NAIZ

Ikerketa batek agerian utzi du sanferminetako eraso sexisten aurkako protokoloa berritu beharra

Mugimendu Feministarekin eta Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformarekin batera aurkeztu du Kenia Cordero adituak sanferminetako eraso sexisten aurkako protokoloaren inguruko azterlana. Ondorioztatu du berritu beharra dagoela, egungo testuingurura egokitze aldera.

Kenia Cordero, ezkerrean, azterlanaren inguruko azalpenak ematen.
Kenia Cordero, ezkerrean, azterlanaren inguruko azalpenak ematen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Kenia Cordero Rus adituak egindako azterlanak agerian utzi du beharrezkoa dela sanferminetako eraso sexisten aurkako protokoloa berritzea. Horrela, asteazken honetan Mugimendu Feministarekin eta Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformarekin batera aurkeztu du ikerketaren emaitza.

Aurkezpena Iruñean egin dute, Pinaguy aretoan. ‘No a las agresiones sexistas’ lana Kenia Cordero Rusen master amaierako lanaren emaitza da. Bertan aztergai izan du nafar hiriburuko jaietan erabiltzen den eraso sexisten aurkako protokoloa, haren gaitasuna ziurtatu eta ikuspegi feminista batetik hobekuntzak proposatzeko.

Eztabaida eta hausnarketa espazioa izan da ikerketa mahaigaineratzeko aukeratutakoa. Bertan, Corderok protokoloaren bilakaera laburbildu du, 2011tik 2012ra bitartean jarri baitzuten abian. 2014an hasi ziren instituzioekin elkarlanean protokoloa aplikatzen.

Adituaren aburuz, «protokoloa tresna aitzindari bezala ezaguna da, erreferentziazkoa eta eraldatzailea». Hala ere, azpimarratu duenez, «beharrezkoa du testuinguru sozial, digital eta politiko berrira egokitzea».

Hari horri tiraka, eztabaidaren erdigunera ekarri du aldaketak egiterakoan beharrezkoa den ikuspegi feminista, xede nagusi bezala hartu behar baitira «prebentzioa eta gizarte eraldaketa».

Protokoloa hobetzeko neurriez, hizlariak azaldu du apustu egin behar dela informazioa irisgarri egitearen alde, baieztatu baitu badagoela «ezjakintasun orokortua jendartearen aldetik».

«Beharrezkoa da rolak eta ardurak definitzea eta zeharkakotasuna eta erantzukidetasuna sustatzea, ezin du ardura dena mugimendu feministak izan», hausnartu du.

Aurkeztu duen beste neurri bat izan da marko teoriko bat osatzea, barne hartuko dituena azken urteetako aurrerapauso teorikoak eta araudiarekin lotutakoak. Era berean, proposatu du arretaren oinarria biktima bera izatea, eta «negoziaezina» izatea bere sinesgarritasuna.

Instituzioekin harremana «konplexua» dela aitortu du Corderok, baina garrantzizkoa. Hala ere, ohartarazi du arriskutsua izan daitekeela, diskurtso feminista kanpaina instituzionalekin nahastu baitaiteke eta, gainera, aldaketa politikoek ere eragina dute.

«Beharrezkoa da elkarlan espazioak berrikustea. Indarkerien mahai iraunkorraren balorazioa positiboa da, baina gaitasun eraldatzailea galdu du eta prebentzioa ez da behar beste zaindu», azaldu du.

Berritzea lortze aldera, Corderok azpimarratu du garrantzitsua dela belaunaldi aldaketa ematea, lana gazteengan zentratzeko. Beste erronka handietako bat da, gaineratu duenez, perspektiba berriak dituzten gizonen inplikazioa zabaltzea «asperraldi orokortua» gertatu ez dadin.

Terminologia berritzearen aldeko apustua egitearen alde agertzeaz gain, Corderok hitzaldia amaitu du marko honetan gaur egun ematen ari diren eztabaidak mahai gainean jarrita. Lehena baimena ematea da, izan ere, «onespena ematea emakumeei inposatutako karga bezala hautematen da, beldurrak eragin dezake eta ez dira gizonak interpelatzen».

Espazioa irekia izanik, bukaeran bertaratu direnei hitza hartzeko abagunea eskaini diete.