Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Kuadrillak prest dira papera eta kartoia biltzeko Arabako Aldundiak zerbitzua hobetzen ez badu

Arabako zenbait udalerrik eta kuadrillak gogor kritikatu dute papera eta kartoiaren bilketaren kudeaketa, foru Aldundiaren eskuetan dagoena. Zerbitzua hobetzen ez bada deszentralizazio prozesu bat abian jarriko dute eskumena berreskuratzeko. 

Alkateak Gasteizen egindako agerraldia.
Alkateak Gasteizen egindako agerraldia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Hainbat udalerri eta kuadrillatako ordezkariak, haien artean Laudio, Agurain eta Artziniegako alkateak, Gasteizen bildu dira, Foru Jauregiaren aurrean, Aldundiari eskatzeko beharrezko neurriak har ditzala papera eta kartoiaren bilketa hobetzeko. Bestela, deszentralizazio prozesu bat abian jarriko dute, kuadrillen eta udalen esku geratu dadin zerbitzua. 

Probintzia Plazan egindako agerraldian Erika Letamenti Donemillagako alkateak eta Joseba Koldo Garitagoitia Dulantziko alkateak gogoratu dutenez, papera eta kartoia biltzeko erabiltzen diren edukiontzien eskumena udalena da, baina 2004an hitzarmen bat sinatu zuten Aldundiarekin bere gain hartezeko zerbitzuaren ardura. 

«Eta ordutik hona hala izan da, Arabako foru Aldundiak kontratatzen du zerbitzu hori eta berari dagokio zerbitzua modu egokian betetzen dela ziurtatzeko ardura», adierazi dute. Horrekin batera, kritikatu dute bi urte direla zerbitzua «oso modu eskasean» garatzen ari dela eta «kalte handia» egiten ari zaiela. 

Egoera honen aurrean iazko udan Aldundiak erabaki zuen beste enpresa bati egitea kontratuaren lagapena. «Hala ere, enpresa berria sartu zenetik sei hilabete pasa diren honetan zerbitzuak nabarmen egin du okerrera», nabarmendu dute alkateek.

«Gainera, kontuan izan behar da zerbitzuekin izandako arazoek jarraitzen duten bitartean, udalek baliabide propioak erabiltzen dituztela edukiontziak garbitzeko eta lurrean uzten diren kartoiak jasotzeko. Bien bitartean, etengabean gure herritarren kexak jasotzen ari gara gure herrietan», gaineratu dute.

Astearte honetan alkate batzuk Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako foru diputatuarekin elkartu ziren, «korrika eta presaka» egindako bileran. Alkateen esanetan, Aldundiak ukatu egin zituen arazoak, eta kexak «oso puntualak diren aparteko arazoen ondorio direla» ziurtatu zuen. Eta datozen hilabeteetan zerbitzua hobetu egingo dela esan zien, edukiontzi eta biltzeko kamioi berriak iritsiko direlako. 

«Baina promesa horiek abuztuan ere egin zituzten eta sei hilabete pasa ostean ez dira bere. Zeintzuk dira Foru Aldundiak promesa hauek betetzeko jarriko dituen bermeak? Ez dakigu», azpimarratu dute.