
Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean aurkeztu da igande goiz honetan 2026ko Arabako Bertsolari Txapelketa. Bertsozale Elkarteko Egoitz Iradier eta Uxue Diaz de Cerio izan dira xehetasunak ematearen arduradunak eta, zehaztu dutenez, txapelketako lehen saioa otsailaren 7an jokatuko da, Oiongo Bazterra aretoan, eta martxoaren 28an bukatuko da, Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Almudena Cid aretoan.
Lehen fasean hiru saio jokatuko dura, Oion, Laudio eta Izarran; ostean bi finalaurreko izango dira, Dulantzi eta Aramaion hartuko dituztenak, eta finala, esan bezala, Gasteizen jokatuko da.
Txapelketan 18 bertsolarik hartuko dute parte, 2024ko finalean kantatu eta izena eman duten lau finalistek gehi 2025eko udazkeneko sailkapen fasean saio bakoitzeko irabazleak eta puntuazioaren arabera sailkatu diren hamalauak: Aitor Ugarte Eriz, Andere Arriolabengoa Bengoa, Aroa Arrizuebieta Barredo, Asier Otamendi Alkorta, Danel Herrarte Nafarrate, Ekaitz Samaniego Curiel, Eli Zaldua Barquin, Felipe Zelaieta Txurruka, Hegoi Amabizka Gamiz, Iñaki Viñaspre Simon, Maddi Agirre Epelde, Manu Bendala Garcia-Donas, Martin Abarrategi Sarrionandia, Peru Abarrategi Sarrionandia, Rikardo Gonzalez de Durana Alzola, Sabin Abarrategi Sarrionandia, Unai Anda Delika eta Xabi Igoa Eriz. Guztiak arituko dira kantuan lehen fasean, hamabi sailkatuko dira finalaurrekoetara eta finalera sei iritsiko dira.
Elkartetik zehaztu dutenez, 2024ko finalista izan ziren Manex Agirre eta Paula Amilburuk ez dute parte hartzeko izenik eman, eta 2024an parte hartu ez zuten lau bertsolari daude aurtengo edizioan: Andere Arriolabengoa, Hegoi Amabizka, Manu Bendala Garcia-Donas eta Sabin Abarrategi. Hegoi eta Sabinek sailkapen fasean parte hartu zuten 2024an lehen aldiz eta aurten sailkatu dira lehenengoz Arabako Bertsolari Txapelketara.
Aroa Arrizubieta izan zen 2024ko txapelduna eta Manex Agirre bigarrena.
Bertsolaririk gazteenak Hegoi Amabizka da, 20 urterekin: 2024ko Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapelduna da eta 2024an Imanol Lizardi Bertsolari Gazteen Sariketa irabazi zuen. Zaharrena, aldiz, Rikardo Gonzalez de Durana da. 67 urteko oreitiarra Gasteizko bertso-eskolako sortzaileetariko bat, 1982an, eta 1992 eta 1995ean Prudentzio Deuna sariketako irabazle izan zen.
Txapelketan Arabako bederatzi epaile arituko dira, hamaika gai jartzailek taldean gaiak sortuko dituzte eta euretako bost izango dira saioak eta finala aurkeztuko dutenak.
Aurkezpenean gogora ekarri dutenez, 1982an jokatu zen lehen Arabako Bertsolari Txapelketa, orain 42 urte, Aiaraldeko eta Gasteizko bertso eskolak sortu zirenean hain zuzen ere. Urteotan Arabako bertsogintzak egin duen bidea nabarmendu dute aurkezpenean, izan ere, gaur egun, «herrialde osoan lantzen da bertsolaritza ikastetxez ikastetxe, hainbat herritan bertso-eskolak daude, eta bertsolaritzaren lanketa, sustapena eta transmisioa eskualde guztietara zabaldu da», ospatu dute.
2026ko txapelketan ere bide beretik «elkarrekin eraikitzen» jarraitu nahi dela nabarmendu dute, txapelketaren helburu baitira, besteak beste, bertsolaritzaren erakuslehio izatea,bertsolarien autosuperazio grina sustatzea eta ekosistema kulturala indartzea.
Arabako txapelketarako sarrera www.bertsosarrerak.eus webgunean jarriko dira eskuragarri urtarrilaren 22tik aurrera, eta jarraipena era ezberdinetan egin daiteke: Arabako Bertsozale Elkartearen web gunean, www.bertsoa.eus-en eta sare sozialetan.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

Euskal musikaren sektoreak kezkaz begiratzen dio makrokontzertuen gorakadari

Científicos que trabajan en Groenlandia alertan del riesgo de una apropiación de Estados Unidos

«Rotundo rechazo» de EH Bildu, Elkarrekin y PSE a la presencia de Desokupacyl en Zornotza
