Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Makaluko neguko igoera arrakastatsua ilun amaitu da

Joan den urtarrilaren 15ean, Sanu, Phurba Ongel eta Lakpa Rinji Xerpek eta Abofalz Gozali irandarrak tontorra erdietsi zuten. Jaitsieran, berriz, laugarren kanpalekuaren ingurumarian Phurba Ongel zendu zen ezbehar baten ondorioz, eta Gozali desagertutzat jo da.

Gozalik eta Sanu Xerpak Makaluko igoera lortu dute; jaitsieran, Gozali desagertu egin da.
Gozalik eta Sanu Xerpak Makaluko igoera lortu dute; jaitsieran, Gozali desagertu egin da. (Makalu Adventure)

Zortzimilakoen neguko denboraldia oso urria izan da. Simone Morok, adibidez, asmoa zuen Manaslun (8.163 m) jarduteko Nima Rinjirekin batera, baina osasun arazo batek alpinista italiarra espedizioa bertan behera uztera behartu zuen.

Bigarren zortzimilako batek, berriz, bisita izan du: Makaluk (8.485 m). Makalu Adventure agentzia izan da antolatzailea, eta emaitzaren aldetik bi aurpegi erakutsi ditu: arrakastatsua eta iluna. Urtarrilaren 15ean, agentzia horren hiru langilek eta bezero batek tontorra erdietsi zuten. Sanu, Phurba Ongel eta Lakpa Rinji Xerpak eta Abolfalz Gozali irandarra izan ziren protagonistak.

Arrakasta hori lortu eta gero, jaitsierari ekin zioten. Laugarren kanpalekuaren (7.500 m) inguruan Phurba Ongelek istripua izan zuen eta han bertan zendu zen. Gozali irandarra, berriz, desagertu egin zen. Diogun bezala, arrakastak amaiera iluna izan du.

Espedizio horri dagokionez, aurreratu behar dugu Sanu Xerpak eta beste bost mendiko langilek ardura hartu zutela Gozali eta Piyali Basak indiarra (biak ala biak bezeroak) Makaluko gailurrera gidatzeko. Antza denez, hirugarren kanpalekuan zirela iragarri zieten eguraldia aldatu eta luzatuko zela. Jaitsi ordez, aurrera jarraitu eta lau mendizale zortzimilakoaren puntu garaienera heldu ziren. Gozali irandarrak oxigeno gehigarria erabili zuen; mendiko langileen inguruan, ordea, ez dute zehaztasunik eman. Bestalde, Basak indiarra ondoezik zegoen, eta hirugarren kanpalekutik nagusira jaitsi zen. Agentziak dio osorik iritsi zela.

Ezbeharra

Aipatu dugun bezala, gertakari ilun hori laugarren kanpalekuaren inguruan izan zen. Berriemaile batzuek diote Phurba Ongelek erorikoa izan zuela eta han bertan zendu zela. Gozaliren inguruan ez dago berri zehatzik; esan duten bakarra da ezbeharra gertatu zen ingurumarian desagertu zela. Istripua gertatu eta bi egunera, hilaren 17an, Makalu Adventure agentziak hainbat langile bidali zituen desagertuaren bila. Laugarren kanpalekua iristeko asmoa zuten, baina haizeteek eta muturreko hotzak hirugarrenean geratzea behartu zituzten. Agentziak berak gehitu du eguraldia lasaitzen denean berriro irandarraren bila joango direla. Baina kontuan hartu behar da hainbat gau 7.000 metroko kotan egin dituela, eta itxaropen gutxi dagoela bizirik aurkitzeko.

Sanu, Phurba Ongel eta Lakpa Rinji Xerpen eta Gozali irandarraren Makaluko neguko igoerei soilik beste bi gehitu behar zaizkie: Simone Mororena eta Denis Urubkorena. Bi alpinista horiek 2009ko otsailaren 9an lortu zuten arrakasta hori.