Joseba Salbador Goikoetxea
Elkarrizketa
Leire Alkorta
Sagardoaren Lurraldea

«Euskal Herrian egiten den sagardoa munduko ekoizleen mapan kokatu da»

Hainbat urte Sagardoaren Lurraldean lanean aritu ostean, 2025eko udaz geroztik erakunde horretako kudeatzaile dugu Leire Alkorta. Astigarragan egoitza duen Sagardoetxeagatik ezaguna bada ere, urtean zehar hainbat eta hainbat ekitaldi antolatzen dituzte eta, bi urtetik behin, Sagardo Foruma.

Leire Alkorta, Sagardoaren Lurraldeko kudeatzailea.
Leire Alkorta, Sagardoaren Lurraldeko kudeatzailea. (J.S.)

Zer garrantzi du Forumak Euskal Herriko sagardoarentzat?

Sagardo Forumari esker, Euskal Herrian egiten den sagardoa munduko ekoizleen mapan kokatzea lortu dugu. Gure artean sagardoaren kultura oso errotuta dago, baina baita ere garrantzitsua da munduan zehar zabaltzea, ez bakarrik sagardoa produktu bezala, baita lurraldea bera ere. Horrela, Forumera etorri diren nazioarteko eragileek gure sagardoaren inguruko kultura, ondarea, gastronomia eta errituak ezagutzeko aukera izan dute.

Hala ere, seigarren edizioa izan izan da 2025ekoa eta dagoeneko oso ezaguna egin da nazioartean…

Bai, sagardoa ekoizten duten herrialde askok erreferentziatzat hartzen dute Sagardo Foruma eta jada bere tokia egin du mota honetako ekitaldien artean, baina baita gure sektoretik kanpo ere. Izan ere, beste edarien inguruan dabiltzan profesionalei sagardoaren mundua ezagutzera emateko ere balio izan du. Forumean antolatzen dugun lehiaketara dastatzaile adituak etortzen dira, horietako asko beste sektore batzuetakoak -garagardoa, ardoa…- eta gure xedea da profesional horiek ere sagardoaren mundura erakartzea, askotan sektore ezezagunena delako gurea. Gainera, sagardoak aukera asko eskaintzen ditu gastronomiaren arloan, edozein plater mota lagundu dezakeelako eta otorduetatik kanpo ere kontsumi daitekeelako, adibidez edari freskagarri gisa.

Geurea kanpoan ezagutzeaz gain, kanpokoa ere hemen ezagutzea da beste helburuetako bat ezta?

Bai, kanpoko ekoizle eta aditu asko etortzen direnez, horrek aukera ematen digu ezagutzeko zer den kanpoan egiten dena. Azken finean, ezagutza bat zabaltzen da eta horrek inspiratzeko ere balio digu, batez ere sagardo naturalaz gain beste sagardo motak egiten hasteko.

Zein dira urte berri honetarako dituzuen asmo eta proiektu nagusiak?

Sagardoetxea museoa ireki zenetik hogei urte bete direla ospatzeko, ekitaldi berezi batzuk prestatuko ditugu udazkenean, uzta garaiarekin lotuta. Horrekin batera, museoaren jarduera dinamizatu nahi dugu eta beste mota bateko proiektuak lantzen hasi, beste herrialdeetan ikusten ari garen museologia eredu berriak kontuan hartuta.

Sagardoaren kultura gizarteratzen ere jarraituko dugu, betiko moduan, urtaro bakoitzari lotutako ekitaldiak antolatuz. Eta azkenik, sagardoaren inguruko ondarea berreskuratzeko eta mantentzeko abian jarritako proiektuekin jarraituko dugu, tartean “Dolareak” proiektuarekin.

Zer da zehazki «Dolareak» proiektua?

Pasa den udazkenean hasi genuen proiektua da, dohaintzan jaso ditugun piezak zaharberritzeko. Lehenbiziko lana Erbetegi-Etxeberri baserriko dolarea zaharberritzea izan da. 400 urte baino gehiago ditu eta badu berezitasun nabarmen bat, alegia, ardatz bikoitzekoa dela eta animalien indarraz mugitutako matxaka duela, orain arte gorde den mota horretako bakarra. Egitasmoa Peio Martikorena Fundazioak sustatu du, Astigarragako Udalarekin eta egurra lantzen duten hiru hezkuntza zentrorekin lankidetzan, eta Euroeskualdeak emandako dirulaguntzari esker jarri da abian. Lehenengo dolare hau amaitzen dugunean, jasota ditugun beste piezekin jarraituko dugu datozen urteetan.