
Patagonian ohiko denboraldiak aurrera jarraitzen du, eta, lasai asko esan daiteke, aurten ere mugimendu handia dagoela. Azken asteotako jarduera interesgarrien artean bi aipatuko ditugu. Lehenbizikoak Fabian Buhl, Bauti Gregorini eta Pedro eta Tomas Odell anaien sinadura darama. Gazte hauek bi kordadatan banatu eta gero, gai izan ziren Herron erpina eta Egger dorrea lotzeko.
Protagonistok sare sozialetan aurreratu dute arrakastaren giltza pazientzian oinarritu zutela: «Mendiak garbitzen ziren bitartean, azken leiho onaren zain egon ginen. Hil honen bosgarren egunean gure helburuetara abiatu ginen. Norvegiarren bibakean gaua igaro eta gero, biharamunean, oso goiz, glaziarra zeharkatu eta Standhardt lepora heldu ginen. ‘Spigolo dei Bimbi’ bidean luze sinestezinak eskalatu genituen. Harkaitza erabat lehor zegoen; egundoko alaitasunarekin igo ginen. Elur-perretxikoaren oinarrian geunden, eta gure itxaropena zen egun berean Herroneko tontorra zapaltzea».
Zoritxarrez, laukote hori pixka bat nahastu zen azken sekzio horretan; gainera, ez zituen baldintza egokiak izan. Hortaz, elur-perretxikoan erritmo motela eraman zuten. Alabaina, gazteok Herroneko gailurra zapaltzeko aukera izan zuten. Han bertan plataforma bat antolatu eta bibaka egin zuten.
Biharamunean, Luz izeneko lepora rappelatu zuten, eta Pedro Odellek ‘Espejo del viento’-n ardura hartu zuen: «Lehen luzeetan muturreko hotza egin zigun, baina eguzkia irten bezain laster giroa pixka bat epeldu zen. Tarte hori atzean utzi, elur-perretxikoan sartu eta Eggerreko gailurrera iritsi ginen. ‘Titanic’ bidetik rappelatu genuen».
Bide batez, esan behar dugu jarduera horrek eite berezia izan duela. Laukoteak ez du ekarpenik egin, baina Odell anaiek lortutakoak azpimarra handia merezi du. El Chaltenen bertan jaiotakoak dira, eta gazte hauen jarduerak gero eta gehiago entzuten dira azken urteotan. Tomas (20 urte) eta Pedro (22) Odell anaiak talde horretako ordezkariak dira. Hots, lehen belaunaldiko ordezkariak. Nahiz eta oso gazteak diren, anaia horiek Fitz Royko eta Torreko mendi nagusiak igo dituzte.
Lehenak
Bien bitartean, joan den 7an, Konstantin Jaermud, Vladimir Murzaev eta Boris Egorov kirgizistandarrek Fitz Roytik lehen BASE jauzia egin zuten. Hori egin aurretik, hirukoteak ‘Royal Flush’ bidetik (7b, A0, 1.250 m) eskalatu zuen.
Eskalatzaileak izateaz gain, eskarmentu handia dute BASE jauzietan. Hain zuzen ere, Jaermud, Murzaev eta Egorov ‘Dirty Climbers’ taldeko ordezkariak dira. Mundu zabalean makina bat jarduera bikain egin dituzten protagoniston azken helburua Fitz Roy izan da. Egorovek aurreratu du eskarmentu aberatsa bizi izan zutela: «Fitz Roy handia da oso. Ibilbide mitiko bat igotzeaz gain, jauzi berri zein eder bat egiteko aukera izan genuen. Zorte kontua izan daiteke, baina uste dut hori gure eskarmentuarekin irabazi dugula».
Talde horrek gehitu du ere leiho on eder bat izan zutela jarduera ikusgarri hori egin ahal izateko. Antza denez, orain arte Patagoniako erpin eta gailur ezberdinetatik ez da BASE jauzirik egin. Antza denez, jarduera hori Glaziarren Parke Nazionalean (Argentina) debekatuta dago. Fitz Royko jarduera horretan parte hartu duten protagonistek, bederen, gai horren inguruan ez dute aipamenik egin.

Oihu bat Palestinara jaialdia, martxoaren 21ean Durangon, «ondorio errepresiboei» aurre egiteko

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete
