
Naziogintza taldeak ‘Euskara bidegurutzean’ izeneko hitzaldi zikloa antolatu du urtarrilaren 22tik maiatzaren 12ra bitartean Azpeitian, euskararen gaur egungo egoera, erronkak, mehatxuak eta aukerak aztertzeko helburuarekin. Tarte horretan, goi-mailako adituek lau hitzaldi eta mahai-inguru baten bidez hizkuntzaren inflexio puntuari buruzko gogoeta eskainiko dute Basazabal Jauregian.
Azpeitiko Basazabal Jauregian Naziogintza taldeko Josu Alberok eta Karmelo Landak hitzaldi zikloa aurkeztu dute ostegun honetan prentsaurreko batean, Azpeitiko Kultura eta Euskara zinegotziak diren Leire Sarasua eta Aitor Larrañagarekin batera.
Hitzaldi ziklo honen helburua euskararen gaur egungo egoera, erronkak, mehatxuak eta aukerak ezagutzea da, hainbat goi-mailako adituren bidez. Zikloa lau hitzaldik eta mahai-inguru batek osatuko dute. Urtarrilean hasita, hitzaldi bat egongo da hilero, azkena maiatzekoa izanik.
Egutegia hau izango da: urtarrilaren 22an, Jon Sarasua irakasleak zikloa irekiko du, ‘Euskararen etorkizun-ikuspegia: nora goaz’ izeneko hitzaldiarekin; otsailaren 25ean, Amande Anin EEPko kideak Ipar Euskal Herriko egoera linguistikoa azalduko du; martxoaren 18an, Miren Segurola UEMAko koordinatzaile nagusiak ‘UEMA: Euskararen lurgunea josten’ izeneko hitzaldia emango du; apirilaren 16an, euskara eta immigrazioa ikergai, Iñaki Iurrebasok, Jon Sarasuak eta Xabier Aierdik parte hartuko dute mahai-inguru batekin; eta maiatzaren 12an, Kike Amonarriz soziolinguistak itxiko du zikloa, Tolosako bilakaera linguistiko arrakastatsua azalduz.
Hitzaldi guztiak Basazabal Jauregiko 3. solairuan izango dira, arratsaldeko 19:00etan. Hitzaldi-ziklo honetarako Azpeitiko Udalaren laguntza eskertu dute Naziogintza Taldeko bi kideek.
«Asko dira euskalgintzaren barruko ahotsek ‘larrialdi linguistiko’ batez hitz egiten digutenak. Gure hizkuntza, zalantzarik gabe, inflexio-puntu batean dago, eta azken hamarkadetan irabazi duguna galtzeko arriskuan dago hizkuntza politiketan taxuzko aldaketak egiten ez badira. Esanguratsua da oso, esaterako, Iñaki Iurrebasoren eta Garikoitz Goikoetxearen liburu arrakastatsuaren izenburua: ‘Esnatu ala hil’», azaldu dute.

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción
