Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Gizakiaren eta naturaren arteko oreka hauskorra

THE LEGEND OF OCHI
AEB, 2025. 95’. Zuzen eta gidoia: Isaiah Saxon. Akt.: Helena Zengel, Finn Wolfhard, Emily Watson, Willem Dafoe. Musika: David Longstreth. Argazk.: Evan Prosofsky.

‘The Legend of Ochi’ filmeko protagonistak.
‘The Legend of Ochi’ filmeko protagonistak. ( A24)

Sitges-etik eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astetik igaro ostean, A24 ekoiztetxe ezagunaren zigilu bereizgarriarekin iritsiko da zinemetara ‘The Legend of Ochi’. 

Fantasia, abentura eta ipuin klasikoko elementuak uztartzen dituen Isaiah Saxonen debut zinematografikoa da. Transilvaniako paraje misteriotsuetan girotuta, istorioaren ardatza Yuri da, Ochi izeneko izaki fantastiko baten kumetxoa ustekabean aurkitzen duen gaztea. Jakin-minak eta errukiak bultzatuta, babestea eta bere habitat naturalera itzultzea erabakiko du. Fantasiaz jantzitako bidaia honek hazkunde pertsonalaren alegia bihurtuko du kontakizuna, gizakiaren eta naturaren arteko oreka hauskorra eta adiskidetasunaren benetako esanahia azaleratuz. 

Ume bakarti bat, izaki fantastiko baten aurkikuntza eta bien arteko harreman berezi eta magikoa. Akaso burura etorriko zaizkizu ‘Lilo & Stitch’  ‘Gremlins’ edo ‘E.T’. Oinarria antzekoa den arren, ‘The Legend of Ochi’ zertxobait desberdina da. 

Ia ipuin klasiko baten testura duen fantasia bat da, ukigarria, beroa eta magiaz zipriztindua. Iruditeria berezi horri lotuta, zuzendariak azaldu du: «Asko marrazten nuen haurtzaroan. Marrazten eta marrazten jarraitu nuen, eta unibertsitatera joan nintzenean ilustratzaile izango nintzela pentsatu nuen. Gero epifania moduko bat izan nuen, nire espezialitatea zinemara aldatu nuen, eta berehala konturatu nintzen nire marrazki eta eskultura guztiak filmetara eraman nitzakeela».