NAIZ

Feminismoarekin lotutako euskarazko edukiak bildu ditu Elhuyarrek Leiho Morea webgunean

Feminismoarekin lotutako euskarazko kontzeptuak eta edukiak kontsultatzeko baliabide berria sortu du Elhuyarrek, Leiho Morea. Webgunea herritar guztiei zuzenduta dago baina bereziki erabilgarria suertatuko zaie egunerokotasunean feminismoari lotutako edukiak sortzen aritzen direnei.

Itziar Cortes, Leiho Moreari buruzko azalpenak ematen.
Itziar Cortes, Leiho Moreari buruzko azalpenak ematen. (FOKU)

Kontsultarako baliabide berria sortu du Elhuyarrek, Leiho Morea deitu duen webgunea. Bertan, feminismoaren alorreko euskarazko edukiak biltzen dira, eta eremu horretako kontzeptuak ulertzeko eta diskurtsoak sortzeko, itzultzeko eta ikertzeko ezinbestekoak diren bi atal ditu: hiztegia, terminoak eta definizioak kontsultatzeko; eta idatzizko zein ikus-entzunezko edukien corpusa edo bilduma, terminoen eta bestelako edukien kontsulta egiteko.

Gaur goizean aurkeztu dute ekimena, Elhuyarren Usurbilgo egoitzan. Taldearen Hizkuntza eta Teknologia Unitateko koordinatzaile den Itziar Cortes Etxabek eta Margaret Bullen EHUko Berdintasunerako zuzendariak hartu dute hitza aurkezpenean eta biek ala biek proiektuak gizartean duen garrantzia azpimarratu dute. «Berdintasun errealerako eta gizarte justu baterako bidean, ezinbestekoa da diskurtso feministan sakontzen jarraitzea eta diskurtso hori oinarri terminologiko sendo eta koherente batekin eraikitzeko baliabideak herritar guztien eskura jartzea», azaldu dute.

Leiho Morearen lehen atala 2020an aurkeztutako ‘Feminismoa eta Berdintasuna Hiztegia’ lanaren jarraipena da. Bigarren atalak, aldiz, bi eratako edukiak biltzen ditu. Batetik, idatzizkoak, hots, liburuak, prentsa artikuluak eta artikulu akademikoak, besteak beste. Bestetik, ikus entzunezkoak, hau da, podcastak, jardunaldi feministak eta antzekoak.

Proiektuaren xedea da feminismoaren alorreko edukien bilduma esanguratsu bat sortzea, euskaraz, eta baliabide hori erabilgarria izatea hizkuntzarekin zein edukiarekin lotutako askotariko kontsultak eta ikerketa lanak egiteko.

Edonoren eskura

Nabarmendu dutenez, tresna baliagarria suertatuko zaie egunerokoan feminismoarekin lotutako edukiak sortzen aritzen direnei, hala nola, mugimendu feministako kideei, kazetariei, idazleei, itzultzaileei, podcast egileei, unibertsitateko ikasle eta irakasleei, ikertzaileei, berdintasun teknikariei eta politikariei. Hala ere, herritar orori zuzenduta dago Leiho Morea, edozeini sortu baitakioke arlo honetako hitz baten esanahia argitzeko beharra edo diskurtso feministan kontzepturen bat euskaraz nola erabiltzen ari diren jakiteko nahia.

Egitasmoaren babesle nagusiak dira EHUren Berdintasunerako Zuzendaritza eta Deustuko Unibertsitatea. Era berean, EIZIE elkarteak eta EHUren Euskara Institutuak proiektuaren oinarria zehazten lagundu dute.