
Ezin hobeto joan zitzaion Realari Edna Imaderen barik jokatu zuen lehen partida. Sevilla irabazi eta, gainontzeko emaitzek lagunduta, hirugarren postua sendotu zuen, Txapeldunen Ligarako bidean urrats garrantzitsua emanez. Zubietan inork ez du txapelketa handia lehiatzeak sortzen duen ilusioa ezkutatzen, baina iazko esperientziak eta aurkariek «partidaz partida» famatuari eustera bultzatzen dute taldea. Are gehiago igandean, etxetik kanpo Ipuruan baino arriskutsuagoa izaten ari den Eibarrek bisitatuko baitu Zubieta. Horrela azpimarratu dute jokalariek Realak bere instalazioetan antolatutako Media Day delakoan.
«Pertsonalki ez zait gustatzen sailkapenari asko begiratzea», adierazi du Alazne Estensorok, gainontzeko taldekideen iritzia aurreratuz. «Nere helburua da astebukaeran hiru puntuak lortzea eta gero denboraldi amaieran ikusiko dugu nora heltzen garen», esan du. Ilusioa badagoela onartu du, «badakigu zer ari garen jokatzen eta beti daukazu hor bistan, baina asteko lanean fijatzen zara».
Emma Ramirezek ere nahiago du burua hotz mantentzea, barrukoetan zer edo zer nabaritzea ezinbestekoa dela onartu arren. «Sailkapena begiratzen dudan bakoitzean Txapeldunen Ligan sartzeko aukeran pentsatzen ez dudala esango banizu, gezurretan ibiliko nintzateke. Baina egunerokoan ez dugu horretaz hitzegiten. Astez aste goaz, partida bakoitzeko hiru puntuetan zentratuz», esan du. Iazko esperientziak horretara bultzatzen du ere, otsailean hirugarren postura heldu ondoren, bigarren itzuli kaxkarra egin baitzuten donostiarrek, askoz beherago amaitzeko. «Bigarren itzuli hori kolpe gogorra izan zan taldearentzat –esan du hegalekoak–, batez ere lehen itzulia hain ona izan ondoren. Burua aste bakoitzak duen exijentzian izan behar dugu, etorkizuna larregi aurreratu barik eta iraganean larregi pentsatu barik ere. Ez errepikatzea espero dugu eta benetan uste dut aurten, daukagun motibazioarekin, ez dela errepikatuko».
«Denboraldi bakoitzak zeozer erakusten dizu –gehitu du Aparik–. Nik behintzat gauzak lasaiago hartzen ditut orain. Urrats bat eman nahi genuen erregulartasunean, iaz ondo hasi baina gero irregularrak izan ginelako. Eta uste dut aurten lehen itzulia oso erregularra egin dugula eta horrela jarraitu nahi dugu». Amets egiteko tentazioa hor dago eta «beti dago komentarioa ‘irabazten badugu ez dakit zenbat puntura…’. Baina nik nahiago dut sailkapenari asko ez begiratu. Jakinda nolakoa naizen, nahiago dut garrantzi asko ez ematea, futbola badakigulako nolakoa den, gaur goian zaude eta bi aste barru behian egon zaitezke. Partidaz partida joan behar gara».
Berak ere «sailkapena inoiz ez begiratu» arren, «oso urduri jartzen naizelako», Klara Cahynovari ez zaio ahoa hozten Txapeldunen Ligari buruz hitz egitean. «Niri ez dit presiorik jartzen. Motibatzen nau, izan ere, astetik astera nahi dugun helburura gerturatzen ari baikara. Champions jokatu nahi dugu! Baina horretarako partida bakoitza jokatu eta asko, gehienak, irabazi behar dira, badaudelako beste talde batzuk ere sailkatu nahi direnak eta oraindik jardunaldi asko falta direlako. Puntu asko daude jokoan oraindik».
Pazientzia nahi eta nahiez
Hurrengo hirurak Eibarren kontra lehiatuko dituzte donostiarrek. Oso partida «berezia»… eta «oso zaila» ere bai. «Defentsiboki oso sendo egongo dira –aurreikusten du Aparik–. Pazientzia asko eduki beharko dugu, desgastatu eta pixkanaka generatzen joan».
Txanponaren alde biak dira talde gipuzkoarrak, armaginek baloi barik jokatzeko duten pazientzia, txuriurdinek etengabe erasotzeko baitaukate. «Horrela da, bai. Beraiek pazientzia asko daukate defentsiboki eta horrek asko zailtzen ditu gauzak. Gu oso ajustatuta egono behar gara, akatsik egin gabe, eurak horretaz bizi direlako, trantsizioetan oso onak dira. Eta aldi berean saiatu behar gara presio handia egiten, baloi asko edukitzen eta pazientzia asko edukitzen gola bilatzeko».
Emmak ere Realak «pazientzia handia izan beharko» duela uste du. «Eibar oso eroso sentitzen da baloi barik, defenditzen. Eta oso adi egon behar gara bere trantsizioekin. Oso garrantzitsua izango da bigarren jokaldiak irabaztea eta eurei ez uztea baloiarekin trantsitatzea, konfiantza galtzen joateko, eta baloia oso azkar mugitzea, eurak desgastatzeko. Pazientzia eduki behar dugu gola azkar ez badugu sartzen, Sevillan egin genuen bezala, bigarren zatian sartzen direnek ere balio dute eta».
Cahynovak argi dauka partida gogorra izango dala, Realaren garaipenarekin amaitzen bada ere. Lehen itzuliko derbia gogoratu du ildo honetan, azkenean 0-3 irabazi arren, taldea nahiko deseroso egon baitzen lehen orduan. «Irabazteko sufritu genuen baina denei pasatzen zaie, uste dut Bartzelona dela sufritu barik irabazi dien bakarra. Oso onak dira bere jokoa egiten eta batez ere oso garrantzitsua izango da golik ez jasotzea, sartzen dutenean oso ondo ixten baitira. Pazientzia eduki eta gure bertsio onena eman beharko dugu hiru puntuak lortzeko», esan du txekiarrak.

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

Euskal Estatuaren oinarriak jartzeari ekin dio Sortuk, egitekoa eta zuzendaritza eraberrituz

Más de 100.000 vascos han dejado por escrito cómo quieren que sea el final de sus vidas

