Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

‘Cerebros destruidos’, euskal kutsua duen ibilbide berri gogorra Turbonen

Jorge Larraz aragoiarra eta Ibon Mendia eta Urko Zabala nafarrak izan dira proposamenaren egileak. 140 metro eta lau luze ditu; azken hiruak 8a mailakoak. Behetik zabaldutako bidea da eta parabolt gutxi ditu.

Turboneko bide berria: ‘Cerebros destruidos’.
Turboneko bide berria: ‘Cerebros destruidos’. (Ibon Mendia)

Joan den abendutik, Turboneko hegoaldeko aurpegiak bide berria du. Eguterari begira dagoen txokoa izateaz gain, murru horrek aukera ederrak eskaintzen ditu eskalatzeko eta ibilbide berriak sortzeko. Azken proposamenak ‘Cerebros destruidos’ du izena. Egileak: Jorge Larraz aragoiarra eta Ibon Mendia eta Urko Zabala nafarrak.

Hirukote horri onartu behar zaio urte amaieran lan bikaina egin duela Turbonen zirrikitu hori txertatzeko. Baten batek esango du ez dela luzea; izan ere, 140 metro eta lau luze ditu. Baina krokisa begiratzen badugu argi geratzen da eskalatzaileok bide gogorra zabaldu dutela. Lehen luzea 6a mailakoa da, eta hurrengoetan 8a maila jarraian eskalatu behar da. Hortaz, teknikoki proposamen zorrotz baten aurrean gaude.

Irakurtzen den bezala, ‘Cerebros destruidos’-en gogor estutu behar da, baina zalantzarik gabe Larrazen, Mendiaren eta Zabalaren lanari beste eite oso garrantzitsu bat gehitu behar zaio. Hain zuzen ere, zabaltzeko estiloa. Lan guzti horiek behetik hasi zituzten, eta eskalatzaileon helburua ahalik eta parabolt gutxien jartzea izan zen. Hots, nortasun handiko proposamen geratu zaie.

Bide berriaren lehen urratsa iragan azaroan egin zuten. Zirrikitu hori aldez aurretik ikusita eta aztertuta zuten. Denera, lau egun behar izan zituzten ‘Cerebros destruidos’ zabaltzeko eta beste bi kateatzeko. Larraz eta Mendia izan ziren Turmo Mediodia izeneko horman lanean hasi zirenak. Lehen luzeak (6a) ez zien arazorik sortu; erabat garbi geratu da. Bigarrenean (8a), berriz, askoz ere lan gehiago egin behar izan zuten hiru parabolt dituen 40 metroko sekzio horretan. Hirugarrena (8a) ere irekitzen hasi ziren, baina jaistea erabaki zuten biharamunean zintzilik utzitako metroak bukatzeko helburuarekin.

Hain zuzen ere, hirugarren luze hori buruhauste gehien sortu zien luzea da. Protagonistek diote zailtasun handiak izan zituztela gakoak jarri eta paraboltak zulagailuarekin jartzeko. Txapa gehiegi jartzeko asmorik ez zutenez, jaitsi eta eten bat egitea otu zitzaien.

Abendaren amaieran bigarren bidaia egin zuten. Zabala batu eta zintzilik utzitako lanak biribildu zituzten. Hirugarren luzean berriro sartu eta bost paraboltekin hurrengo bilgunea antolatu zuten. Sekzio gogorrena (bost metro) ezin izan zuten librean zabaldu. Laugarren eta azken luzean (8a eta 5 parabolt) ere gogor estutu zuten; izan ere, 30 metro horiek librean ireki zituzten.

Puntu gorria

‘Cerebros destruidos’-i forma eman eta gero, bigarren helburuari ekin zioten. Mendia eta Zabala prest ziren bide osoa era askean igotzeko, eta erronka hori bi egunetan lortu zuten arrakastarekin. Era horretan, Turboneko proposamen berriaren lan guztiak bukatu zituzten: zabaltzeaz gain, puntu gorria jarri zioten.

Teknikoki azken hiru luzeak gogorrak dira, baina eskalatzaileok ibilbide berria zabaltzeko erabili zuten estiloari eta horrek eskatu zien lan eskergari azpimarra egin nahi izan diete. Mendiak horren guztiaren inguruan honako hitzak izan ditu: «Tarte batzuk oso gogorrak zirenez, egun batzuetan bost metro baino ez genituen zabaltzen. Txapa gehiegi ez jartzeko asmoa genuenez, jaitsi eta biharamunean lanak hasten genituen. Xede honek buruari asko eskatu dio, eta horregatik marrari Eskorbuto taldearen ‘Cerebros destruidos’ abestiaren izena jarri diogu. Zabaldutako metroetatik berriro igo eta berriak irekitzen genituenean, bazirudien burua lehertuko zela. Izan ere, parabolt batetik bestera tarte handia dago. Gure helburua ahalik eta txapa gutxien jartzea zen; horretan oinarritzen da gure filosofia. Horregatik asko eskatu digu; eroriko luzeak izan genituen».

Amaitzeko, Mendiak uste du kalitate handiko proposamena geratu zaiela. Ez da luzea (140 metro), baina osagai oso erakargarriak ditu nortasun handiko eskalada bat egiteko: «Parabolt gutxi dituenez, nahitaez metro asko librean igo behar dira. Oso pozik gaude eginiko lanarekin eta aurkeztu berri dugun ibilbide berriarekin. Norberaren burua aseguratzeko bina friend eta fisurero joko eramatea aholkatzen dugu. Bigarren luzea, adibidez, eskalatu eta zabaldu dudan onenetarikoa da».