NAIZ

112tik 730 pertsonara igoko da Bilboko etxebizitza jabe handien kopurua

Bilboko etxebizitza jabe handiak 112 izatetik 730 izatera igaroko dira, aurrerantzean horretarako muga bost higiezin izango direlako (orain arte hamar behar ziren). Ostegun honetan onartu du Udalak neurri berri hau, EH Bilduren proposamen batetik sortutakoa.

Bost etxebizitza baino gehiago dituztenak edukitzaile handiak izango dira Bilbon.
Bost etxebizitza baino gehiago dituztenak edukitzaile handiak izango dira Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

112 jabe handi izatetik 730 izatera pasako da Bilbo. Izan ere, hemendik aurrera bost hiri-higiezinen edo gehiagoren titular diren pertsona fisikoak eta juridikoak etxebizitza jabe handitzat hartuko dira, orain arte bezala hamar izan beharrean.

Ostegun honetan Bilbon egindako udalbatzak EH Bilduren proposamen bat onartu du, Bizkaiko hiriburuko etxebizitzen %2ri eragingo liekeen katalogazio bat jaistea plantetazen zuena, eta alokairuen prezioa legez arautua izatera pasako dena, prezioen indizearen arabera.

Alderdi guztiek alde bozkatu dute, PPk izan ezik; izan ere, alderdi honek «trikimailutzat» hartzen du gune tentsionatu izendatu izana. Esther Martinez PPko bozeramailearen esanetan, tentsioan dauden zonaldeak «astakeria bat dira, eta horrek eragin du Bilbon alokairu eskaintzarik ez egotea». «Gehien behar duenari bakarrik kalte egiten dioten legeak egiten dituzte», gaineratu du.

Bestalde, EH Bilduk, ekimenaren sustatzaileak, gogorarazi du joan den urriaren 29tik Bilbo etxebizitzen merkatu tentsionatua dela, 21.300 bilbotar Etxebideren zerrendetan zain dauden bitartean. «Gaur egun, 112 jabe handi ditugu, 1.500 etxebizitza baino gehiagorekin. Gaur onartutako neurriarekin 730 izango dira, beraz, 6.100 etxebizitzari baino gehiagori eragingo die», azaldu du.

Gainera, EH Bilduk salatu du proposamena atzera botatzea «berekoikeria hutsaren eta enpatia faltaren» adibidea dela, eta zehaztu du etxebizitzen %30 baino gehiago eskudirutan erosten direla. Horrek esan nahi du inbertsio funtsek edo kapital handiko pertsonek erosten dituztela.

Aurreikusita

PSEk, EAJrekin batera gobernua osatzen duen alderdiak, zonalde tentsionatu izendatu ondoren neurri hau hartzea aurreikusita zegoela defendatu dute, eta bost etxebizitza dituen pertsona batek «merkatuan oztopatzen» duela deitoratu dute.

«Atalasea jaisteak ez dakar inor zigortzea», azpimarratu du, ez delako «eskaintza mugatua» duen hiri bateko «jabe txikiei» eragiten dien neurria.

Bestalde, prezioen erreferentziazko indizeen ezarpenean «atzerapena» izan dela onartu du, eta adierazle hori martxoan gauzatzea espero duela nabarmendu du.

Azkenik, Elkarrekin Bilbotik, Ana Viñals bozeramaileak higiezinen merkatu libreak gutxi batzuen alde egiten duela deitoratu du, eta 3 edo 4 etxebizitza dituena ere «estutzearen» alde agertu da.