
Euskal Herri osotik etorritako abeltzain eta nekazariek traktoreak eraman dituzte Behobia ingurura EBk Mercosurrekin lorturiko akordioak izango dituen eraginak salatzeko eta dermatosi nodularra gaitzari aurre egiteko harturiko neurriek sortzen ari diren arazoak nabarmentzeko.
Araba, Nafarroa eta Lapurditik etorritako traktoreek bat egin dute Behobia inguruan eskuineko errailan tokian hartzeko eta horrela trafikoa oztopatzeko. Gipuzkoako abeltzainak Zarautzetik, Andoaindik eta Alegitik abiatu dira goizean Behobiara heltzeko, Ertzaintzaren begiradapean. Zaisa aparkalekura eraman dituzte ondoren traktoreak. 60 ibilgailu inguruk eta 300 bat lagunek hartu dute parte protestan.
Antzeko protesta egin zuen lehengoan Durruman Ataca talde arabarrak. Lapurdin ere A-63 autobidea blokeatu izan dute eta Baionako portuan ere protesta egin izan dute.
Ertzaintzarekin negoziatu ondoren, sei traktore AP-8ko ordainleku ondora eraman dituzte.
Behobiako mobilizazioa ENBA, EHNE, UAGN eta ELB sindikatuek deitu dute. Semilla y Belarra taldeak ere sostengua adierazi die.
‼️ Gaur trafiko eraginak Biriatuko mugan,#AP8 Km 0:
— Trafiko (@trafikoaEJGV) January 15, 2026
➡️ 11:00etatik 15:00etara TRAKTOREEN KONTZENTRAZIOA.
‼️ Hoy afección al tráfico en la muga de Biriatou, AP-8 Pk 0:
➡️ de 11:00 a 15:00 CONCENTRACIÓN DE TRACTORES.
011 ☎️#TRAFIKOA pic.twitter.com/MBLnWTWyu8
Irungo Udaltzaingoak eta Ertzaintzak dispositibo berezia prestatu dute gaurko trafikoan eragozpenak ahalik eta txikienak izateko helburuarekin. Halere, lau kilometroko ilarak sortu dira. Inguru hauetan bestetan sortzen diren tamainakoa.
Nekazari eta abeltzainak Biriatuko ordainlekuraino joan dira oinez, bertan sei traktore ere eraman dituztelarik. Bertan, komunikatu bat irakurri dute traktoreak autopistaren eskubiko lerroan jarri direlarik, ezkerrekoa trafikorako libre utzi dutelarik.
Bertan, EHNEko Garikoitz Nazabalek eta UAGNko Felix Bariainek Gobernu espainolak Mercosurren akordioaren eta dermatosiaren aurrean izan duen «jarrera otzana» kritikatu dute.
Europako abeltzaingoa egoera larrian
«Dermatosiak eta Mercosur-ek sektorea larri uzten dute», esan dute, eta deitoratu dute Europako gobernuek, «salbuespenak salbu», Europako abeltzaintza sektoreari bizkarra eman eta haragiaren sektorea «Hego Amerikako haragi sektore boteretsuaren oinetan, enpresa eta korporazio handiek nagusi dutena» uztea kritikatu dute.
«Mercosur herrialdeetatik inportatutako nekazaritza eta abeltzaintzako produktuek elikagaien kalitate eta segurtasun arau berberak bete ditzatela exijitzen dugu, ingurumen eta animalien ongizate baldintza berberak bete ditzatela, EBk bere produkzio sektoreari eskatzen dion lan eskakizunez gain, Europako kontsumitzaileek Europako jatorriko elikagaiak kontsumitzen dituztenean lortzen duten elikadura berme bera izan dezaten», azpimarratu dute.
Honekin batera, europarlamentariei, bereziki Euskal Herrikoei, Mercosurren akordioaren aurka bozkatzea eta bertako abeltzainen interesen alde egitea eskatu diete.
Dermatosia
Dermatosiari buruz, Estatu frantsesarekin muga egiten duten elkargo guztietan txertaketa masiboak egitea eskatu dute. «Ez da nahikoa Gipuzkoan eta Nafarroako iparraldeko zerrenda batean txertaketa egitearekin», adierazi dute.
Honekin batera, osasun arrazoiengatik Estatu frantsesetik ganadua ekartzea debekatzea eskatu diote Madrili.
14.00ak aldera mobilizaziorekin amaitu dute.

‘Non ote zaude?’ Argazkiko neskatoaren bila, memoria kolektiboaren bidez

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak

Osakidetza ha administrado vacunas caducadas a 253 personas, la mayoría bebés

Osakidetza anuncia un paquete de medidas para agilizar la Atención Primaria
