
Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk bederatzigarren puntua eskuratu dute Binakako Txapelketan, Larrazabal eta Mariezkurrena Lizarran 22-19 menderatuta. Lehendik ere zalantza askorik ez bazegoen, garaipen honekin Laso eta Albisu finalerdietako ligaxkara sailkatuta daudela esan daiteke.
Aurreko asteetan erakutsitakoaren bidetik, Laso eta Albisu oso sendo aritu dira hasieratik amaierara. Atzelaria gai izan da Mariezkurrenaren joari eusteko, eta aurrelariak sekulako tantoak egin ditu. Larrazabal eta Mariezkurrena ere maila onean ikusi ditugu, baina gora-behera gehiagorekin. Hasiera eta amaiera oso indartsua izan dute, baina neurketa erdialdean izan duten txakalaldia oso garesti ordaindu dute.
Gorriek galdutako bi pilotari esker 0-2 aurreratu dira urdinak, baina berehala aldatu dute egoera ligaxkako liderrek. Unai Lasoren lau erremate ikusgarrirekin 5-2 irauli dute markagailua, eta hortik aurrera beti aurretik izan dira gorriak.
Nahiz eta Larrazabalek sinatutako bi gantxo bikainekin 5-4 jarri den partida, gorrien partzial batek alde oso handia ireki du markagailuan: 11-4. Mariezkurrenak dezente sufritu du tarte horretan aurkarien pilotarekin, eta Lasok bikain baliatu ditu bere aukerak pilotalekua bete duten zaleei ikuskizuna eskeintzeko.
Pilota aldatutakoan, ordea, jokoa ere nabarmen aldatu da. Urdinen pilotarekin Mariezkurrenak askoz gehiago agindu du atzeko koadroetan, eta horrek Larrazabali ere beste aukera batzuk eman dizkio. Bolada ederra harrapatu dute, eta tanto ikusgarri askorekin, 12-11 hurbildu dira markagailuan.
Baina neurketa berdintzeko aukerak ihes egin die. Larrazabali ezker airez egindako errematea txapara joan zaio. Sakea aurkarientzat, pilota aldaketa, eta kirolean idatzi gabeko araua: aurretik jartzea ez bada lortzen, gero zaila da dema berriz iraultzea.
Horrelaxe gertatu da. Laso eta Albisuk beste partzial bat sinatu dute eta 19-11ra joan dira azkar samar. Urdinei norgehiagoka parekatzea asko kosta zaien bitartean, gorriek errazegi lortu dute aldeak berriz ere irekitzea. Lasok tanto on batzuk egin ditu, baina aurkarien opariek ere izan dute zer ikusia takada horretan.
Bazirudien partida apurtuta zegoela erabat, baina urdinek ez dute amore eman. Berriz ere gustoko pilotarekin sekulako tantoak jokatu dituzte. Larrazabalek sekulako erremateak sinatu ditu aurrean, pilotari bereziek bakarrik egiten dituzten horietakoak, eta Mariezkurrenak atzean pilotakada ikaragarriak sartu ditu. Hori bakarrik ez, aurrean bihurritu duen pilota bati esker 20-19 gerturatu dira.
Dema pil-pilean zegoen, eta izar handiak agertzen diren une bero horretan, Unai Laso agertu da, zabal-zabaletik horma-biko ikusgarri batekin 21garrena egiteko. Partidako azkena Larrazabali behera joan zaion pilota batek ekarri du, liderrak are liderrago utziz.
«Oso gogorra izan da. Uste dut laurok oso ongi jokatu dugula eta hori zaila izaten da. Ongi hasi gara, baina asko gerturatu zaizkigu eta kosta egin zaigu amaitzea», adierazi du Unai Lasok amaieran.
Jaka eta Iztueta garaile Markinan
Txapelketako beste partida bat ere jokatu da Markinako Uni pilotalekuan. Bertan, Erik Jakak eta Martxel Iztuetak 22-15 menderatu dituzte Jon Ander Peña –Iñaki Artolaren ordezko lanetan– eta Ander Imaz. Lizarran gertatu bezalaxe, gora-behera handiak izan dira markagailuan: Jaka eta Iztueta 8-0 aurreratu dira; Peña II.a eta Imaz 12-14 eta 14-15 aurretik izan dira gero; eta azken txanpan gorriek beren aldera erabaki dute norgehiagoka.
Laukotean bolada desberdinak izan dituzte protagonistek, baina esan daiteke bigarren erdian Erik Jaka izan dela bere erremate biziekin partida erabaki duena. Bi bikoteak berdinduta zeuden lau punturekin eta garaipenak sekulako garrantzia dauka, ligaxkako azken bi postuetatik irtetzeko borroka horretan.

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

