Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Elkarrizketa
Amaiur Sarriegi
Atletico Madrileko jokalaria

«Nire maila baino exijentzia pixka bat handiagoko talde bat nahi nuen»

Realean bost urte eman ondoren, etxetik irteteko erabakia hartu zuen Amaiur Sarriegik (Donostia, 2000). Atleticorekin, talde berriarekin, Txapeldunen Ligan eta Kopan lehiatzen ari da, Superkopa jokatuko du eta Europarako txartel bat lortzeko borrokan ari da… Realarekin.

Amaiur Sarriegi, Atleticoren kamisetarekin.
Amaiur Sarriegi, Atleticoren kamisetarekin. (Oscar J. BARROSO | AFP)

Realak amaiera emango dio larunbat honetan (12.00, ETB1) Gabonetako etenaldiari, Atletico Madril bisitatuz; seguruenik Europako borrokan duen aurkari nagusia. Oso anfitrioi maitatua aurkituko du Alcalan: udan Zubieta utzi eta, lehen aldiz, Amaiur Sarriegi talde txuri-urdinaren aurka lehiatuko da.

Zergatik aldaketa? Eta zergatik aukeratu zenuen Atletico?

Ikusten nuelako nire maila baino exijentzia pixka bat handiagoko taldea zela. Eta horrela nabaritu dut, fisikoan, partidetan... Argi neukan zer nahi nuen, adibidez, bai edo bai, Txapeldunen Ligan jokatzeko aukera.

Etxetik irtetea, hala ere, inoiz ez da erreza.

Realean egin beharrekoa egin nuela uste nuen. Bien arteko hartu-eman oso positiboa izan dela uste dut, baina sarri harremanak amaitu egin behar dira. Bost urteren ostean, gauza berrien bila irten nahi nuen eta uste nuen onena zela, bai niretzat eta bai klubarentzat.

Zer topatu duzu Madrilen? Espero zenuena?

Bai. Pertsonalki ere, Madrilera etortzea, jende berria... Egon zara etxean, zure jendearekin, oso maitatua sentitzen... Hori guztia uztea... Baina azkenean urratsak egin behar dira. Jakina, futbolistikoki ere. Hemen lau txapelketatan dago gauzak egiteko aukera.

Besteak beste, Txapeldunen Liga jokatu duzu. «Play-in»-ean sartu zarete.

Bai, gure helburua lortu dugu. Eta nire ustez, besteekin alderatuta non gauden ikustea ere lortu dugu. Adibidez, Juveren eta Bayernen aurka, oso maila ona eman genuen talde bezala eta ondo etorri zaigu. Konturatu gara non gauden eta zer egin dezakegun.

Eta pertsonalki?

Neure burua neurtzeko aukera hori ere nahi nuen. Eta oso ondo sentitu naiz, partida baten MVP saria ere eman zidaten. Garrantzitsua izan da niretzat horrelako eszenatokietan ondo ikustea neure burua.

Zein da taldearen helburua?

Ahalik eta urrutien iristea. Talde oso potenteak daude. Ez dut esango guztiz ezinezkoa dela finalera iristea, adibidez, baina bai oso-oso zaila. Horregatik ez dugu jartzen helburu finkorik, ahalik eta hoberen egitea baizik.

Atleticok anbizioz begiratzen die txapelketa guztiei. Baina ba al du titulu guztiak borrokatzeko gaitasunik?

Erregulartasuna behar den lehiaketetan, argi dago Bartzelona beste guztien aurretik dagoela. Baina Superkopan, Kopan, ez dut ikusten Atletico besteak baino gutxiago. Partida bakarrak izaten dira, eta une horretan, egun horretan, zure maila onena ematen baduzu, parekatu egin daiteke. Liga oso batean baino gehiago.

Bartzelona ez da Ligan topatu duzuen aurkari bakarra.

Lau txapelketetan egoteak, eta, batez ere, Txapeldunen Ligak eskatzen duen esfortzuak, eragina dauka. Lesio asko ere izan ditugu eta erregulartasuna izatea kostatzen ari zaigu.

Realak ondo aprobetxatu du. Espero zenuena?

Nik bai espero nuen goiko postuetako borrokan egotea. Oso jokalari onak dauzka, ateratzen ari diren gazte asko... Gauzak ondo egiten badira, emaitzak lor daitezke etorkizunean; eta, bueno, orain ere.

Kolpe gogorra hartu du Edna joatearekin. Zuek Gabirekin bezala.

Guztiz. Jokalari apartak dira, egiten dituzten zenbakiengatik eta jokoan duten garrantziagatik. Kolpe gogorra, bai.

Ednaren agurra zuen kontra izango da gaur. Nolako partida espero duzu?

Oso lehiatua eta errespetu handikoa. Topikoa da, baina horrelako partidetan, une eta jokaldi zehatzek erabakitzen dute emaitza.

Galduz gero, Atletico Realetik zazpi puntutara geratuko da. Behin betikoa izan daiteke?

Ez. Oraindik 45 puntu geratuko lirateke jokoan eta konfiantza handia daukat taldean, batez ere egunero ikusten dudanagatik; entrenatzen ematen dugun maila, Europan eman dugun maila... Falta zaigu pixka bat egutegiaren exijentziara ohitzea, baina konfiantza handia daukat.

Aste gutxi barru, Athleticen kontra jokatuko dituzue Kopako final laurdenak.

Zaila izango da, seguru, dinamikari buelta eman baitiote. Baina etxean jokatuko dugu eta gogotsu gaude.

Biek jokatuko dituzue aurretik Superkopako finalerdiak.

Oso partida zailak kasu bietan. Baina lehen esan dudan bezala, partida bakarra da eta edozein gauza gerta daiteke.

Superkopa, Liga, Kopa, Txapeldunen Liga... Eta denetan partida erabakigarriak. Zer sortzen dizu urte hasiera honi orokorrean begiratzeak?

Ilusioa. Azkenean txapelketa horietan guztietan egoteak eta gainera denetan partida garrantzitsuak jokatzeak esan nahi du gauzak aurretik oso ondo egin dituzula eta egiten ari zarela. Talde bezala geure buruari aitortu behar diogu hori, non gauden ikusi, egiten ari garena ikusi eta datorren guztia ilusioarekin hartu.