Ganguren Mendi Taldea, 80 urte Galdakaon sustraituta
Natura eta mendizaletasuna sustatzeaz gain, herrigintzan ere ekarpen nabarmena egiten du Ganguren klubak. Zortzi hamarkadako ibilbidea ospatzeko, liburua eta dokumentala aurkeztu dituzte.
Hamarkada batzuk lehenagotik ondo errotuta zegoen mendizaletasuna Galdakaon, baina 1945ean sortu zen Ganguren Mendi Taldea, gerora herrian erreferente bihurtu den kluba. Galdakaoztarrek belaunaldiz belaunaldi eutsi diote taldearen izaerari, zailtasunei aurre eginez eta auzoetako bizitzan parte hartuz. Hala, dagoeneko 80 urte bete ditu taldeak eta, pandemiaren erruz 75. urteurrena ezin izan zutenez nahi bezala ospatu, aurtengo efemeridean jarri dute indarra.
Liburua eta ordu erdi pasatxoko bideoa plazaratu dituzte urteurrenaren aitzakian. Mende erdia bete zuenean, klubak bere historia argitaratu zuen eta, beraz, geroztik igaro diren 30 urteen errepaso zehatza dakar orain aurkeztutako liburuak. Bideoa, ostera, Labayru Fundazioak egin du eta, Gangurenen ibilbidearen eta balioen berri emateaz gain, atzoko eta gaurko protagonisten hitzak entzun daitezke.
‘Iragana bihotzean, geroa bidean’ leloa da dokumentalaren ardatza, 80 urtean pilatutako bizipenak baitira aurrera egiteko oinarria. Aitzindaria izan zen Ganguren, besteak beste, emakumeak bazkide izatea lortu baitzuen sorreratik, 1945eko giro hertsiari aurre eginez. Lehenengo 60 bazkideen artean 11 emakume zeuden. Hala ere, hiru gizonek izan zuten kluba sortzeko ideia: bi, Kepa Yurrebaso eta Jesús de Altuna, adiskideak ziren eta hirugarrena Víctor Legorburu zen, Galdakaoko alkatea eta mendizale sutsua. Legorburu, noski, frankista zen, eta horri esker lortu zituzten taldea martxan jartzeko baimenak. Beste erreferentziarik ezean, Athletic Cluben estatutuak kopiatu eta egokitu zituzten.
Hala, hamarkadaz hamarkada, hazten joan zen kluba: gero eta ibilaldi gehiago antolatzen hasi ziren, leku gero eta urrunagoetara. «Gauzak desberdinak ziren lehen, Gorbeiara joateko espedizio bat montatu behar zenuen ia», azaldu du Eduardo Oleak, klubeko presidenteak. Galdakaoztarrek gogotsu heldu zioten mendiari, izan ere, «diktaduran, mendia izaten zen askatasun eremu bat», Jose Mari Ziarrusta diruzainak dioenez. Emakumeak ere aktibo zebiltzan eta klubaren barruko taldetxoa sortu zuten, Las Golondrinas.

Helburu nagusia mendia eta natura bultzatzea den arren, herrigintzan laguntzea ere betidanik izan da Gangurenen ikurretako bat, bereziki euskara eta euskal kultura sustatzea. «Herrigintza oinarrizkoa da guretzat», dio Ziarrustak, «Galdakaon aberastasun handia daukagu, kultura lantzen duten talde asko daude eta elkarlanean aritzen gara». Auzoetako jaiak eta erromeriak berreskuratzeko ahalegina egiten du klubak eta urtero hartzen du parte Mozoilo Egunean.
«Euskararen aldeko ekitaldi guztietan egoten gara, adibidez, beti erosten dugu Korrikaren kilometroa», gaineratu du Oleak. Mendiko txangoetan euskararen erabilera indartzen saiatzen dira eta klubaren aurkezpenetan eta idazkietan euskara bermatuta egon ohi da.
Garaiak aldatu diren arren, klubaren jarduna ez da apaldu. «Urtero 40 ekintzatik gora antolatzen ditugu eta hori guztia boluntarioei esker, jendea beti prest egoten da laguntzeko», azpimarratu du Ziarrustak. Egitarauan dituzte eguneko txangoak, Pirinioetara irteerak, eskia eta, abenturazaleenentzat, munduko mendietara espedizioak. Gainera, Mugarriz Mugarri (50 km) eta Hiru Gurutzeak (81 km) martxak antolatzen dituzte, baita Zazpi Trokak Trail lasterketa ere. Udalerriko bideak berreskuratu eta seinaleak jartzeko lana amaitu berri dute eta hurrengo asmoa da ibilbide mitologikoak sortzea, umeei zuzenduak, mendia eta kultura uztartzeko.
Horrez gain, ezin da ahaztu Arraban, Gorbeiako Parke Naturalaren bihotzean, dagoen aterpea. 1950eko hamarkadan eraiki zuten Gangureneko bazkideek, ahalegin handiz. «Autorik ez zegoen eta astoekin igo zuten material guztia», kontatu du Oleak. Klubaren altxorra da aterpea, beti egoten da beteta.
Herrian «ondo sustraitutako» taldea dela diote presidenteak eta diruzainak: 2.800 bazkide inguru ditu. Umeentzako txango bereziak antolatzen dituzte, mendia eta kultura oinarri. Gazteak, aldiz, gutxi hurbiltzen dira klubera, mendian ibiltzeko beste ohitura batzuk dituztelako. «Gaur egun eskura dituzte baliabide teknologikoak, GPSak, track-ak, ez dute mendi taldeen beharrik», dio Ziarrustak. Eskian eta goi mendietako jardueretan bai, gazteak animatzen direla zehaztu du Oleak. «Datorren urterako espedizioa antolatzen ari gara Nepalera».
Belaunaldi berriei lekukoa pixkanaka pasatzearen aldekoak dira Ziarrusta eta Olea, gauzak behartu gabe, baina badakite errelebo faltarena mehatxu handia dela Euskal Herriko klubentzat. Gangurenen, behintzat, gazte batzuk hasi dira ardurak hartzen, esaterako, umeen ibilaldiak gidatzen. Hortaz, baikor ikusten dute etorkizuna. Presidentearen ustez, klubak «betiko bidean» segituko du, “mendizaletasuna eta kultura sustatzen, herrian ondo integratuta”.
Bat dator Ziarrusta: «Jendeak baloratzen ditu mendia eta natura, beraz, guk egin behar duguna da garai berrietara egokitu. Hasierako mendizaletasuna eta oraingoa desberdinak dira, eta gerokoa ere desberdina izango da».

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da

Xabi Iraola 32 urteko igeldoarra proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokorra izateko
