Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Martxoaren 3ko sarraskia eta errepresioa «oroimen kolektiboaren erdigunean» jarriko du Ernaik

Ernai antolakundeak martxoaren 3ko Gasteizko sarraskiaren 50. urteurrenaren harira mobilizazio dinamika bat aurkeztu du. Helburua sarraskia eta errepresioa «oroimen kolektiboaren erdigunean» jartzea izango da, «egungo borrokak iraganekoen jarraipen zuzena» direlakoan.

Martxoaren 3aren sarraskiaren 50. urteurrenaren harira Ernaik egindako egunkaria.
Martxoaren 3aren sarraskiaren 50. urteurrenaren harira Ernaik egindako egunkaria. (Raul BOGAJO | FOKU)

Martxoaren 3an Gasteizen Polizia espainolak bost langile hil zituenetik 50 urte beteko dira aurten. Hori gogoan izateko eta sarraskia eta errepresioa «oroimen kolektiboaren erdigunean» jartzeko, Ernai antolakundeak hitzaldi sorta bat antolatu du Euskal Herriko herri eta auzoetan zehar. Gainera, lore eskaintza eta bazkari bat antolatu ditu urteurrenaren egunerako Gasteizen.

Hala azaldu dute Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak eta Ane Sautua antolakundeko kideak asteazken honetan Gasteizen egindako aurkezpenean. Zehazki ‘Ekinez egina, memoria eta borroka’ izeneko dinamika prestatu dute. Izenak berak helburuetako bat azaltzen du, «memoria eta borroka uztartzea», hain zuzen.

Sautuak adierazi duenez, «urteurren borobila betetzen den honetan garrantzi berezia hartu du borrokak». Gainera, bost hamarkada hauetan zehar «beste borroka asko» lotu zaizkie ordukoei: «Lan eta bizi baldintza duinen aldekoa, Estatuaren biktimen aitortza eta erreparazioaren aldekoa eta langile zein ikasle borrokak».

Bi gako azpimarratu dituzte. Batetik, Euskal Herriaren independentzia «ezinbestekoa» dela zapalkuntzarik gabeko herria eraikitzeko eta, bestetik, gazteek atzera begiratu eta herri honetan gertatutakoaren memoria ariketa bat egitearen beharra.

Amaiur Egurrolaren hitzetan, «gaur egungo borrokak iraganekoen jarraipen zuzena dira eta langile eta gazteok gara horren lekuko». Hori dela eta, «prekaritatearen, errepresioaren eta Euskal Herria ukatzen duen erregimenaren aurka borrokatzen jarraituko dugu». Izan ere, adierazi duenez, «omenaldirik onena borrokan jarraitzea da».

Hori adierazi eta islatzeko, ‘Ekinez’ izeneko egunkari-ale bat sortu du Ernaik. Egurrolak azaldu duenaren arabera, formatu hori aukeratu dute «memoriarako eta transmisioarako tresna ezinhobea delako». Bertan irakurri daitezke martxoaren 3ko sarraskiari lotutako albisteak nahiz horien inguruan gazte independentistek egiten duten irakurketa. «Iragana irakurri eta oraina berridazteko gakoak», alegia.