NAIZ

Sei kartel Bilboko Aratusteetako irudi izateko lehian

Otsailaren 12tik 17ra bitartean ospatuko diren Bilboko Aratusteen irudia izateko lehiatuko dira sei kartel finalistak. Herritarrek euren kartelik gogokoena bozkatu ahal izango dute urtarrilaren 12tik 18ra.

Bilboko Aratusteetako irudi izateko sei kartel finalistak.
Bilboko Aratusteetako irudi izateko sei kartel finalistak. (BILBOKO UDALA)

Aratusteei hasiera emateko egunak kontatzen ditu Bilbok. Aurten, otsailaren 12tik 17ra bitartean izango da ospakizuna, eta Udalak kartel lehiaketako sei diseinu finalisten berri eman du gaur goizean; jaietako ekitaldia iragarriko duen irudia izateko lehian daudenak, hain zuzen ere.

Kartel finalistak honako hauek dira: ‘Bilbao se disfraza’, ‘La sardina gondolera’, ‘El carnaval camina hacía bilbao’, ‘Bilbao colorido’, ‘Dena prest! - ¡Todo listo!’ eta ‘Aratuste dantzariak’.

Obra finalisten hautaketan, epaimahaiak kontuan hartu ditu bai kartela egiteko orduan erakutsitako kalitate teknikoa, bai gaien barietatea. Kartel horiek 91 lanen artean hautatu dituzte. Jatorriari dagokionez, 14 Bilbokoak dira, 28 EAEkoak, 41 Estatukoak eta 8 beste herrialdetakoak.

Urtarrilaren 12tik 18ra bitartean, herritarrek euren proposamenik gogokoena bozkatu ahal izango dute, bai bertatik bertara Abandoko Udaltegian (Barrainkua kalea, 5), bai online, Udalaren webgunearen bidez. Gainera, berrikuntza gisa, aurten herritarren bozketaren pisua (telematikoa eta aurrez aurre) handiagoa izango da (%35 kasu bakoitzean) epaimahaiaren botoarena baino (%30). Botoa emateko, nortasuna egiaztatzen duen agiriren bat aurkeztu beharko da, hala nola NANa, gidatzeko baimena edo antzekoren bat.

Hauek dira epaimahaiko kideak: Itziar Urtasun Jaietako Batzorde Mistoko presidente eta Berdintasun eta Jaietako zinegotzia, Asier Abaunza eta Esteban Goti zinegotziak, Bilboko Konpartsen ordezkaria, Alicia Fernandez Rekalde Aretoaren zuzendaria, Julia Dieguez Deusto Bizirik Elkartearen presidentea, Roberto Forcen kazetaria eta Alex Hernandez antzerki sortzailea.

Obra irabazlearen egileak 2.000 euroko saria jasoko du, eta urtarrilaren 21ean aurkeztuko da obra prentsaurreko batean, Bilboko udaletxean.