NAIZ

57 talderekin abiatuko da Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa

Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketak inoizko partaide gehien, 57 talde, hartuko ditu bere hirugarren edizioan. Urtarrilean hasi eta maiatzaren 30eko finalerarte, 100 saiotik gora izango dira herrialde osoan.

Herriartekoan parte hartuko duten zenbait bertsolari, aurkezpenean.
Herriartekoan parte hartuko duten zenbait bertsolari, aurkezpenean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Amasa-Villabonan, Bertsozale Elkartearen egoitzan aurkeztu da larunbat goiz honetan Gipuzkoako Herriarteko Bertsolarin Txapelketa. Taldekako lehiaketa egiten den hirugarren aldia izango da –1999an egin zen lehenbizikoa eta 2017an bigarrena– eta 57 talde hartuko ditu orotara. 

Aurkezpenean Maider Arregi, Imanol Artola ‘Felix’ eta Andoni Rekondo parte hartzaile eta antolatzaile taldeko kideek azaldu dutenez, taldekako txapelketak, banakakoekin alderatuta, emaitza desberdinak dakartza: banakakoa norbanakoen arteko lehian oinarritzen den bitartean, taldekakoan bertso eskolen arteko saretzean eragitea da gakoa. 

«Gaur egun plazetan kantatzeko aukera gutxi duten bertsolarientzat txapelketa erakargarria izango da, eta beraien perfila ahalik eta anitzena izango da», azaldu dute, eta generoaren ikuspegitik emakume eta genero disidenteen parte hartzea sustatu dela ere nabarmendu dute, baita belaunaldi artekotasuna ere presente egongo dela ziurtatu ere. 

«Bertso komunitate osoa elkartuko du txapelketak; bertsolariak, epaileak, gai jartzaileak, antolatzaileak, bertsozaleak... bat eginda ariko dira saioen antolakuntzan eta oraindik bertsoa iritsi ez den espazioetara iristen saiatuko da herriartekoa», zehaztu dute.

Faseak eta eredua

Talde bakoitzak bost partaide izango ditu gutxienez, baina saioetan hiru edo lau bertsolarik abestuko dute. Gai jartzaile eta epaile bana ere izango dute taldeek eta ordezkari bat ere bai bilketa, komunikazio edo antolaketa lanak egiteko.

57 taldeetan banatuta, guztira 350 pertsonak hartuko du parte txapelketan, inoizko kopururik handiena. Izan ere, aurrekoetan 24 eta 38 taldek eman zuten izena, eta kopuru aldetik goranzko jauzia nabarmena izan da.

Faseei dagokionez, lau fasetan banatuko da txapelketa: lehen fasea, bigarren fasea, finalaurrekoak eta finala.

Zortzi eskualde lehen fasean

Lehen fasea izango da akaso bereziena egitura aldetik. Gipuzkoako zortzi azpieskualde banatu dira faseak jokatzeko: Buruntzaldea, Urola, Urola-kosta, Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea, Goierri, Donostia eta Oarso-Bidasoa.

Fase honetan, eskualdeka zein motako fasea antolatuko den erabaki dute eskualde mailako antolatzaile eta taldeetako ordezkariek. Eskualde bakoitza izango da beraz fasearen sortzaile eta arduraduna. Eskualdeka talde antolatzaileak sortu dira eta elkarren arteko lankidetzan sortu eta antolatuko dira faseak. Fase hau urtarrilean abiatu eta martxoaren 28ra bitarte jokatuko da. Hala, bi hilabete eta erdian 100 saio inguru antolatuko dira.

Herri eta eskualde bakoitzak bere errealitateari erantzungo dio eta bakoitzak bere ezaugarri eta errealitate soziolinguistikoari erantzunez antolatu ahal izango du fasea. Fase honetatik zortzi talde garaile aterako dira, eskualde bakoitzetik bana.

Fase honetan ia 40 bertsolari arituko dira lehen aldiz oholtzan, «eta hori bezain berri ona dena, beste horrenbeste lagun arituko dela antolatzen eskualde mailan ekimena», ospatu dute.

Zortzi talde igaroko dira bigarren fasera, eta lau saio jokatuko dituzte. Final-aurrekoetara lau talde igaroko dira, eta bi saioetan erabakiko da ze talde igaroko diren finalera. 

Finala maiatzaren 30ean, Aian

Finala maiatzaren 30ean jokatuko da Aiako probalekuan. «Finalaren egunak lehen fasearen esentzia mantendu nahi du eta bertso-bazkari erraldoi formatuan planteatuko da», aurreratu dute, «finala baino gehiago, bertsolaritzaren festa» izan nahi baitu. 

Azkenik, azken faseetarako sarrerak martxoan www.bertsosarrerak.eus atarian jarriko dutela eskuragarri iragarri dute, baita Gipuzkoako Herriartekoa jarraitzeko www.bertsozale.eus atarian bilduko dela informazio guztia ere.