NAIZ

Fisikoa mugara eramanda, Etxeberriak eta Rezustak burua altxatu dute

Peio Etxeberriak eta Rezustak bigarren puntua eskuratu dute, Logroñoko Adarragan, partida exigente batean, Zabala eta Martija mendean hartu ostean (22-21). Azken postuan jarraitzen dute baina garaipen honekin burua altxatzea lortu dute.

Peio Etxeberria, aurreko jardunaldi batean.
Peio Etxeberria, aurreko jardunaldi batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Arnasa hartu eta motxila pisutxua apur bat samurtu dute Peio Etxeberriak eta Rezustak, Binakako txapelketan bigarren garaipena poltsikoratuta. Akaso beranduegi izan daiteke, bederatzigarren jardunaldia baita honezkero eta huts egiteko marjina oso txikia daukate. Errealitatea hauxe da: bost partida falta dira lehen fasea bukatzeko eta kanporaketak bi puntura dituzte. Hain zuzen ere, atzo mendean hartutako bikotea da ataka estuan geratzen dena, txapelketa hain estua izanik, puntuen balioa gorenera eramaten baita: garaipen batek arnasa ematen dizu eta porrot batek, ziurgabetasuna.

Peio Etxeberria eta Javi Zabala aurrez aurre egonda, aurreikustekoa zen partida fisikoa baina gaitasun hau mugara eraman dute lau pilotariek. Lehen etenaldi luzearen ostean, betiko leloaren betiko leloa errepikatuko zela zirudien; alegia, Peio Etxeberriak eta Rezustak behera egin eta urdinak gailenduko zirela.

Lehen erdi parekatu eta piloteatuaren ondotik –tanto ikusgarriak eskainita–, Zabala eta Martijak 0-7ko partziala ezarri eta markagailuan ihes egitea lortu dute (12-18). «Momentu batean amorrua ere sentitu dugu, ondo jokatzen egonda ere, detaileengatik aurkaria ihes egiten ikusi dugunean», onartu du Rezustak ETBko kameren aurrean.

Amorru hori borrokarako baliatu dute eta pazientziaz, buruarekin jokatuz eta Peio Etxeberria berriro engantxatuz, partidan sartu dira, 17-18 lehendabizi eta 20na gero, tartean Zenotzkoaren sake labur bat tarteko. Aurrelari nafarrak, halere, bere akatsari buelta eman eta sake indartsuarekin asko behartu du Martija, bai eta Zabala, bere zigilua duen hormabiko paregabearekin (guztira, bost tanto egin zituen modu honetara).

Puntu bakoitzaren balioaz hitz egiten du partida honek, zuloan zegoen bikote baten berpizkundea ekarriko ez badu ere (ikusteke dago, halere, hauek gauzak zail jartzen jarraitzen baitute. Lehendabiziko jardunaldietan izan ezik, tanto gutxigatik galdu dituzte partidak, aurtengo txapelketan dagoen parekotasunaren islada. Ostiralean ere, Elordi-Zabaletak kontrako 13-18 markagailua irauli zuten 21-22 irabazteko.