«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
Gontzal Mendibilek (Zeanuri, 1956) igandean beteko ditu 70 urte, baina, aurretik, musikagintzan emandako 50 urteak –22 disko, zazpi ikuskizun musikal...– ospatuko ditu Bilboko Arriaga antzokian, kontzertu-omenaldi batekin. Gaur du jarrita hitzordua, 19.00etan hasita.

50. urteurrena ospatuko duzu, baina ez dakit noiztik zenbatu duzun, zeren zuk hasiera asko izan dituzu, ezta?
Sei urteekin, tiple gazteena nintzen nire herriko abesbatzan. Beti gustukoa izan dut kantatzea. Guri eskolan behartzen gintuzten ‘Cara al Sol’ kantatzera eta nik Gorbeia neukan aurrez aurre, eta kantua gustukoa duen ume batentzat, ba ‘ze polita, gainera eskuak gora!’ [barreak]. Gero enteratzen zara zertaz ari zaren. Nik esaten ohi dut Francok kantari bihurtu ninduela.
Galdetzen nizun datarena, zeren suposatzen dut lehenengo diskoarena izango dela, ‘Zaurietatik dario’ (IZ, 1975) Xabier Castillo Miota ‘Xeberri’ -rekin (Durango, 1948- Berriz, 2021) atera zenuen disko ikonikoa. Durangoko Jesuitetan ikasle zinenean ezagutu zenuten elkar?
Ez, beranduago. 1974an, Abra saria irabazi nuen eta aurreko urtean, 1973an, irabazia zuen Xeberrik. Horrek ematen zizun aukera disko bat egiteko. Gipuzkoan bazegoen Ez Dok Amairu sortua, baina Bizkaian, Oskorritik aparte, apenas zegoen ezer. Kantari batzuek geneukan asmoa holako zerbait egiteko, baina azkenean gure gidari izan behar zuenak, Sebas Angoitiak, Iparraldera joan behar izan zuen [irribarre bihurria].
Garai mugituak, frankismoaren bukaeran.
1974an, nire lehenengo kantaldia egin nuen, Bilbon, Santiago Apostol ikastetxean zegoen zineman. Nik 18-19 urte nituen. Han zeuden Mikel Laboa, Xabier Lete eta Lourdes Iriondo. Niretzat erreferenteak ziren. Gero Otxandion ezagutu nuen Bittor Kapanaga, santamañetan, eta han hasi nintzen bakarrik. Lourdes Iriondorekin bi edo hiru kantaldi eman nituen eta han ezagutu nuen Xeberri. Halere ni Xeberrirekin egon nintzen 1975ean eta 1976an, irailera arte.
«Askotan dugu euskaldunok horrelako ezkortasun bat. Badakit beti zailtasunak egongo direla, baina zailtasunetik gatoz»
Bada oso lotuta daude zuen izenak, nahiz eta disko bakarra atera. ‘Kapitalismoak’ eta beste kanta guztiak buruz dakizkit nik.
Madrilen grabatu genuen eta uste dut IZren lehen edo bigarren diskoa zela. Franco bizi zen oraindik.
Gazteak ez dira jabetzen, baina garai hartan sekulako mugimendu kulturala zegoen, baita zentsura, debekuak eta abar ere.
Guk Gobernu Zibilera eraman genituen kantuak. Etxean ditut oraindik aginduak gordeta: Denegado. ‘Joven, que sueña con la libertad’... katapun! Gaur egun normaltzat hartzen direnak: ‘Hay muchas formas de amar el pueblo’. Katapun!
Eta ikustea gaur jende gazte asko dagoela horretara itzultzeko nahian… Kabenzotz!
Anekdota asko ditugu, ikurrina legeztatu gabe zegoelako. Galeuzka batean, esaterako, ez da ikurrinik ageri. Eta askotan kontatu dut, Benitorekin [Lertxundi] behin Xeberri eta biok geunden, Bakion, 1975ean. Frontoia bete-beteta zegoen, eta gu ‘Kapitalismoak’ kantatzen, eta bat ausartu zen ikurrina jartzera. Hara non datorren Guardia Zibileko Hidalgo konpainia, 14 jeepekin!
Jendeak arrapaladan egin zuen alde eta frontoia hutsik gelditu zen. Benitok bigarren kanta kantatu behar zuen: ‘Venga rubito, ven para acá, haz el favor de bajar ese trapo de mierda’. Benitok ezetz erantzun zion, berak ez zuela jarri eta. Baina belarritik helduta, metrailetaz inguratuta, kendu egin behar izan zuen. Holakoak bizi genituen. Gero, Bai Euskarari egin zenean ere, bonba abisua egon zen, baina inor ez zen atera…
Zergatik ez zenuten elkarrekin jarraitu? Haserretu al zineten?
Ez. Niri sortzea gustatzen zait, eta ikusten genuen kantaldi piloa genituela: 200 bat kantaldi, esajerazioa. Gogoratzen dut hiru kantaldi egin genituela egun batean: goizean Aretan, arratsaldean Donostiako kaian eta gauean, Pasaian. Beti gauza bera, beti kantu berak, errepikatu eta errepikatu. Ez duzu astirik sortzeko gauza berririk. Eta esan genuen: ‘Gureak egin du’. Uste dut ona dela, topean zeudenean, amaitzea. ç
Diskoak sekulako arrakasta izan zuen. Guk euskaraz kantatu genuen Sevillan, 1.000-2.000 pertsonaren aurrean. Salamancan, Burgosen, Madrilen, Bartzelonan eta Zaragozan ere bai. Zabalkunde bat zegoen, nahiz eta politika oraindik ukatua zen, baina euskal kantariok eta Estatuko kantariek egiten genuen interkulturalitate baten modukoa. Oso polita zen. Gero etorri zen ‘La sagrada Constitución’, eta akabo.

‘Rara avis’ bat izan zara zure bakarkako ibilbidean, beti poesiari lotuta. ‘Bardo’ ere deitu dizute askotan, ez dakit gustukoa duzun...
Hori da Iparragirre gustukoa nuelako. 1984an, AEK-k egin zuen lehenengo kanpaldian, Urkiolan, nik kristoren musikoak nituen atzean, Frank Sinatra bezala jantzita nengoen [1983an grabatu zuen ‘Hasperen itun’ diskoari buruz ari da, bere lanik esperimentalena kontsideratzen duena], baina jendeak: «Ostia, hau zuriz jantzita eta arraro». Gaur normaltzat hartzen da, baina orain 42 urte ez, eta esan nuen: «Banoa».
Joan nintzen Kubatik Nikaraguara, han hilabete bat egin, eta gero motxila hartu eta Costa Rica, Panama, Kolonbia eta Amazonas guztiak egin nituen bakar-bakarrik 6.000 eta piko kilometro... Esperientzia bat izan zen. Handik etorri nintzenean Uribarri euskaltegian jardun nintzen irakasle sei bat urtez, bazkide nintzen orduan. Eta 1990ean-edo, une batean esan nuen: edo dedikatzen naiz musikara edo, bestela, erdipurdi.
«Nik daukat kantu bat: ‘Ez duzu ahaztu behar / nor zaren nondik zatozen. / Ez duzu ahaztu behar / norantza zoazen’. Zuk egingo duzu zure ibilbidea, baina ez modan dagoelako, modak aldakorrak direlako»
Nondik sortu zitzaizun ikuskizun musikalak egiteko grina? Hemen ez dago tradiziorik eta zuk zazpi egin dituzu.
Jaio zaren lekuak garrantzia dauka. Zeanurin egon da tradizioa teatroa egiteko, antzerki kostunbrista. Aitite ez nuen ezagutu, baina igandetan herriko antzerkia egiten zuen eta, hala, 1992an okurritu zitzaigun ‘Iparragirre’ musikala egitea, herri guztiarekin; 200 pertsona inguru oholtzan. Zeanurik 1.400 biztanle ditu eta bi egunetan 5.000 pertsona etorri ziren.
Ekarri genuen Guadalajaratik zezen plaza mobil bat eta landa batean, Gorbeia pean, ilargia zegoen, arrakasta handia izan zuen. Gero egin genuen Bilbon, Gasteizen, Belodromoan, Iruñean... hiri guztietara eraman genuen eta serio egindako nire lehen musikala izan zen.
Oholtzan, Pizkundea ekitaldian, Flako Fonkirekin ikusi zintudan kantatzen. Chill Mafiak bertsionatu zizun ‘Merezi ote’ (‘Egunen batean’, IZ 1988) kanta, zeren kanta batzuk imajinarioan gelditzeko gaitasuna dute, ‘Bagare’-rekin gertatu den legez. Nola bizi duzu hori?
Gauza polita da. Gaurko gazteak hartzea zure kantuak eta egokitzea ona da. Kanta batzuk geratu dira hor eta, azken batean, herrikoi izaera hartu dute. Batzuetan entzuten duzu: ‘Hori herrikoia da!’... Eta zer hoberik jendeak zure kantak kantatzea baino?
Mende erdi honetan, euskarari dagokionez, egin den bidea nola ikusten duzu?
Begiratu, ni baikorra naiz izatez edota beharrez ere, eta askotan badaukagu euskaldunok horrelako ezkortasun bat. Badakit beti zailtasunak egongo direla, baina zailtasunetik gatoz. Ni gogoratzen naiz hementxe bertan [Bilboko Areatzan], 18 urte nituenean, semaforo batean euskaraz entzuten zenuenean bueltatzen zenuela burua, arraroa egiten zitzaigulako.
Gaur hori ez da gertatzen. Gasteizen ez zen apenas euskara egiten eta, urrats gehiago egin behar dira, noski, baina egin dira pausoak eta horretan, batez ere Araban, egin da buelta. Bittor Kapanagak esaten zuen: ‘Araba salbatzen badugu, euskara salbatua dago’. Letek badauka poema bat ‘Gu ezaren semeak gara’. Badauzkagu motiboak baikor egoteko, baina, betikoa: hiri handietan euskara gutxi egiten da.
Izen pare bat botako dizkizut: Bittor Kapanaga idazle eta euskaltzalea (Otxandio, 1925-Gasteiz, 2011).
Bittorrengandik nik asko ikasi dut. Ezagutu nuenean nik 18 urte nituen, berak 48; niretzat gizon zaharra zen. ‘Nork egiten dizkizu zuri letrak?’, galdetu zidan. ‘Nik batzuk, beste batzuk handik, hortik’, nik. ‘Ni baserritar bat naiz, baina egingo dizkizut letrak’, berak.
Tipo kuriosoa zen, hori bai rara avis-a! Filosofoa zen, baina euskaltzalea eta euskararen kontuetan ikertzailea. ‘Dersu Uzala’ filma ezagutzen duzu? Bada hori zen Bittor. Esan zidan: ‘Ezagutu nahi duzu Gabriel Aresti?’. Lagun handiak ziren biak.
Arestik erakusten zizkion bere poemak Bittorri, Bittor oso analitikoa zen, eta Bittorrek: ‘Gabriel, oso gaitza da’. Eta hark: ‘Ona den guztia zaila da’. Bittorrek, bere baserritar sen horrekin: ‘Ona den guztia zaila da? Arrautza guztiak biribilak dira, baina biribila den guztia ez da arrautza’. Horrelako jokoa zuten beraien artean.
Bitoriano Gandiaga frailea eta poeta (Mendata, 1928- Arantzazu, 2001).
Askotan joaten nintzaion Arantzazura musika batekin eta letra eskatzen, eta horrela jartzen zen [ukabilak mahaian, eskuak belarrietan] eta ‘isildu!’. Barru-barrutik ateratzen zituen poemak.
‘Elorri’ liburua atera zuenean Arestik esan zuen ‘Bitoriano Gandiaga hori garaiz pasatuta dago’. Eta hain sentibera zen Bitoriano, non utzi egin zuen poesia.
Oteiza joan zenean Arantzazura bere apostoluak egitera, esan zuen: ‘Oso ongi idazten duen fraide bat omen dago hemen’. ‘Jada ez dut idazten’, berak. ‘Guk ez badugu idazten, nork egingo du bada? Demontre!’, Oteizak.

Oihu bat Palestinara jaialdia, martxoaren 21ean Durangon, «ondorio errepresiboei» aurre egiteko

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

