NAIZ

Gipuzkoako egoitzen negoziazioan aurrerapausorik ez bada, ELAk parte-hartzea birplanteatuko du

ELAk ohar batean adierazi duenez, Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako negoziazio mahaian datorren astean aurrerapausorik ematen ez bada, sindikatuak bertan parte hartzen jarraituko duen ala ez erabakiko du. Mahaia duela urtebete eratu zela gogorarazi du.

Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako langileen mobilizazioa, ostiral honetan Donostian.
Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako langileen mobilizazioa, ostiral honetan Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako langileek osteguneko eta ostiraleko greba sektorialarekin bat egin dute eta ELA sindikatuak kontratu partzialekin eta soldata arrakalarekin amaitzea aldarrikatu du. Datorren astean negoziazio mahaian aurrerapausorik ez bada ematen, sindikatu honek bertan parte hartzen jarraituko duen ala ez erabakiko du.

Hala azaldu du ostiral honetan sindikatuak ohar batean. Gogorarazi duenez, negoziazio mahaia duela urtebete eratu eta bost bilera egin diren arren, Matia, Adegi eta Lares patronalek ez dute ELAren eskaerak kontuan hartuko dituen proposamenik egin.

Horrela, sindikatuaren arabera, langileen ia erdiek kontratu partzialak dituzte, etekinak handitzeko estrategiapean, eta azpikontratatutako emakumeen soldata arrakala 10.000 eurokoa da urtean. ELAk EAJ-PSEri eta Podemosi exijitu die berehala bete dezatela aurrekontuetan adostutako hitzarmen sektorial bat bultzatzeko konpromisoa, eta aukera hori balia dezatela zaintza sistemaren kalitatea hobetzeko eta genero diskriminazioarekin amaitzeko.

Bitartean, maiatzean hitzarmen «duin» baten alde hasitako greba egunek aurrera jarraitzen dute. Gainera, sei egoitza greba mugagabean daude azaroaren bukaeratik, 75 egun guztira. Larunbatean Ordiziako San Jose egoitzak bat egingo du greba mugagabearekin. Manifestazio eta mobilizazio ugari ere deitu ditu ELAk; Errenterian, Donostian, Zumaian, Zumarragan, Arrasaten, Ordizian, Legazpin eta Azkoitian, besteak beste. Ostiral honetan Donostian Gipuzkoa plazatik egin den mobilizazioan «dei argia» egin zaie patronalei eta Foru Aldundiari.