NAIZ

Hernaniko eta Astigarragako udalek txotx denboraldian herria zaintzeko eskatu diete bisitariei

Hernaniko eta Astigarragako udalek txotx denboraldiari begira kanpaina abiatu dute, bisitariei herritarrak eta herria bera errespetatu dezatela eskatzeko. Aurten ere eraso matxistei erantzuteko arreta telefoniko koordinatua eskainiko dute udalerriek.

Hernaniko eta Astigarragako alkateek kanpaina aurkeztu dute, Sagardogileen Elkarteko Olatz Mitxelenarekin batera.
Hernaniko eta Astigarragako alkateek kanpaina aurkeztu dute, Sagardogileen Elkarteko Olatz Mitxelenarekin batera. (HERNANIKO UDALA)

Hernaniko eta Astigarragako udalek txotx denboraldian bertaratzen diren bisitariei herrien zein herritarren zaintza haien gozamenaren erdigunean jartzeko eskatu diete, sasoia hastear den honetan. Jakitera eman dutenez, aurten ere eraso matxisten aurkako arreta telefoniko koordinatua eskainiko dute bi udalerriek.

Alkateak txotx garaiaren baitan abian jarri duten kanpainaren aurkezpen ekitaldian izan dira gaur. Hernaniko eta Astigarragako alkateei, Xabier Lertxundi eta Xabier Urdangarin, hurrenez hurren, Olatz Mitxelena Sagardogileen Elkarteko kidea ere batu zaie, elkartetik kanpainarekin bat egin dutela adierazteko.

Sagardoa Hernaniren eta Astigarragaren nortasunaren arlo garrantzitsua da, eta pisu ekonomiko eta kultural handia du herrietan. Txotx garaia horren guztiaren erakusleiho bat da, eta jendearentzat erakargarria den heinean, hori positiboa dela baloratu dute bi udalek. Baina, azken urteetan herrietara iristen den bisitari kopuru handiak hainbat eragin dituela ere azaldu dute, batzuk, ez hain positiboak. Hori dela eta, aurten ere bi udalek iazko kanpainari jarraipena eman nahi izan diete eta ‘Gure etxean zaude. Zaindu!’ leloari zabalkundea emango diotela jakinarazi dute.

Txotx denboraldian Hernani eta Astigarragan egun dagoen ereduaz aritu dira prentsaurrekoan udal ordezkariak. Azken urteotan izan den presentzia handiak era guztietako ondorioak ditu, izan ere, bizilagun asko larunbat arratsaldetan euren bizilekutik kanporatuak sentitzen dira, eta udalentzat ere eragin ekonomiko handia suposatzen duela jakinarazi dute. «Arlo askotan partida garrantzitsuak gehitu behar dizkiogu gure ohiko aurrekontuari, zerbitzuak indartu ahal izateko, besteak beste, garbitasunean, segurtasunean eta garraioan», adierazi dute alkateek.

Eredua aldatzearen beharra azpimarratu dute alkateek, eta horrekin batera, mezu zuzena bidali diote bisitariei: «Bisitariak gure herrietan ongietorriak dira, baina herria eta herritarrak zaintzea eta errespetuzko jarrerak izatea ezinbestekoa da guretzat».

Kanpainaren aurtengo berrikuntza nagusia spot berria da. Bertan, Astigarraga eta Hernaniko hainbat kale eta gune ageri dira, lur mota ezberdinetan lanpasak kokatuta, eta mezua argia da: «Gure herriak eta bertan daudenak zaindu».

Ideia hori azpimarratuta «ez dugu onartuko jarrera matxistarik edo arrazistarik, ezta oro har herritarren bizikidetzaren aurkakoak direnik ere; eta horien aurkako protokoloak martxan izango ditugu», adierazi zuten alkateek. Horretarako, aurreko urteetan egin bezala, aurten ere herriek telefono bidezko arreta koordinatua izango dute sexu-erasoen aurka, eta, Astigarragaren kasuan, sexu-erasoen aurkako aurrez aurreko arreta ere eskainiko da ostiral eta larunbatetan. «Edozein eraso pairatu duenak jakin dezala gure lehenetasuna bera babestea eta laguntzea dela», gaineratu dute.