
Denek badakite erremontea ez dagoela bere momenturik onenean. Baina ostiral honetan Hernaniko Galarretan ikusitakoa kontuan hartzen badugu, alde guztiek baliabideak jarri beharko lituzkete mahai gainean etorkizun labur-ertainean kirol honek bere bidea egiten jarraitu ahal izateko.
Oriamendi 2010 enpresak erremonte profesionalaren kudeaketa utziko du urte honen amaieran eta diziplinaren etorkizuna kolokan dago. Azken hilabete edota asteetan aurrerapausoak eman direla baieztatu badute ere, benetan hala dela ikusi arte inor ez da lasai geratuko. Baina gauza bat argi dago: erremontistek kantxa barruan dena ematen jarraituko dute beti.
Hala erakutsi dute gaur, Binakako finalean, Ansa II.a-Zubiri eta Ezkurra II.a-Larrañaga bikoteek. Goraino bete den Galarretan, lau pilotariek sekulako maila erakutsi eta zaleek ikuskizunaz goza zezaten lagundu dute. Pentsa, hiru setetan erabaki da eta txapelak, lehen aldiz, Ansa II.aren eta Zubiriren buruetan ezarri dira.
Egia da galtzaileek zapore gazia izango dutela, noski, baina dena bikain atera dela esan behar da. Hasteko, finala egun bat aurreratzearen ideiari bikain erantzun diote zaleek. Goraino bete da Galarreta eta azken momentuan sarrerarik ez zutenak ere pilotalekura sartzeko asmoarekin iritsi dira. Eta, ondoren, lau erremontistek kirol honen edertasuna zeruraino eraman dute.
Kolore guztietako tantoak egin dituzte lau protagonistek. Partidaren hasieran, gorriek hartu dute aurrea, Imanol Ansari pilotarik ez baitzioten kentzen urdinek. Binakako Txapelketa bakarrik falta zitzaion urnietarrari eta amorru biziz ekin dio lehiari. Horren erakusle da 5-3koa. Kasu horretan, gorriak kexu ziren sakean Ezkurra II.ak pilota jo duelako eta epaileek tantoa jarraitzen utzi dutelako.
Gauzak hala, gorriak 10-6 aurreratu dira eta bazirudien lehen seta bideratuta zutela. Gaizki pentsatua, ordea. Txapela jokoan dagoenean, inork ez du amore eman nahi, eta urdinek, Larrañagak sakearekin asmatuz eta Ezkurrak min eginez, 0-6ko partzial bat sinatu dute 10-12raino.

Ez da nahikoa izan gorrien morala apurtzeko. Izan ere, urdinek ez dute elkar ulertu, eta 12na berdintzea lortu dute, eta denek pentsatu dute Ansa II.a-Zubiri bikotearen aukera izango zela lehen jokoa irabazteko. Inor ez zegoen prest seta oparitzeko eta baliteke partidako tantorik ederrenak orduan ikustea. 12-14koan, lau pilotariak bikain aritu dira borrokan eta erasoan, baina Ezkurra II.a izan da saria jaso duena bi pareta ikusgarri batekin. «Gora erremontea!» oihukatzeko unea izan da.
Hala ere, Ansa II.ak bi tanto egin ditu jarraian (14-14) Galarretan instalatuta zegoen emozioa gehiago pizteko... Eta berriro agertu da Josetxo Ezkurra bere maila erakutsi eta lehen jokoa urdinei emateko.
Hirugarren setean
Emozioak sekulako beherakada izan du bigarren setean. Gorriak nahiko erraz gailendu dira (15-6), bereziki Aritz Zubirik sakearekin asko asmatu duelako. Goizuetarrak partida sakez egindako hamar tantorekin amaitu du eta horietako bost set honetan izan dira.
Urdinek ez dute pilota usaindu. Agian atseden hartzeko baliatu dute joko hau, hirugarren eta azkenekoan dena eman ahal izateko, baina ez zaie ondo atera.
Azken setean, dena orekatua hasi da. Ezkurrak 0-1ekoa egin du bien tartera, Larrañagaren huts batek 1-1ekoa ipini du, Ansak 2-1ekoa egin du atzean, Zubirik sakez asmatu du 3-1ekoan, Ezkurrak abantaila txikitu eta atzelariak berdinketa ipini du berriro...
Baina hortxe amaitu da partida. Berdinketarekin, Iban Larrañagak sakez pasa egin eta hurrengo jokaldian motz geratu zaio, 4-3koa gorrientzat izanda. Ansa II.ak eta Zubirik seigarren martxa ipini eta zortziraino joan dira aurkariak gailendu eta lehen aldiz Binakako txapela janzteko.
PARTIDAKO FITXA:
Ansa II.a-Zubiri: 2
Ezkurra II.a-Larrañaga: 1
Pilotakadak: 305. Iraupena: 57:11. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-3, 7-3, 7-5, 9-5, 9-6, 10-6, 10-12, 12-12, 12-14, 14-14 eta 14-15 / 2-0, 2-1, 6-1, 6-2, 10-2, 10-3, 14-3, 14-6 eta 15-6 / 0-1, 3-1, 3-3 eta 8-3. Sakez egindako tantoak: 10 Zubirik (3 pasa) eta 4 Larrañagak (2 pasa eta motz bat). Jokoan egindako tantoak: 13 Ansa II.ak, 1 Zubirik, 12 Ezkurra II.ak eta 1 Larrañagak. Galdutakoak: 4 Ansa II.ak, 3 Zubirik, 5 Ezkurra II.ak eta 6 Larrañagak. Gertakariak: Sarrera eta giro bikaina Hernaniko Galarreta pilotalekuan erremonteko Binakako Txapelketaren finala ikusteko. Lehen sakea urdinentzat izan da.

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

