NAIZ

AEK-k 24. Korrikaren unitate didaktikoak plazaratu ditu, Euskal Herriko Ikastolekin elkarlanean

AEK-k Korrikaren unitate didaktikoak plazaratu ditu, Euskal Herriko Ikastolekin elkarlanean. Korrikaren webgunean daude eskuragarri, eta helburu dute euskararen erabileran eragitea eta euskal kultura transmititzea.

Nekane Artola, Ane Elordi, Aize Otaño, Maialen Otegi, Iñaki Zapirain eta Jon Alustiza.
Nekane Artola, Ane Elordi, Aize Otaño, Maialen Otegi, Iñaki Zapirain eta Jon Alustiza. (AEK)

AEK-k Korrikaren unitate didaktikoak aurteztu ditu ostegun honetan. Euskal Herriko Ikastolekin elkarlanean egin ditu, eta helburu dute euskararen erabileran eragitea eta euskal kultura transmititzea. Korrikaren webgunean daude eskuragarri, ikastola, eskola eta euskaltegietan zabaltzeko.

Ohar batean AEK-k azaldu duenez, bi motatakoak dira: batetik, ikastetxeetarako ikasmaterialak, adinaren arabera sailkatuta; eta bestetik euskaltegietarako atazak, AEKren Didaktika Sailak prestatuak, mailaka antolatuta datozenak, A1etik C1era. Azpimarratzekoa da materialetako bat berezia dela, izan ere diseinatuta dago entzumen arazoak zailtasunak izan ditzaketen pertsonek erabili ahal izateko.

«Unitateok hainbat berrikuntza dakartzate, betiko helburuak izan arren: euskararen aldeko jarrera zabaltzea, gure hizkuntzarekiko kontzientzia suspertu eta haren erabileran eragitea, euskal kultura transmititzea eta bertoko erreferente kulturalak ezagutaraztea; baita, nola ez, Korrika iragartzea ere», nabarmendu du AEK.

Iñaki Zapirain eta Jon Alustiza Orereta ikastolako irakasle eta ikastetxeetarako unitate didaktikoen egileek edizio honetako unitateen berrikuntzak nabarmendu dituzte. Alde batetik, Korrika Txokoa izeneko jarduerak: zirkulazio autonomoan aritzeko materiala da, ikasleek beren nahien eta erritmoen arabera. Beste batetik, Hurrengora Arte! jarduera aipatu dute, Korrika amaitu ondoren gauzatzekoa. Korrikan bizi izandako esperientziak partekatzea izango du helburu.

AEKren Didaktika Saileko kide Amaia Lopez de Luzuriagak adierazi du euskaltegietarako hiru materialeko sorta prestatu dutela: Badator 24. Korrika!, 24. Korrikaren ibilbidearen jolasa eta Korrika historian. Azken hori bereziki egokituta dago hezkuntza arruntean zailtasunak izan ditzaketen pertsonek erabili ahal izateko.