Zazpi herrialdeen indarra batzeko ahalegina, mugaz gaindiko «Malus Bat» proiektuari esker
Bruselaren erantzuna datozen hilabeteetan jasotzea espero dute eta, dena ondo baldin badoa, laster Iparraldeak eta Nafarroak bat egingo dute Euskal Sagardoa jatorri deiturarekin. Hala, Arabarekin, Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin batera, elkarrekin, bertako sagardoari bultzada eman ahal izango diote.

Iaz iragarri zuten bazutela proiektu bat esku artean, aspalditik, eta hurrengo 18 hilabeteetan loratzea espero zutela. Eta oraindik martxan ez dagoen arren, laster abiatzea espero dute, Europatik datozen azken baimenen zain baitaude. “Malus Bat” proiektuaz ari gara: Nafarroak eta Iparraldeak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sagardotegiekin bat egitea ahalbidetuko du, guztiak Euskal Sagardoa jatorri deituraren aterkiaren azpian legez aritu ahal izateko. Horri esker, markari eta produktuari indarra eman ahal izango diote, denek batera norabide berean eraginez.
2025eko txotx denboraldiaren aurkezpenean esan zuten aurtengo denboraldirako Nafarroa eta Iparraldea Euskal Sagardoaren parte izatea espero zutela, baina gauzak espero baino motelago doaz, pauso tinkoz bada ere. «Dena tramitatua dago -argitu digu Unai Agirrek, Euskal Sagardoa jatorri deiturako zuzendariak-. Prozesuak bere denbora behar du, lehenengo hemen onartu behar zen. Sektoreak onartu zuen, eta gero bai Jaurlaritzak zein Espainiako eta Frantziako gobernuek ere. Hori dena onartuta dagoenez, Bruselan dago. Eskaera txiki bat egin zigun eta aspaldi bidali zitzaion, eta orain erantzunaren zain gaude. Ezin dugu datarik eman, ez dagoelako gure esku, baina pentsatzen dugu oso epe motzean izango dugula erantzuna», adierazi du.
Bere hitzetan, azken urteetan jatorri izendapenak oso epe luzera ematen ari dira, ziur aski Europako teknikariek kolapsoa dutelako. «Berez dena lotuta dago, nahiz eta mugaz gaindikoa izan. Egia da mugaz gaindiko instituzio desberdinen arteko akordioa bilatu behar dela eta horrek denbora luzatzen duela, baina aldi berean aberastu egiten du».
Ildo horretan, proiektu aitzindaria litzateke. «Orokorrean, ez dakit mugaz gaindiko jatorri deiturarik badagoen plegu bakarra duena; badago bi plegu duenik, izen berarekin bi produktu desberdin izatea, baina gurea produktu bera da eta plegu bera du hori nahi izan dugulako, zeren iruditzen zaigu sagardoa bat dela, nahiz eta leku bakoitzak bere xehetasunak izan. Alde horretatik, bakarrak izango ginateke Europa osoan; beharbada egongo da beste kasuren bat, baina guk ez dugu ezagutzen, eta sagardoari dagokionez, dudarik ez dugu bakarra dela».
Agirrek uste du urrats hau ematea sagardoari, ekoizleei eta historiari zor dietela, Euskal Herri osokoa delako. «Orain produktibitate gehiago dago batean bestean baino, baina herrialde guztietan egiten da sagardoa, eta uste dut hau ez dela guk hala nahi dugulako; historiak ere hori esaten du eta zor diogu denon arteko jatorri deitura bakarra izatea», azpimarratu du Agirrek.
NAFARROAREN AUKERA
Iparraldeak eman zituen lehenik Euskal Sagardoa jatorri deiturarekin bat egiteko pausoak, eta atzetik joan zitzaion Nafarroa. Ruben Goñi Nafarroako Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren arabera, “Malus Bat” Nafarroarentzat «elkarlanerako aukera da, beste lurraldeekin, Euskal Herri mailan, kalitatezko produktu baten bultzada elkarrekin egiteko aukera». Bertako barietatea, Nafarroan, aspaldikoa dela dio Goñik, «kulturaren parte bada, eta guretzat Euskal Sagardo jatorri deituran sartzea oso garrantzitsua da landa garapenean, herri txikietan batez ere, sagardoa ekoizteko aukera badagoelako, dibertsifikazioa bultzatzeko ere bai, eta bertako ekoizleei lagundu ahal zaielako». Izan ere, “Malus Bat” proiektuaren indarguneetako bat da sektore osoa batzea lortu duela.

Horrez gain, herrialdeen arteko lankidetza sustatuko du. «Jatorri deituraren oinarrietako bat da erabilitako sagarren %100ek bertakoak izan behar dutela, baina bertakoak nongoak? Oraintxe bertan, EAEkoak EAEn eta Iparraldekoak Iparraldean, baina Nafarroakoak ez daude. Jatorri deituran sartzean lortuko duguna da ekoizleen arteko elkarlana bultzatzea. Parametro batzuk egongo dira jasangarritasuna markatuko dutenak bai eta ekoizteko modua ere», azaldu digu Goñik.
Nafarroako Gobernutik sagardoari potentziala ikusten diote. Ardoari egoera zaila ikusten dioten bezala, sagardoaren kasuan gero eta aniztasun gehiago dagoenez eta graduazio baxuko edaria denez, gorantz datorrela uste dute.
Bestalde, Goñik uste du sagardoak hartutako bidea eredugarria dela. «Kasu honetan, Gipuzkoa da motorra ekoizpen eta kontsumo aldetik, baina Nafarroak ere baditu lurrak eta ekoizteko aukerak. Denok batera kalitatezko produktu bat atera dezakegu, eta esango nuke beste batzuek ere bide beretik jo beharko luketela. Adibidez, euskal txerriaren kasuan marka asko ikusten dira, baina Euskal Herri mailan ez da landu, eta hori indar bat da», amaitu du.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
