NAIZ

PSEk eta EAJk EH Bildurekin adostu dituzte Gasteizko Udaleko 2026ko aurrekontuak

Hirugarren urtez jarraian, EH Bilduk Gasteizko Udaleko aurrekontuak aurrera ateratzeko ituna egin du PSEk eta EAJk osatutako udal gobernuarekin. 8.250.000 euroko akordioa da eta pozarren agertu dira bai Rocio Vitero EH Bilduren eleduna eta baita Maider Etxebarria alkatea ere.

Iazko urtarrileko osoko bilkura, 2025eko aurrekontuak onartu zituztenekoa. Orduan ere ituna egin zuten hiru alderdiek.
Iazko urtarrileko osoko bilkura, 2025eko aurrekontuak onartu zituztenekoa. Orduan ere ituna egin zuten hiru alderdiek. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

2026rako aurrekontu akordioa lortu du EH Bilduk Gasteizko udal gobernu taldearekin, hots, PSE eta EAJrekin. 8.250.000 euroko akordioa da, politika publikoak eta, ondorioz, Gasteizen bizi direnen bizi-kalitatea hobetuko dituena, koalizio subiranistaren arabera. Hirugarren urtea da, jarraian, akordioa lortzen dutena. EH Bilduk azaldu du «legegintzaldi osoan defendatzen dituzten ardatz nagusietan» oinarritzen dela ituna, hala nola, babes sozialean, etxebizitza politika propioan, tokiko ekonomiaren sustapenean eta trantsizio ekosozialean.

Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak ziurtatu duenez, «lortutako akordioak zerbitzu publikoak indartzeko eta jendearen bizi-kalitatea hobetzeko» balioko du. Gainera, akordio honek «aurreko urteetan martxan jarritako ibilbidea sendotu eta zabaltzen duela» azpimarratu du eledunak, eta «garatutako lehentasunetan sakontzen» duela: «babes soziala handitzea, etxebizitza eskuratzeko aukera hobetzea, tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea, eta jasangarritasunean aurrera egitea trantsizio ekosozial baten bidez».

Maider Etxebarria alkatea pozarren agertu da akordioarekin, iritzita hiriak aurrera egin dezan balioko duela: «Oso aurrekontu garrantzitsua da, inoizko altuena, 507,5 milioi eurokoa baita, iaz baino % 6,49 gehiago».

Inoizko aurrekontu handiena

Hiru alderdiek lortutako akordioa bost jarduera-arlo handitan banatuta dago: Gizarte-babesa eta adinekoena (1.535.000 €), etxebizitzarena (1.300.000 €), sustapen ekonomikoarena eta enpleguarena (2.045.000 €), trantsizio ekosozial eta energetikoarena (1.815.000 €) eta hiri bizi eta bizigarriarena (1.555.000 €).

Babes sozialaren eta adinekoen blokeak EH Bilduk auzoetan etxebizitza komunitarioak sortzeko aurreko akordioetan hasitako bidean sakontzea eta harrera-zerbitzua bultzatzen jarraitzea aurreikusten duela azaldu du koalizio subiranistak. Gainera, etxegabetzeak prebenitzeko bulego bat sortuko du. Era berean, etxebizitzaren blokean sartzen dira E21eko eta Udalaren etxebizitzen parkea birgaitzea eta Gasteizko etxebizitza hutsen egoerari buruzko azterlan bat egitea.

Ekonomiaren sustapenari eta enpleguari dagokienez, EH Bildurentzat azpimarratzekoak dira Merkataritza Txandakatzeko, Zabaltzeko eta Dibertsifikatzeko Plan bat egiteko proposamenak. Trantsizio ekosozial eta energetikoaren blokeak ekimen berritzaileak biltzen dituela ere nabarmendu du udal taldeak, hala nola, gasolio-galdarak eredu iraunkorragoetara aldatzeko proiektu pilotu bat edo Larragorri parkean Eraztun Berdea ixteko laguntza teknikoa.

Azken blokean, hau da, hiri biziago bat sustatzera bideratutakoan, ekimen «berritzaileak» nabarmendu ditu EH Bilduk, hala nola, hirian zehar komun publiko gehiago jartzea, Ariznabarra auzoan aparkaleku bat sortzea auzotarren eskariari erantzuteko eta eskolaz kanpoko jarduerak sustatzea zaurgarritasun-maila handiagoa duten ikastetxeetan. Arlo honetan, EH Bilduk ‘Gamarra Errugbiaren Hiria’ deitu duena ere sartzen da, Gaztedi taldearen eskaerei erantzunez.

Proposamen multzo honetan nabarmentzen da, gainera, EH Bilduk jarraipena ematen diela aurreko ekitaldietan sartu zituen ekimenei, hala nola, Gasteiz Euskararen Hiria, Gazte Plaza edo 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurreneko ekitaldien prestaketari.