.
Baten batek Ondraren inguruan dena ikusi dela baieztatzen badu, esango diogu oker dabilela. Eta datu objektibo batzuk baino ez ditugu emango. Hain zuzen ere, abenduan lortu zuen arrakasta handi batekin hasiko dugu laburpen hori. Erori handiko ibilbideak alde batera utzi eta Arcoko (Italia) Passo Due Sassi sektorera hurbildu zen erronka handi bat lehen aldiz biribildu ahal izateko. Igo gabe zegoen plaka izaerako bide bat, ‘Niobe’, aukeratu zuen bere izena berriro lehen lerroetara eramateko.
Duela gutxi bere familiarekin Arcon bizitzen jarri da, eta bertatik bertara ezagutu nahi izan du 80ko hamarraldian sona handia hartu zuen inguru hori. Hain zuzen ere, ‘Niobe’- k leku horretan sustraiak bota zituen. Harlauza puru ia erreala. Hatzetako ia heldulekurik ez duen proiektu horretan zehaztasuna, oreka eta oinen erabilera egokia ezaugarri nagusiak dira.
Bideoan azaltzen duenez, eskalatzaile txekiarra ere txundituta geratu zen begien aurrean zuen bitxi horrekin: «Sekuentziak aurkitzea eromen hutsa izan zen. Borroka sutsu horretan oinen nekea kontrolatzea giltza izan zen. Zalantzarik ez dut: ‘Niobe’ plaka izaera duen munduko ibilbide zailenetakoa da».
Eskalada estilo horretara egokitu ahal izateko, hainbat marra eskalatu zituen. Hain zuzen ere, Loris Manzana ekipatzaile emankorraren (‘Niobe’- rena ere) aholkuak jaso zituen. Ondoren, asmo handiko proiektu horrekin buru belarri jarri zen. ‘Niobe’ igo gabe zegoenez, eskalatzaile askok zioten erronka futurista zela. Baina diogu bezala, Ondrak ‘mamu’ guztiak uxatu zituen: «Onartu behar dut ibilbide hori bitxi bat dela; zaila da irudikatzea izaera horretako plaka bat. Harkaitz horrek itsaspen handia ez duenez, hatzekin indar handia egin behar da norabide jakin batean irrist ez egiteko. Borroka handia egin eta katera erorikorik gabe lortu eta gero, argi dut 9a maila duela».
Lorpen gehiago
‘Niobe’ izan da txekiarraren azken eskalada handia, baina aurreratu dugun bezala, beste estilo batzuetan ere ez da atzean geratu. Iazko urtearen hasieran gogor estutzen ikusi genuen boulderrean. La Pedrizan, adibidez, gai izan zen ‘El Elegido’ (8b+) bistan egiten. Baina bazuen esku artean xede handi bat; hain zuzen ere, bere estilora egokitu behar zena. Eta horretarako, Fontainebleaura joan zen. ‘Soudain Seul’ zain zuen. Bost ekinaldi baino ez zituen behar bloke horren (9a) laugarren igoera egiteko.
Ordura arte, 8c+ mailako lau bloke zituen eta “Soudain Seul”-ekin bederatzigarren esferan sartu zen.
Negua atzean utzi eta udaberrian sartu bezain laster, Ondra Britainia Handiko eskalada tradizionala probatu zuen. Eta nola probatu ere! Ingurumari hartako bide arriskutsuenetako eta zailenetako bat, ‘Lexicon’ (E11 7a), flash eran biribildu zuen.
‘Trajea’ aldatu eta berriro boulder egitera itzuli zen. Trantsizio horrekin amaitu eta gero, Orcora (Italia) bidaiatu zuen. Haran horretan, artesi guztien artean, ‘Greenspit’ ibilbideak (8b+) aura berezia du. Bada, eskalatzaile txekiarrak eroria duen marra labur eta oso-oso zorrotz hori lehen ekinaldian edo flash eran sinatu zuen.
Hori gutxi ez, eta bisita horretan, boulderrean, ‘Foundation´s Edge’ (8c) flash eran egin zuen; hots, orain arte estilo horretan egin duen jarduera gogorrena. Irakurtzen den bezala, Ondrak 2025. urtea berezia izan zuen.
Zikloa ixteko ‘Niobe’-rekin ekarpen handia egin du. Dagoeneko, eskalatzaile beteranoa dugu (30 urte), baina argi uzten ari da oraindik denbora duela eskalatzaileen komunitatea berriro ezustean harrapatzeko.

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia
