
Zubietako erraustegiko langileak urtebete luzez Ekonal enpresarekin negoziatzen aritu dira, Gipuzkoako Kale Garbiketako hitzarmenak jasotzen ez dituen erraustegiko langileen lan baldintza bereziak eta zehatzak arautzeko, baina, LAB sindikatuak ohar baten bitartez salatu duenez, hasierako egoerara itzuli dira langileak, «jasan behar dituzten lan baldintza penagarriak aitortzeko borondate ezagatik».
Sindikatuaren arabera, GHK eta Ekondakinen «borondate falta» dago horren atzean, eta Gipuzkoako Foru Aldundia da «arduradun nagusia».
LABek azaldu duenez, erraustegiko langileek sektoreko hitzarmenean «arautu gabeko txandatasun, arriskugarritasun eta toxikotasun handia» daukan ingurune batean lan egiten dute, eta «babestu eta ordaindu gabeko» baldintzak dituzte.
«Enpresak 12 ordura arteko lanaldi jarraituak egitera behartzen ditu jada osasunerako kaltegarria den 24/7 txanda sistemako langileak, aurreko edo hurrengo txandako langileak lanera ezin badira joan. Hori gutxi balitz, mantentze lanetako langileak asteburuetan erreten zerbitzua egitera ere behartzen ditu enpresak, arautu eta ordaindu gabeko zerbitzu eta prestasuna ezarriz», azpimarratu du sindikatuak.
«Ekobal, GHK eta Ekondakin jakitun al dira arautu gabeko hainbeste lanordu metatu egiteak langileen osasunean daukan eraginaz? Gipuzkoako Foru Aldundiak ezagutzen al ditu erraustegiko langileen baldintzak? Zer esan behar du egoeraren azken arduradun eta onuradun gisa?», galdegin du LABek.
Horregatik, erraustegiko langileei eskatzen zaien txandakotasuna eta etengabeko prestasuna aintzat hartuko eta arautuko dituen enpresa hitzarmen bat aldarrikatzen dute langileek, «zeinak egunero jasaten duten benetazko arriskugarritasuna eta toxikotasuna ere jasoko dituen».

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas
