Hari ikusezin batek batzen ditu Donostiako Danborradako partaideak. Hala azaldu digu Intxaurrondoko Haur Danborradako Marian Martinek. Hari hori urte osoan sentitzen dutela erran digu, gainera, aurten danbor nagusia eta pertsonaiak gorpuzteko ohorea izan duen konpainiako kideak. «Elkartasun hori bizi dugu egunerokoan».
«Oso harro» daude auzoaz, eta aldarrikapen bat egiteko baliatu dute Haur Danborradaren hasiera. Haurrik gabe ez dagoela danborradarik eta auzorik gabe ez dagoela Donostian mugimendurik nabarmendu dute eguerdian udaletxeko balkoitik. «Balioak eta errespetua lantzen dituen auzoak badaude, festa honek zentzua izango du», adierazi du Valentina Errante Santos alkateak. Ondoan zituen Odei Albarca Lopetegi notarioa, Jon Saizar Viles jenerala eta Ane Martin Lopez laguntzailea. Danbor nagusia, Argoitz Echezortu San Jose izan da.
1965. urtetik atera da Intxaurrondoko Haur Danborrada eta familia pila bat pasatu da bertatik. Gaurko pertsonaia batzuen gurasoak ere bertan ateratakoak dira. 80 kide inguru izaten dira normalean, baina aurten gehixeago izan dira: 101.
4.630 haur
4.630 haur atera dira guztira Haur Danborradan, eguzki bete eta goxo batek lagunduta, 45 konpainiatan. Alderdi Ederreko lorategien ingurua jendez lepo zegoen hamabiak jo baino puskaz lehenagotik. Guraso, aiton-amona, haur txiki eta herritarrak leku on bat hartu nahian, dena ikusteko. Hesiz inguratuta zeuden buztanean trentzak zituzten zaldiak. Haurrak haien gainean paseatzen ari ziren, animaliak soinura ohitu zitezen.
4.630 haur, 45 konpainia eta 38 ikastetxe #DonostiakoHaurDanborradan, Argoitz Echezortu danbor nagusi dela pic.twitter.com/CQH4x7ghh0
— Maider Iantzi Goienetxe (@gara_miantzi) January 20, 2026
Banan-banan iristen ziren konpainiak, bakoitza bere izena oihukatuz makilak astintzearekin batera. Berez ederra den udaletxe ingurua are politago ageri zen, bandera eta lore txuri-urdinez eta ikurriñaz apaindua.
Hamabiak bost gutxian ikastetxeen izenak erraten hasi da aurkezlea, eta Intxaurrondoko Danborradako kideen mezua aditu eta gero («Gora Donostiako Danborrada! Gora Intxaurrondo! Gora Donostia!» oihuarekin bukatu dena), San Sebastian Martxa jo dute.
Makilatxo bat eskuan gora eta behera zerabilen umetxo baten ondoan, espaloian jarrita, ederki ikusi ditugu gastadoreak, banderadunak, kantinerak, danborrak eta barrilak, Raimundo Sarriegiren musikaren erritmora pasatzen. Emozioen koktel bat ziren txikien aurpegiak: ilusioa, urduritasuna, harrotasuna... Baita begira zeudenenak ere. Izugarri gozatu dute guztiek.
22.736 heldu
Hala joan dira danbor doinuak kalez kale josten, bai haurrenak eta bai helduenak: Amara, Loiola, Altza, Intxaurrondo, Morlans... Parte Zaharrean barneratu gara gu eta han elkartu gara Amaikak Bat konpainiako Anarekin. «Emozio ikaragarria» sentitzen duela adierazi digu. «Donostiarra naiz eta konpainia batean atera arte ez dut hau bizitu. Ezin da azaldu. Mundu guztia biltzen du egun eder bat pasatzeko, beti alai. Denok jota gauden garaiotan, hauxe da daukaguna».
2019an atera zen lehendabizikoz, pandemia aurretik, kasualitatez, ordura arteko kantinera haurdun gelditu eta bere ordez ateratzea eskaini baitzioten. «Baiezkoa eman nuen, eta erabakirik onena izan zen. Santa Maria, Konstituzio plaza, Sarriegi plaza, Trinitate plaza... Toki enblematikoetan desfilatzen dugu, eta ‘Bagera’ jotzen dugunean oilo-ipurdia jartzen zait. Jada nire gurasoak ez daude, umeak kanpoan bizi dira, eta hunkitu egiten naiz», kontatu digu negar malkotan. Gu ere jaira gonbidatu gaitu, eta bertako zein kanpoko, denentzako festa dela azpimarratu du.

2.736 lagun eta 167 elkarte atera dira Helduen Danborradan. Bi urteurren borobil ari dira ospatzen. 150 urte dira Union Artesanak lehen danborra antolatu zuenetik eta 100 urte Konstituzio Plazatik egindako lehen bandera igotzetik.
Urrezko Danborra
Udaletxe barruko emozioak ere intentsoak izan dira. Xabier Anduaga Martinez opera eta zarzuela tenore donostirrak hunkituta jaso du Jon Insausti Maiesterrena alkate berriak eman dion Urrezko Danborra. «Donostia ez da jaio nintzen lekua bakarrik, munduari begiratzeko ikasi nuen modua da. Gauza garrantzitsuak mantso, zaratarik gabe, irmo eta xume eraikitzen direla ulertarazi dit», erran du.
Alkateak nabarmendu du «opera abeslari bat baino askoz gehiago» aitortu eta saritu dutela: «Testuingurua eta ohiturak ezagutzen dituen pertsona bat. Kultura».
«Xabier, ezin hobeto islatzen duzu hiriaren taupada indartsu eta berritzailea», adierazi dio omenduari. «Donostiarren erreferente gazteen ordezkari gorena zara. Baita ispilua ere». Egun seinalatu honetan, donostiar guztien izenean, zera erregutu dio: «Ez ezazula sekula Donostiarekiko erakutsi duzun maitasuna galdu».

Anduagak pozik hartu du kultura eta honek batzeko duen ahalmena saritzea. Agertu duenez, astelehen gauerdian banderaren igotzean Donostiako Orfeoiarekin San Sebastian Martxa kantatu zuenean bizitu zuenak «musikaren eta tradizioen boterea» islatzen du eta ez du inoiz atzenduko.
Gazteei ere zuzendu zaie, eta beren aurrean ikasten jarraitzeko konpromisoa hartu du, «beren ondoan egoteko eta hiri honetan ametsak jaio daitezkeela sentitzeko. Bada etorkizuna, konfiantza dut zuengan», erran du.
Gauerdira arte jarraituko du festak. Ongi ospatu eta jarrai dezatela bihotzek danbor doinuen alaitasunez punpaka!

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El obispo de Gasteiz sobre las víctimas del 3 de Marzo: «Hay tensión, son de cáscara amarga»

Herri Norte rechaza las agresiones sexuales e instituciones piden que se aclaren los hechos

La "Y vasca" acumula 2.200 millones de sobrecostes y 20 años de retraso












