Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Silvan Schupbachek laugarren urratsa egin du Dent Blanchen

Abenduaren 28an eta 29an, Olivier Kollyk, Filippo Salak eta alpinista suitzarrak ‘Le clin d´oeil’ bidea zabaldu zuten. Beste bi mendi geratzen zaizkio ‘Ahantzita dauden sei iparraldeko horma’ proiektua biribildu ahal izateko.

Silvan Schupbachen proiektuak Dent Blanchen izan du laugarren etapa.
Silvan Schupbachen proiektuak Dent Blanchen izan du laugarren etapa. (Filippo Sala)

Alpeetako iparraldeko murruak betidanik izan dira oso erakargarriak alpinistentzat. Hauetan proiektu, jarduera eta ekarpen asko egin dira. Cervino, Grandes Jorasses eta Eiger enblematikoenak dira, eta, denboraren poderioz, Cima Grande de Lavaredo, Badile eta Petit Dru gehitu dira.

Jakina, egun ez dute aura hori galdu. Alabaina, badira alpinista batzuk Alpeetako iparraldeko paretei beste irtenbide bat eman nahi izan diotenak. Silvan Schupbach, adibidez, joera horren protagonistetako bat da. Alpinista suitzarra erabat murgilduta dago ‘Ahantzita dauden sei iparraldeko horma’ proiektuarekin; hain zuen ere, iazko otsailean hasitako egitasmoarekin. Den-denak Alpeetan txertatuta daude, baina, xedearen izenburuak ondo azaltzen duenez, Schupbachek beste alternatiba batzuk bilatu ditu.

Dagoeneko, lau urrats egin ditu: Nesthorn (Peter von Kanel eta Carlos Molinarekin), Punta Pioda (Roger Schaeli eta Filippo Salarekin), Aiguille du Triolet (Tom Livingston eta Salarekin) eta Dent Blanche (Olivier Kolly eta Salarekin). Dent Blanche (4.357 m) izan da azkena. Abenduaren 28an eta 29an, suitzarrak ‘Le clin d´oeil’ bidea ireki zuen Suitzako laumilakoaren ipar-mendebaldeko isurian.

Ibilbide berriaren lehen zatiak Patrick Gabarrou eta Christophe Jond frantziarren ‘Romain’ marrarekin partekatzen du. Ondoren, ukitu gabeko sekzio batek gailurretik gertu utzi zituen. Azken 150 metroak beste marra batetik egin zituzten. Oro har, baldintza gogorrei aurre egin behar izan zieten. Protagonistok diote sekzio «samurrenak» eraldatu eta plaka zorrotzak igo behar izan zituztela. Zailtasun teknikoak M7 eta WI3 izan ziren. Hortaz gain, hotz handia egin zien.

Lehenak

Schupbachek adierazi du Dent Blanche derrigorrez sartu behar zuela proiektu horretan. Batez ere, iparraldeko isuri hori Alpeetako urrutiko lekuetan dagoelako: «Aurpegi hori bitan banatuta dago: iparraldekoa eta ipar-mendebaldekoa. Eta biek ala biek aukera ederra eskaintzen dute bide berri bat irekitzeko. Eguraldi egonkorra iragarri zutenez, aukera hori ezin genuen baztertu. Halere, jarduera hori egiteko ez geunden girora ondo egokituta; akats bat izan zen. Abenduaren 27an hurbilketa luze bat hasi genuen. Ziur aski Alpeetako luzeenetakoa izango da; izan ere, neguan errepidea itxita dago. Hormaren oinarrira heldu eta bibaka prestatzen hasi ginen. Une jakin horretan ohartu ginen hotz ikaragarria egiten zuela: eguzkiak ez zuen giroa epeldu!».

Iparraldeko eta ipar-mendebaldeko murruak aztertu ondoren, azken horren alde egin zuten. Izan ere, hurbilketa bidean paretaren erdian oraindik eskalatu gabe zegoen arrokazko «begi» bat ikusi zuten. Eskaladaren lehen eguna oso goiz hasi zuten. Aipatu dugun bezala, ‘Romain’-ek dituen elurrezko aldatsetan sartu ziren. Lehen zati hori erraza izan zen.

Aldapa horiek tente jarri zirenean, hirukotea eskuinera jo eta aipatutako «begi» horretara abiatu zen. Alpinistok baieztatu dute sekzio hori bertikalena izan zela: «Zalantzarik gabe, tarte hori igotzea jardueraren giltza izan zen. Zirt edo zart egin behar genuen, eta motibazio handiarekin “begi” hori gainditzeko gai izan ginen. Arrokaren kalitatea ez zen oso ona, eta gogor estutu behar izan genuen M7 mailako metro horiek eskalatzeko».

Zailtasun tekniko handienak atzean utzi eta gaua gainean zutenez, bibaka antolatu zuten. Pareta oso tentea zenez, alpinistok gau oso deserosoa igaro zuten; ez zuten lekurik aurkitu hirurak elkarrekin egoteko. Baina, antza denez, arestian aipatu dugun hotz handia izan zen gau horretako mamu handiena: «Tresneria egokia eraman genuen, baina ezin izan genuen lo egin. Biharamunean, kosta egin zitzaigun martxan jartzea. Zorionez, zailtasunak atzean utzi genituen, eta arratsaldeko ordu bietan gailurrean geunden. Oso pozik gaude Dent Blanchen eginiko lanarekin, eta batez ere, horma hori igotzen lehenak izan garelako».