NAIZ

Astilleros Balenciagako beharginak lanera itzuli dira, Abu Dhabi Portsekin akordioa sinatuta

Zumaiako Astilleros Balenciaga ontziolako langileak lanera itzuli dira, urtebeteren ostean. Abu Dhabi Ports taldeak erosi du lantegia eta, horrela, enpresaren jarduna mantentzea lortu dute. Egokitze lanetan murgilduko dira datozen asteetan.

Astilleros Balenciagako langileak, abenduan egindako agerraldi batean.
Astilleros Balenciagako langileak, abenduan egindako agerraldi batean. (Jon URBE | FOKU)

Astilleros Balenciaga ontziolako langileak lanera itzuli dira, urtebeteko ziurgabetasunaren ostean. Abu Dhabi Ports talde arabiarrak ontziola erosi du 11,2 milioi euroren truke, eta horri esker, Zumaiko fabrikaren zuzeneko zein zeharkako jarduera salbatu ahal izan da, hartzekodunen konkurtsoan sartu baitzen enpresa 2024ko abenduan. Bertan, lehenik eta behin, ontziloa osoa garbitu eta makinak prestatu behar dituzte; 100 egunean dena atontzea espero dute.

Egokitzapen lanok datozen asteak baldintzatuko dituzte, baina jarritako epeari eustea espero dute, badutelako zeri heldu amaitutakoan. Ontzi berriak diseinatzen ere hasiko dira bitartean, martxoan hasi nahi baitute enkargatu dizkieten ontziak egiten.

Ontziola atontzeko lanek luze xamar joko badute ere, enpresak adierazi du makinaria ez dagoela egoera txarrean. Izan ere, geldi egon den denboran ontziolaren mantenimendu lanez arduratzen den taldea lanean aritu da, makinak aldian-aldian pizteko eta hondatzea saihesteko.

Ontziola Abu Dhabi Ports taldeari saltzeko akordioa in extremis iritsi zen joan den abenduan, enpresa-batzordearen oniritziaren ondoren, ezinbesteko baldintza baitzen operazioa aurrera atera zedin.

Azkenik, langileek jabe berrien azken eskaintza onartu zuten, soldatak % 5 murriztea eta hiru ekitalditan izoztea aurreikusten zuena, bai eta 59 kontratu subrogatzea ere, zazpi bakarrik baztertu baitziren txandaka edo erretiratzeko adinean egoteagatik.

Akordioa eginda, enpresa-batzordeak ziurtatu zuen jarduerari eusteko helburua lortu zela.

Zentzu horretan, CCOOeko David Tejera ontziolako batzordeko presidenteak astelehen honetan adierazi duenez, pozik daude euren lanpostuetara itzultzeaz, helburua enpresaren «jarraipena» baitzen.