
‘Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean’ izeneko erakusketa berria ireki du Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artiumek, ostiral honetan. Catalina Lozanok komisariatuta eta 20 artista eta kolektibo baino gehiagoren ekarpenarekin, mugimendudun irudiek bestetasunaren kontakizunaren eta irudikapenaren eraikuntzan izan duen papera aztertzen du.
Ostiral honetan irekiko dute, 18.00etan komisarioak museoan eskainiko duen hitzaldi baten ostean. Goizean aurkezpena egin du Catalina Lozanok, Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariarekin, Louidgi Beltrame artistarekin eta Ana Maria Millan Kolonbiako Helena Producciones kolektiboaren ordezkariarekin batera. Abuztuaren amaierara arte egongo da ikusgai.
Azaldu dutenez, erakusketa-proiektua osatzen duten lanek askotan deseraiki egiten dituzte finkatutako metodologiak edo zalantzan jartzen dituzte irudiak ekoizteko teknologiak, baina «kamera autoirudikapenaren zerbitzura jartzen dute orobat».
Lozanok adierazi duenez, proiektu «kolosal» honen abiapuntua Maya Deren XX. mendeko zinemagileak Haitin egindako lana eta honi buruzko hausnarketa da. Irlara egindako bidaietan, erritualetako dantzen munduan sartzeko, konturatu zen bere kamera ez zela nahikoa bertan ikusi zuena irudikatzeko eta hausnarketa prozesu bat hasi zen, artista izatetik aldenduz.
Erakusketaren izenburua, aldiz, Trinh T. Minh-ha zinemagile eta teorialari feminista vietnamdarraren ‘Reassamblage’ filmetik hartutako aipu bat da. Senegalen filmatua, lan hau beste errealitate bat irudikatzeko asmotik urruntzen da, berez, zinemaren teknologiaren bidez irudi batzuk filmatzeko ekintzari berari buruz hausnartzeko. Hara zer dioen zinemagileak: «Bizitza ikusten dut niri begira. Zirkulu batetik begira nago begiraden zirkulu batean».
Bideoak, margolanak eta marrazkiak
Gainera, mugimendudun irudiez gain, Vilem Flusserrek «irudi teknikoak izena eman zien horien eta beste jardunbide artistiko batzuen artean proposatutako loturak ugaltzen dituzten beste lan batzuk biltzen ditu erakusketa honek.
Hauek dira erakusketan parte hartu duten artistak eta kolektiboak: Sammy Baloji, Louidgi Beltrame, Minia Biabiany, Edgar Calel, Lastenia Canayo, Raymonde Carasco, Los Ingrávidos kolektiboa, Maya Deren, Juan Downey, Sheroanawe Hakihiiwe, Aida Harika, Edmar Tokorino eta Roseane Yariana, Helena Producciones, Hector Hyppolite, Morzaniel Iramari, Franz Jacques ‘Guyodo’, Karrabing Film Collective, Sarah Maldoror, Sueli Maxakali, Beatriz Santiago Muñoz, Rosalind Nashashibi, Deborah Stratman, Trinh T. Minh-ha eta Santiago Yahuarcani.

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

