Arnaitz Gorriti

Valentzia Basketek su eman dio Miribillari atsedenaldia eta gero (72-116)

Surne Bilbaok talde taronjaren erauntsiaren aurrean amore eman behar izan du. Aurreneko 20 minutuetan lehiakor izan dira Jaume Ponsarnauren gizonak, baina aldageletatik bueltan 37-79ko partziala jaso dute eta erantzuteko indarrik gabe geratu dira erabat.

Petrasek bikain aritu bada ere, ezin gehiago egin Surne Bilbaoren alde.
Petrasek bikain aritu bada ere, ezin gehiago egin Surne Bilbaoren alde. (Aritz LOIOLA | FOKU)

SURNE BILBAO 72 - VALENTZIA BASKET 116

Aurreneko erdian oso ondo eutsi dio Surne Bilbaok Valentzia Basketi, baina atsedenaldiaz geroztik Pedro Martinezek zuzentzen duen taldeak su eman dio Miribillari. Joan zen igandera arte Bilbao Basket garaiezin izan zen Bilbao Arenan, eta Barçaren aurka galdu arren, azkenera arte lehiakor izan zen Jaume Ponsarnauren taldea. Ostiral honetan, ordea, alperrik izan da.

Atsedenaldira arte 35-37 eutsi dio talde bizkaitarrak, Luke Petrasek eta Margirisen eskutik. Egia da, halaber, valentziarrek ez dutela askorik asmatu, hasi eta berehala 13-26 aurretik jarri badira ere. Baina bigarren erdiko partziala 37-79koa izan da. Hirugarren laurdenean, Brancou Badio jokoan sartu delarik, 36 puntu sartu ditu talde taronjak, eta 18-36ko partzialarekin dema erabakita utzi badu ere, ez da horrekin konformatu eta egundoko jipoia eman dio laugarren laurdenean: 19-43.

Jean Montero, Bracou Badio, Xabi Lopez-Arostegi eta Braxton Key 10 puntu edo gehiago sartzeko kapaz izan dira eta hori gutxi balitz, valentziarren 12 jokalariak izan dira lau puntu edo gehiago saskiratzeko gai. Bilbotarrak hirukoen bitartez erantzuten ahalegindu dira, baina 32 saiakeratik 7 baino ez dituzte sartu eta bigarren erdiko erauntsia iritsi denean, burua makurtu beste zereginik ez dute.

Eutsi baino gehiago

Ezin esan bilbotarrek defentsa eskasa egin dutenik, baina Valentzia Basketek bere talentua erakutsi du beste behin, batik bat Reuvers eta Monteroren aldetik. Horrez gain, Barçaren aurka erakutsitako eraginkortasun eskasa nozitu dute ere Jaume Ponsarnaurenek erasoan. Petrasekek hiruko bat sartu baldin badu, hurrengo hamar ahaleginak hutsean geratu dira eta uztaipera iritsi diren ia aldi bakoitzean, berriz, Reuversek saskiratze errazak eragotzi ditu.

Ondorioz, ezertaz ohartzerako 11-24 atzetik aurkitu da Surne Bilbao. Ponsarnauk nahiago izan du aldaketak erabiltzea hutsarterik eskatzea baino, Valentzia Basketen erauntsia gelditu nahian. Eta kostata bada ere, lortu du, 13-4ko partzial bati esker, Margiris Normantasen bi hirukok itxitako partziala. Bilbotarren defentsa, hasieran txarra izan ez bada ere, bigarren ahaleginean estuagoa izan da eta bere aurkariak nozitu du, nonbait, falta askorik xahutu gabe, gainera.

Erasoan, baina, Normantasen bolada amaitzearekin inspirazioa ere agortu da eta puntu bakarrera jarri arren, ezin izan du berdintzerik lortu. Aldiz, Matt Costelloren bitartez Valentzia Basketek berriz ere erasoko martxa hartu du. Ondorioz, valentziarren bizkarra ikusiz iritsi dira bizkaitarrak atsedenaldira, baina ez urrutiegi, nolanahi: 35-37, Luke Petrasekek lortutako laugarren hirukoaren ostean.

Badiorekin hasi da dena

Brancou Badiok 0-6ko partziala gidatu du hirugarren laurdena hasteaz bat. Akordatzerako, Jean Montero eta Sergio De Larrera ere batu zaizkio Badioren ekinari. Ene Jainkoa, a zer nolako erauntsia! Gaizki jokatu al du Surne Bilbaok? Ezin esan hala izan denik, baina Euroligan eta ACB Ligan hirugarren postuan dagoen Valentzia Basketek errekurtsoa errekurtsoaren gainean dauka eta etxekoek, berriz, Petrasek eta Normantasen inspirazioa baino ez dute izan.

Ez da gutxi, 38 puntu pilatu baitituzte Petrasek eta Normantasen artean, baina osterantzeko beste inork ere ez du Valentzia Basketek eskatu adina saskiratu, eta kanpotarren artean, berriz, ez da gupidarik izan. Xabi Lopez-Arostegi bera ere saskia Ozeano Barea bailitzan ikusten hasi da eta laurdena amaitzerako ez da kolorerik egon: 53-73, 18-26ko partzialaren ostean.

Handik aurrerakoa ikusteko eta digeritzeko gogorra izan da bizkaitarrentzat, puntu alde orokorrak ere zeresan handia izango baitu Koparako txartel bila aritze horretan. Valentzia Basketek airean eraman ditu bilbotarrak eta halakoetan aurkariaren nagusitasuna onartzea baino ez da geratzen.

PARTIDAKO FITXA:

SURNE BILBAO: Pantzar (8), Petrasek (23), Bagayoko (4), Font eta Jaworski –hasierako bostekoa–, Frey (2), Hilliard (6), Krampelj (7), Hlinason (5), Normantas (15) eta Lazarevic.

VALENTZIA BASKET: Taylor (7), Montero (22), Reuvers (9), Thompson (8) eta Pradilla (4) –hasierako bostekoa–, Costello (8), Puerto (5), Xabi Lopez-Arostegi (10), Key (12), Sako (7), Badio (15) eta De Larrea (9).

Epaileak: Aliaga, Araña eta Fernandez. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 11-24, 24-13, 18-36, 19-43.