
Durangoko Landako guneak Oihu bat Palestinara jaialdia hartuko du martxoaren 21ean. Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta hainbat artistak modu autogestionatuan antolatu dute, palestinar erresistentziari babesa agertu asmoz. Era berean, jaialdiaren helburua da Palestinaren aldeko azken hilabeteetako protesten «ondorio errepresiboei» aurre egitea.
Sarrerak Euskal Herriko hainbat puntutan egongo dira salgai, fisikoki. Azaldu dutenez, datozen egunetan jakinaraziko dute zehazki non eskuratu ahal izango diren. Bi prezio izango dituzte, hots, 15 euroan zein 25 euroan salduko dituzte, norberak zenbateko ekarpena egin nahi edo ahal duen erabakitzeko aukera izan dezan.
Besteak beste, Anari, Chulería, joder!, Eire, La Furia, Hofe, Ibil Bedi, J Martina, Malakias, Olatz Salvador eta Mateo Zikuta igoko dira oholtzara. Horrez gain, bertsolariak, dantzak eta bakarrizketak ere izango dira, «egun osoko egitaraua», aurreratu dutenez.
Bilbon egin dute jaialdiaren aurkezpena, hain zuzen ere, Vuelta hiritik pasatu zenean istiluak jazo ziren tokian. Izan ere, ekimenaren xede nagusienetakoa da Palestinarekiko elkartasun mugimenduaren aurkako errepresioari aurre egitea. Prentsaurrekoan hitza hartu dute Cris Lizarraga eta Kattalin Barcena musikariek eta Iñigo Rodriguez plataformako kideak.
Lizarragak adierazi duenez, «palestinar erresistentziaren aldeko mezua zabaltzeko» baliatuko dute haien musika, «mezu hau isiltzen saiatzen ari diren une honetan». Rodriguezek deitoratu du Israel ez dela bake plana betetzen ari eta Palestinarenak diren lurrak okupatzen jarraitu duela.
«Elkartasun uholdea isilarazteko» saiakeren artean aipatu ditu Vueltako protestetan parte hartzeagatik auziperatutako 7 pertsonak, Zinemaldiko mobilizazioan atxilotutakoa eta greban jazarri zituzten manifestariak. Hori dela eta, azpimarratu du «sionismo konplizearen aurkako borrokak» jarraitu behar duela.
Barcenak jaialdira gerturatzeko deia egin du, «oihu ozena egin dezagun Euskal Herritik Gazara».

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza

EH Bildu pide a Insausti que «recule» en la publicación del origen de los detenidos

