NAIZ

Genero-ikuspegiari begira, ezer gutxi aldatu da Zinemaldian ere

Zinemaldiak azken edizioari begirako genero-identifikazio txostena eman du argitara. Jaialdia sektorearen ispilu den neurrian, egoera ezer gutxi aldatu dela da ondorio nagusia. Sail Nagusian, gainera, jaitsi egin da emakume zinemagile kopurua.

73. Zinemaldiko irudia, Kursaal atarian.
73. Zinemaldiko irudia, Kursaal atarian. (Jon URBE | FOKU)

Ikus-entzuneko sektoreko genero arrakalak badu bere ispilua nazioarteko zinema jaialdietan eta, horren jakitun, orain zazpi urte genero-ikuspegiari buruzko txostena argitaratzeari ekin zion Donostiako Zinemaldiak, egoeraren analisia egin eta etorkizunean eragiteko xedez.

2025ko edizioari begira osatu duten txostena eman berri dute argitara eta, datuek agerian uzten dutenez, ondorio nagusia aurreko edizioari begira ezer gutxi aurreratu dela da.  
 
Txostenean Hautespen Batzordeak ikusi dituen 3.200 filmeak aztertzen ditu, kategoria nagusietan (zuzendaritza, ekoizpena, gidoigintza, argazkia, musika, muntaketa, soinua eta arte-zuzendaritza) emakumezkoek duten partehartzea zehaztuz. Datu nagusia honakoa da: emakumezko profesionalak %15 eta %39 dira batez beste, eta arte-zuzendaritzan bakarrik dira gehiengoa. Ekoizpena (%39), gidoia (%33), zuzendaritza (%32) eta muntaketa (%31), ordena horretan, dira kategoriarik desorekatuenak.

«Ikusitako filmak ekoizpen orokorrari badagozkio, hautatutakoen ardura Zinemaldiarena da», nabarmendu dute jaialditik, eta zehaztu dute urtean ekoitzitakoetatik programatutako 174 filmen artean, emakumezko gidoilari, zuzendari, musikagile eta muntatzaileen proportzio handiagoa dagoela ikusitako film guztien multzoan baino. 

Sailen araberako analisian, New Directors saileko orekaren aurrean (sail horretan jasotzen dira zinemagileen lehen eta bigarren filmak), Sail Ofizialean emakumezko zuzendarien beherakada erregistratu da iazko zifrekin alderatuta (%43tik %30era).

Emakumeen presentzia gehien areagotu den sailetako bat Made in Spain da: gidoilarien %55, zuzendarien %53 eta muntatzaileen %52 emakumeak dira. «Nolanahi ere -ondorioztatu dute Zinemalditik–, datu horiek ez dute korrelaziorik ikusi diren Espainian ekoitzitako filmen guztizkoarekin». Izan ere, Estatu espainolean ekoitzitako filmetan gizonezko egileak dira gehiengoa lanbide guztietan, arte-zuzendaritzan ezin ezik. Euskal ekoizpenetan, batezbesteko orokorrarenak baino emakumezkoen parte-hartzearen zifra handiagoak daude oraindik ere, baina haien ordezkaritzak behera egin du 2025ean lanbide guztietan, ekoizpenean eta muntaketan izan ezik.

Lillian Hellman, lehen emakumea atzerabegirakoetan

Txosten hau egiten denetik lehen aldiz atzerabegirakoaren protagonista emakume bat izan da: Lillian Hellman gidoilaria. Aldiz, Klasikoak sailean (zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak jasotzen ditu), ez da izan emakumezko zuzendari, ekoizle, argazki-zuzendari, soinu-teknikari edo arte-zuzendari bakar bat ere.

«Orainaldi eta etorkizun hurbilean, nolanahi ere, zinema-industrian genero-ikuspegiaren aldetik izango den belaunaldi-aldaketak eta Zinemaldiak ibilbidearen hasieran parekotasuna babesteko hartutako erabakiak Zinemaldiaren proiektuen programen zifrei lagunduko diete», iritzi dute jaialdiaren antolakuntzatik. 

Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, hautatutako hamabost proiektuetan, ekoizleen %52, zuzendarien %46 eta gidoilarien %45 emakumeak dira. Ikusmira Berriaken egonaldietan, gidoilarien %57 eta zuzendarien eta ekoizleen %50 emakumeak dira. Azkenik, Nest sailean –mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak biltzen ditu–, emakumeak gehiengoa dira; izan ere, ekoizleen %72, zuzendarien %64 eta gidoilarien %60 emakumeak dira.

Datuoi begira, Zinemalditik 73. edizioaren inaugurazio galan Esther Garcia ekoizleak (Donostia Saria jaso zuen) eskainitako hitzak ekarri dituzte gogora, lanbideko hastapen konplikatuei erreferentzia egiten zienekoa. «Emakume oso gaztea gizonen munduan, prestakuntza mugatuarekin eta gogo biziz bilatzen erreferenteak», gisa horretan oroitu zuen bere burua ekoizleak, eta Pilar Miro, Josefina Molina, Cristina Huete eta Patricia Ferreirari egin zien aipamen. «Bakan batzuk ginen, baina borroka egin genuen, eta lanbide maite honetan gure espazioa bilatzen jarraitzen dugu», gaineratu zuen, txosten honen datuek agerian uzten dutena berresteko: «Asko dago oraindik egiteko. Urrats bat ere ez atzera, lagunak».