NAIZ

EAEko apartamentu turistikoek 276.500 sarrera izan dituzte 2025ean, 2024an baino %29,1 gehiago

Ia %30 hazi dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako apartemendu turistikoen sarrerak 2025ean aurreko urteko datuekin konparatuta, Eustatek emandako datuen arabera. Nafarroan hoteletako ostatu-gauak %5,9 jaitsi dira Nastaten datuen arabera.

Etxebizitza turistiko baten kartela.
Etxebizitza turistiko baten kartela. (EUROPA PRESS)

EAEko apartamentu turistikoek 276.504 sarrera eta 833.527 ostatu gau izan dituzte 2025ean, hau da, aurreko urtea baino %29,1 eta %15,8 gehiago, hurrenez hurren, Eustat estatistika erakundearen datuen arabera.

Ostatu gauek gora egin dute hiru herrialdeetan, maila desberdinean bada ere: %27,5 Bizkaian, %6,1 Gipuzkoan eta %6,0 Araban. Sarreren kasuan, Araban %14,6 jaitsi dira, eta Bizkaian eta Gipuzkoan %35,7 eta %21,4 igo, hurrenez hurren.

Atzerritar jatorriko pertsonen sarrerak, urtean zehar %37,1eko igoera izan ondoren, EAEko apartamentu turistikoetan 2025ean izandako guzien %41,3 izan ziren, 2024an izandako %38,9ren gainetik.

Plazakako okupazio mailak %0,2 puntuan gainditu du 2024an lortutakoa, eta apartamentukako okupazio mailak %5,2 puntuan; hala, 2025ean %39,6an eta %71,1ean finkatu dira, hurrenez hurren.

Landetxeak

Bestalde, EAEko landetxeek 183.900 sarrera eta 472.371 ostatu gau erregistratu dituzte, hau da, 2024an baino %6,7 eta %6,0 gehiago. Atzerriko bisitariak sarrera guztien %27,3 izan dira, %12,9 gehiago.

Herrialde bakoitzari dagokionez, sarrerak %10,5 igo dira Araban, %6,8 Bizkaian eta %5,2 Gipuzkoan; ostatu gauak, aldiz, %14,1 eta %6,9 igo dira Araban eta Gipuzkoan, hurrenez hurren, eta %0,2 jaitsi Bizkaian.

EAEko landetxeetako batez besteko egonaldia 2,57 egunekoa izan da iaz, 2024an erregistratu ziren 2,58 egunen oso antzekoa. Okupazio maila %31,4koa izan da plazen arabera neurtuta, eta %36,3koa logelen arabera neurtuta, 2024aren aldean %2,2 eta %2,4 puntu igo ondoren, hurrenez hurren.

Azkenik, EAEko turismo aterpetxeen kasuan, urte arteko %4,9ko hazkundea izan da 2025ean sarreren kopuruan eta %4,6koa ostatu gauenean, 262.558 sarrera eta 473.449 ostatu gau izan ondoren. Sarreren urteko igoera %86,2koa izan da Araban, %6,3koa Gipuzkoan eta %0,8koa Bizkaian. Ostatu gauek, bestalde, urte osoa hartuta, %63,3 egin dute gora Araban, %6,5 Gipuzkoan eta %1,3 Bizkaian.

Nafarroan, hotelek behera abenduan

Nafarroan, abenduan, 113.657 ostatu-gau izan dira hoteletan; hau da, %5,9ko jaitsiera izan da aurreko urteko hilabete beraren aldean. Egoiliarren ostatu gauak %10,7 jaitsi dira eta ez-egoiliarrenak %15,5 igo dira. 2025 urte osoan, berriz, ostatu-gauen kopurua %8,7 igo da aurreko urteko aldi beraren aldean.

Ostatu hartu duen bidaiarien kopuruak %9,0 egin du behera 2024ko abenduaren aldean, eta 61.333 izan da. Batez besteko egonaldia 1,9 egunekoa izan da, aurreko urteko hilabete berean baino % 3,4 luzeagoa. 2025. urte osoan, bidaiarien kopurua % 5,2 igo da aurreko urteko aldi berarekin alderatuta.

Abenduan, 10.653 plaza eskaini dira 236 hotel-establezimendutan. Plazen okupazio-maila %33,9koa izan da, aurreko urteko hilabete berean baino 1,1 puntu txikiagoa. Bestalde, Nafarroako hotel-zerbitzuak eskaintzeko 1.464 langile enplegatu dira, 2024ko abenduan baino %17,6 gehiago.

Okupatutako gela bakoitzeko hoteleneguneroko batez besteko fakturazioa (Average Daily Rate) 71,5 eurokoa izan da abenduan, eta zifra hori %2,4 jaitsi da aurreko urteko aldi beraren aldean. Gela eskuragarri bakoitzeko eguneko batez besteko diru-sarrera (Revenue per Available Room) hotel-establezimenduetako okupazioarekin eta prezioarekin lotutako kontzeptua da, eta 29,3 eurokoa izan da, aurreko urteko hilabete berean baino % 2,5 txikiagoa.