
Larra-Belaguako snowrunning-eko hamargarren ekitaldia berezia izan da oso. Bezperan zein lasterketa hasi baino lehen elur asko bota zuen. Lasterkariek ez zuten samur izan irteera puntura heltzeko; elurra kentzeko makinek lan eskerga egin behar izan zuten. Zorionez, denboralea atertu eta gorabeherarik gabe lasterketa jokatu zen. Hori bai, pilatutako elurraren ondorioz eta kirolarien segurtasuna bermatu ahal izateko, ibilbidean hainbat aldaketa izan ziren. Distantzia txikiagoetan korrika egin zuten: gazteek 6 kilometroko ibilbidean eta nagusiek 12koan.
Bestetik, Izabako kirol ekitaldi horrek hainbat hitzordu ofizial jaso zituen. Eskaladako eta Mendi Kiroletako Nafarroako Federazioak herrialdeko txapelketaren ardura hartu zuen. Eta Fedme-k Espainiako Txapelketa eta Kopa.
Nahiz eta proba ezberdinak atzerapenarekin hasi ziren, 250 korrikalariak pronto ziren El Ferialeko irteera puntuan lasterketa hasteko. Bederen, ez zien elurrik egin. Egun lainotua eta hotza izan zen, eta momentu batzuetan eguzki izpi batzuk ikusi ziren.
Nafarroako Txapelketari dagokionez, nesken kategorian, Nerea Haroren eta Guratz Azpirozen artean lehia estua egon zen. Oso gutxigatik bada ere, hamalau segundoko aldea, Harok (1:21:01) txapela irabazi zuen. Azpiroz bigarrena izan zen eta Olatz Azazeta hirugarrena. Mutilen mailan antzeko egoera bizi izan zen. Thibaut Bertrand eta Imanol Kañamares nor baino nor aritu ziren.1:04:30 denborarekin Bertrand azkarrena izan zen. Kañamares hamar segundora heldu zen bigarren postuan eta Aimar Ochoteco hirugarrenean 1:05:40 kronoarekin.
Fedme-ren hitzordua
Eskaladako eta Mendi Kiroletako Espainiako Federazioak Larra-Belagua aukeratu zuen modalitate horretako proba nagusia jokatzeko. Hots, Espainiako Txapelketa. Bide batez, Espainiako Kopako lehen probarako baliagarria izan zen.
Emakumezkoen artean, Celia Balcells katalana sasoikoena izan zen 12 kilometroko ibilbidean, eta 1:13:26 denborarekin El Ferialeko helmuga puntuan lehena izan zen. Minutu bat eta 24 segundora Sladjna Zagorac madrildarra iritsi zen, eta hirugarrenean Laura Labarta aragoiarra.
Gizonezkoetan ere, korrikalari katalan bat protagonista izan zen: David Prades. Irabazleak 1:00:01 kronoa markatu zuen, baina ez zuen batere erraza izan Fedme-ren hitzordu nagusi hori irabazteko. Izan ere, bigarren sailkatuari, Jose Antonio Bellido madrildarrari, soilik zortzi segundo aldea atera zion. Azken horren selekziokide Albert Agundezek hirugarren postuan amaitu zuen.
Lasterkari gazteak 6 kilometroko ibilbidean lehiatu ziren. Katia Lucasek eta Abel Altuzarrak irabazi zuten Espainiako Txapelketa junior mailan. Jubeniletan, berriz: Maria Alisa Sushchek eta Alex Pachecok. Eta promesesetan: Laia Calzadak eta Alvaro Osanzek.
Amaitzeko, Nafarroako selekzioa bitan igo zen podiumera. Nesken kategorian, Aragoik irabazi zuen, Katalunia bigarrena izan zen eta Nafarroa hirugarrena. Eta mutiletan: Madril lehena, Gaztela eta Leon bigarrena eta Nafarroako selekzioa hirugarrena.

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da
