NAIZ

Tentsio handiko finalerdietako lehen partida irabazi dute Goitia eta Lekerikak

Winter Serieseko finalerdietako ligaxkako lehen partida jokatu zen astelehenean eta Goitia-Lekerika bikoteak lehen garaipena eskuratu zuen, tentsio handiko partidan, polemikarako tartearekin, Urreisti-Lopez mendean hartu ostean (13-15, 15-10 eta 4-5).

Goitia eta Lekerika, tanto bat ospatzen.
Goitia eta Lekerika, tanto bat ospatzen. (ERAMAN JAI ALAI)

Kiterako jokoan erabakitzen den partida oro gustagarria izan ohi da zaletuentzat, tentsio handikoa kantxako lau protagonistentzat. Finalerdietako ligaxkak parekotasun eta presio asko izango zuela aurreikustekoa zen, sailkatutako lau bikoteak maila handikoak baitira. Ordea, gutxik espero zuten lehen neurketak osagarri guztiak batuko zituela.

Partida ikusgarria izatea aurreikusteko modukoa izan, Urreisti-Lopez eta Goitia-Lekerika bikoteek maila ikusgarria eman baitute multzoen fasean. Bi bikote onenak izan dira, multzo bakoitzean nagusi agertu direnak eta beraz, zirrara handiko dema izango zenaren itxaropena handia zen. Hala ere, parekotasuna hirugarren jokoraino luzatzea eta hau polemikarekin –eta bideo arbitrajearen berrikuspenarekin– bukatzeak areagotu egin zuen zirrara.

Hil ala biziko joko horretan bikote horia aurretik hasi zen, partidan zehar atzetik aurrera egindako jauziaren berrespen gisa. 0-3eko markagailua alde zutela, partida bideratuta zirudien baina Lekerikaren hormabikoek bikote berdea partidan sartu zuten (3-1). Lopezek, bere eskarmentuarekin, halere, 4-1ekoa egin zuen baina horien lau ‘match ball’-eko abantaila ezerezean geratu zen Lekerikaren beste tanto bat eta Urreistik txapara botatako bi errematerekin (4-4).

Tentsioak sabaia jo zuelakoan, azken tantoan, Lekerikako hormabiko itzel batekin 5-4ekoa jarri zuen baina orduan iritsi zen polemikarako tartea: Urreistik jokaldia errebisatzea eskatu zuen, atzelari gernikarrak botea egin zuela-eta. Nahikoa argigarria izan zen errepikapena baina orduan, Goitiak, aurreko jokaldia errebisatzea eskatu zuen, Urreistik xisterarekin pilota ukitu zuela erreklamatuz. Zalantzazkoa izan zen errebisioa eta kasik 10 minutu partida geratuta egon ostean, tantoa berdeentzat izan zela berretsi zuen epaileen taldeak.

Partida berdindua

Maila handiko bi bikoteen arteko dema polemika honekin gogoratuko da baina, oro har, aipamena merezi du lau protagonistek emandako maila. Tentsio handiarekin kantxaratu ziren lauak. Hasiera hasieratik, errebesez dominatzera atera ziren Urreisti eta Lopez baina Lekerika handi batekin egin zuten topo. Gernikako atzelariak izugarrizko pilotak eraman zituen, 12. kuadrotik atzeko paretera arte. Lekerikaren defentsa gogor horrek, horien hainbat huts ekarri zituen ondoren. 8-7 aurretik joan ziren gipuzkoarrak atsedenaldira, sei aldiz berdindu ostean (1-1, 2-2, 3-3, 4-4, 6-6 eta 7-7). 

Deskantsu horren ondoren, aurrelariak mokoka aritu ziren, tanto ederrak eskainiz:.Goitiak sake-errestoan barruan (8-8), Urreistik sahietsetik barruan (9-8), Goitiak atzean (9-9), Goitia bi-paretera heldu eta moztu (9-10), Urreistik moztuta (10-10), Goitiak sake errestoan sartu eta atzera (10-11), Urreisti sake errestora sartu eta hormabikoa (11-11), Urreistiren dejada ederra (12-12), mutrikuarraren txula (13-12), Goitiaren hormabikoa sake errestoan (13-13)... Azken txanpan, Lekerikak ere berreskuratu zituen fokoak, defentsan lan ona egin ostean eta hormabiko bati esker 14-13ko abantaila lortu zuten berdeek eta Urreistik eraman ezin izan zuen errebote batekin bukatu zen lehen joko zitala, Goitia eta Lekerikaren alde (15-13).

Bigarren jokoa ere ez zen ondo hasi horientzat. 2-5 atzetik hasi ziren baina apurka apurka, euren jokoa egin, tantuak dominatu eta markagailuan aurrera etorri ziren. Seigarren kartoian lortu zuten berdintzea. Zazpina eta zortzina ere egin zuten, eta Urreistiren tanto eder batek jarri zituen horiak aurretik: bote-laster pilota sartu eta hormabiko izugarria. 9. eta 10. tantoak ere horien estrategiaren emaitza izan ziren.

Lopezek berak ere pilota ikusgarria eraman zuen set honetan, errebesez esku-bakarrarekin sartuta, toreroen gisan. Goitiak aldiz, txik-txakean eta errebotean, errebesez pikatuta egin zituen ederrenak. Hala ere, berdeek lau huts egin zituzten jarraian bigarren setaren azken txanpan (14-9) eta Urreistiren horma biko batek eraman zituen aipatu desenpate hain polemikora (15-14).

Kiterako jokoa berdeen alde jausi ostean, Goitiak eta Lekerikak 3 puntu batu dituzte finalerdietako ligaxkan; Urreisti-Lopezek puntu bakarra batu dute. Hurrengo astelehenean, Johan-Gorka eta Barandika-Basque bikoteek neurtuko dituzte indarrak.