NAIZ

Mugaziklo, Nafarroa, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herria bidegorriz lotzeko ekimena

Nafarroa, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herria bidegorri bidez lotuko dute Mugaziklo proiektuarekin. Bizikletaz ibiltzeko 26 kilometroko bidea egingo dute guztira, eta aparkaleku disuasorioak ere eraikiko dituzte, txirrinduaren erabilera bultzatzeko.

Mugaziklo proiektua aurkeztu dute Iruñean, hainbat agintariren parte hartzearekin.
Mugaziklo proiektua aurkeztu dute Iruñean, hainbat agintariren parte hartzearekin. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Mugaziklo proiektua jarri dute martxan, Nafarroa, Gipuzkoa eta Akitania Berria lotuko dituen 26,6 bidegorri kilometro egokituko dituena. Disuasio aparkalekuak ere eraikiko dituzte, jendea bizikletaz ibiltzera bultzatzeko.

Mugaziklo, Oscar Chivite Nafarroako Lurralde Kohesiorako kontseilariak Iruñean egindako prentsaurrekoan adierazi duenez, «mugaz gaindiko lankidetzaren adibide da», eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko ibilbide berdeen aldeko «apustu garbia» da.

Ekimen honek 5,9 milioi eurotik gorako aurrekontua du, FEDER funtsek %65ean kofinantzatuta, Interreg VI-A POCTEFA programaren bidez.

Sentsibilizazio plan bateratu batez gain, proiektuak eskualde horietako bizikleta bideen egoera aztertzea aurreikusten du jardunaldi eta tailerren bidez, zortzi aparkaleku seguru jartzea, bizikletak alokatzeko eredu berriak ezartzea eta mugikortasun urriko pertsonentzako zerbitzuak eskaintzea, kasu.

Proiektuaren aurkezpenean parte hartu dute, besteak beste, Montagne Basque-ko kontseilari Annick Trounday-Idiartek, Gipuzkoako Iraunkortasuneko foru diputatu Jose Ignacio Asensiok, Syndicat des Mobilites Pays Basque Adourreko lehendakariorde Jean-Pierre Etchegarayk eta Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko zuzendari nagusi Berta Mirandak.

Mugazikloren helburua Nafarroako, Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoetako AFOMEF espazioan mugikortasun aktibo eta iraunkorra sustatzea da, bizikleta bide berriak sortuz, jendea sentsibilizatuz eta partekatutako bizikleta sarearen zerbitzuak eta gobernantza hobetuz.

Ekimena AFOMEF Estrategiaren 2. erronkaren baitan garatuko dute, «mugaz gaindiko mugikortasun jasangarria, interkonektatua eta multimodala bultzatzera» bideratua, eta Europa berdeago bat lortzen lagundu nahi du, emisioak murriztuz eta mugitzeko modu aktiboak sustatuz.

2029ko maiatzera arte, Mugaziklo hiru alorretan garatuko dute: azpiegiturak, sentsibilizazioa eta gobernantza. Hala, aurreikusitako emaitza nagusien artean, honako hauek nabarmendu dituzte: guztira, 26,6 bidegorri kilometro berri; baterako sentsibilizazio estrategia bat, eta estrategia komun bat diseinatzea bizikleta azpiegiturei lotutako datu geografikoak lantzeko eta tratatzeko.