
‘Bertako plazerra’ lelopean aurkeztu dute Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Ipar Euskal Herri eta Nafarroako txotx denboraldia. 2025a sagar urtea izan da eta, horregatik, uzta handia izan da, espero baino %15 sagar gutxiago jaso badute ere, neguko hotz faltak eraginda.
Emaitza, zuku arinagoak eta %6 graduazio ingurukoak. Guztira, 3,1 milioi litro ekoiztu dira. 46 sagardotegi biltzen ditu Euskal Sagardoa deiturak –250 sagargileren 4,4 milioi kilo sagar erabili dituztenak–, eta horiek produktu desberdinak eta anitzak eskainiko dituzte aurrerantzean, hasieran sagardotegietan eta gero merkatuan.
Aurkezpena Donostiako Konstituzio plazan egin dute ostiral honetan, nahiz eta eguraldiak bertaratuei ez dien prestatutako festaz behar bezala gozatzen utzi. Haize boladek muntatutako karpak mugitzen zituzten eta, hortaz, aterpera mugitu behar izan dute dena. Hala ere, lehen txotxa egin ahal izan dute familia argazkia atera ostean. Bertan, sektorea bere osotasunean babesten duten eragileak bildu dira.
Iaz iragarri zuten bazutela proiektu bat esku artean, aspalditik, eta hurrengo 18 hilabeteetan loratzea espero zutela. Eta oraindik martxan ez dagoen arren, laster abiatzea espero dute, Europatik datozen azken baimenen zai baitaude. ‘Malus Bat’ proiektuaz ari gara, Nafarroak Euskal Herriko gainontzeko sagardotegiekin bat egitea ahalbidetuko duena, guztiek jatorri deitura beraren aterkipean legalki aritu ahal izateko. Honi esker, markari eta produktuari indarra eman ahal izango diote, denek batera norabide berean eraginez.
Gaurko aurkezpenaz aparte, datorren astean beste hainbat ekitaldi izango da. Urtarrilaren 14an, Astigarragan, Txotx Berri eguna izango da, Petritegin; hurrengo egunean, berriz, Goierriko, Arabako eta Nafarroako sagardotegien irekiera ekitaldiak egingo dituzte Oiharte (Zerain), Trebiñu (Trebiñu) eta Toki-Alai (Lekunberri) sagardotegietan, eta Usurbilgo Saizar ere zabalduko dute. Urtarrilaren 16an, berriz, Urnietako sagardotegien irekiera ospatuko dute Eulan, eta Andoaingoena Mizpiradin. Bizkaiko sagardotegien irekiera urtarrilaren 20an izango da, Zornotzako Uxarten.
Eskaintza zabala
Bertaratutakoen artean, Azahara Dominguez Gipuzkoako mugikortasun diputatua egon da. Txotx denboraldiak «balioan jartzen du gurea den produktu unibertsal bat, eta baita ere sagardogileek egunero egiten duten lana guk urte osoan zehar gozatu ahal izan dezagun», nabarmendu du.
Era berean, herritarrei dei egin die txotx denboraldi honetaz «gozatu dezaten ardura eta errespetutik, gure ingurua eta sagardoak dauden herrietako bizilagunak zainduz, eta garraio publikoa erabiliz. Erosoa da eta askoz seguruagoa da, eta horregatik, Aldunditik zerbitzu bereziak jarriko ditugu», baieztatu du.
Dominguezek esan du gero eta bisitari gehiago etortzen direla sagardotegietaz gozatzeko. Izan ere, sagardoaren sektorean berrikuntzak txertatzen ari dira pixkanaka bisitariei balio erantsi bat eskaintzeko.
Denboraldia sagardotegiek bisitari gehien jasotzen duten sasioa izanik, hainbat ekimen antolatzen dituztela gogoratu du Euskal Sagardoak. Adibidez, iaztik, sagardotegi batzuetan bisita edo dastatze gidatuak egiten dituzte, eta ‘Malus Bat’ proiektua abiatzen denean, sagardotegiaren eskaintza kulturala eta turistikoa landu nahi dute aukera berriak eskaini ahal izateko. Horrekin batera, talde txikietan posible da sagardogintza tailerrak, Albaola faktoriara bisita, gaztandegietara bisita, erlezaintza edota Igartubeiti baserri museora bisita antolatzea. Esperientzia guzti horiek eskaintzen dituzte www.sagardoa.eus webgunearen bidez.
Webgune horren bidez ere posible da sagardotegian mahaia erresebatzeko aukera. Iaz sistema hau martxan jarri zuten sagardotegietako arduradunek esan dute arrakastatsua izan zela eta aurten gehiago batu dira horretara. Online denda ere badago, noski, eta bertan 150 baino sagardo gehiago eros daitezke, mota desberdinetakoak.

Osakidetza ha administrado vacunas caducadas a 253 personas, la mayoría bebés

Osakidetza anuncia un paquete de medidas para agilizar la Atención Primaria

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

