NAIZ

Baxoa euskaraz egin ahal izateko 2027ra arte itxaroteari uko egin dio Seaskak

1.500 pertsona inguru mobilizatu dira Baionan baxoa euskaraz egiteko eskubidea bermatzea eskatzeko. Frantziako Hezkuntza Ministerioari elkarrizketarako borondatea berretsi dio, baina euskararen kontrako politika ororen aurka «xutituko garela» argi utzi du Seaskak.

Seaskak deitutako mobilizazioa Baionan.
Seaskak deitutako mobilizazioa Baionan. ( Guillaume Fauveau )

'Baxoa euskaraz. Euskarari trabarik ez!' lelopean, mila pertsonatik gora bildu dira Baionan Seaskaren deialdiarekin bat eginez. 15.00etan abiatu da mobilizazioa Agosti Xaho kaiatik larunbat honetan, eta manifestariak suprefekturaraino joan dira. Baxoaren inguruko eskabideetan aurrerabiderik egin ez izana deitoratu dute bereziki.

«Egun kexu gara. Zinez, Kexu. Beste behin gure hizkuntza bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua baita. Ttipidanik eskolatze guzia euskaraz egin ondoren, Parisetik adierazten zaie, euskarak ez duela baliorik, euskara azpi hizkuntza dela frantsesaren ondoan. Baxoan, azterketa guziak, idatzi eta ahozkoak frantsesez egin beharko dituztela», adierazi du gaurko mobilizazioan Erik Etxartek Seaskaren izenean.

Izan ere, hilaren 12an Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietako diputatuak eta Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) Frantziako Hezkuntza ministroarekin, Edouard Geffrayrekin, bilkura egin zuten, azterketak —are zehatzago, baxoko berezitasun eta Ahozko Handiaren probak— euskaraz egiteko aukera hizpide zutela.

Hautetsiak eta EEP Parisetik baikor itzuli baldin baziren ere, Seaskak egoeraren larritasuna azpimarratu zuen. Nahiz eta Geffray hizkuntza gutxituak aintzat hartuko dituen baxo eredua martxan jartzeko prest azaldu, Ministerioak apirilean eginen du proposamen berria; hortaz, aldaketarik egotekotan 2027tik aitzina ezarriko lituzke. Seaskaren aburuz, egutegi hori onartezina da; are gehiago baxoari aurten Matematika aurreratuko proba berria gehituko zaiola jakinik.

«Zinez borondate ona baldin bada, aurtendanik Leheneko ikasleek matematikak euskaraz pasatzeko parada ukan behar dute, eta Terminaleko ikasleek Ahozko Handia. Ez da arazo teknikorik, ez da sos beharrik, borondate ona baizik ez da behar», esan du Etxartek.

Testuinguru honetan, euskararen kontrako politika ororen aurka «xutituko garela» argi utzi du Seaskak. «Euskarari ahalak mugatzea, azterketak frantsesez inposatzea, euskal kulturaren aldeko baliabideak murriztea, euskarazko hedabideei dirulaguntzak apaltzea, epaitegietan euskara debekatzea, politika Lenguizida da», azpimarratu du Etxartek.

Hala ere, Seaskak elkarrizketarako borondatea berretsi du: «Ministeritzan errezibituak izan gaitezen galdegiten dugu, sor daitezkeen aldaketak ez daitezen beti bezala hizkuntz gutiagotuen bizkar izan».