NAIZ

Bilbao Basketeko Jaume Ponsarnauri eman diote urtarrileko 'Entrenatzaile Onenaren Saria'

AEEB Entrenatzaileen Elkarteak beltzezko gizonen «erregulartasuna eta lehiakortasuna» nabarmendu ditu urtarrilean lorturiko emaitzen karietara. Ligako lau partida jokatu eta laurak eraman ditu talde bizkaitarrak, horietako bi etxetik kanpo, urtebeteko garaipen gabezia bolada eta gero.

Jaume Ponsarnau pozarren, La Laguna Teneriferi Miribillan irabazi ostean.
Jaume Ponsarnau pozarren, La Laguna Teneriferi Miribillan irabazi ostean. (Oskar Matxin EDESA | FOKU)

Jaume Ponsarnau Surne Bilbao taldeko entrenatzaileak Urtarrileko Entrenatzaile Onenari dagokion AEEB «Saria» –Entrenatzaileen Elkartearena, hain zuzen– lortu du, ACB Ligako 17. jardunaldia jokatu ondoren. «Erregulartasunak eta lehiakortasunak markatuta», Bilboko taldeak urtarrilean izandako «errendimendu bikaina» aitortu du aipatu elkarteak, entrewnatzaile katalana saritzeko bidali duen oharraren arabera.

Taldeak hilabete «ezin hobea» egin du, lau neurketetan lau garaipen lortu eta gero (4-0) eta Bilbao Arenan zein etxetik kanpo «joko maila altua» eskainiz. Basquet Gironaren (89-93), UCAM Murtziaren (96-82), La Laguna Teneriferen (95-78) eta Coviran Granadaren (84-88) aurka lortutako garaipenek agerian utzi dute «taldeak duen gaitasuna egoera estuetan eta aurkari garrantzitsuen aurrean fidagarritasunarekin lehiatzeko».

Hilabete honetako bereizgarririk azpimarragarriena, nolanahi, Bilbao Basket etxetik kanpo bi neurketa irabazteko kapaz izan dela da, aurrez 2024ko abenduaren 28az geroztik ACB Ligako partidarik irabazteke baitzegoen talde bilbotarra Miribillatik kanpo.

Gainera, Entrenatzaile Elkartearen arabera, Ponsarnauk egindako «lan taktikoa, ideien argitasuna eta taldearen kudeaketa» nabarmentzen ditu sari honek, baita «denboraldiko funtsezko tarte batean errendimendu kolektiboa maximizatzeko duen trebetasuna» ere. «Bere gidaritzapean, Surne Bilbaok joko nortasun ezaguna erakutsi du, oreka erakusten du kantxako bi aldeetan, baita buruko indar nabarmena une erabakigarrietan», nabarmendu ditu.

AEEB Sariak Jaume Ponsarnauk urtarrilean egindako lana aitortu du, Surne Bilbaoren zuzendaritza teknikoa eta ACB Ligaren lehiakortasun maila altuari egindako ekarpena azpimarratuz.

Hilliarden loreak

Zapatu gauean 20.00etan jokatzen du Surne Bilbaok ACB Ligako 18 jardunaldiari dagokion norgehiagoka, Joventuten aurka. Hargatik, jokalariek ostegun honetan hitzegin dute. Esaterako, Harald Frey antolatzaile norvegiarra ilusio bereziz mintzatu da Ricky Rubio bezalako jokalari baten aurka jokatzeko aukeragatik. Bere aldetik, Darrun Hilliard beltzezgo gizonen hegaleko titularrak egundoko loreak eta laudorioak zuzendu ditu Jaume Ponsarnau entrenatzailearentzat.

«Une gozoan bagaude entrenatzaileari eskerrak da neurri baten. Lesioekin eta abar une zailak izan ditugun garaian egoerara moldatzen erakutsi digu. Elkar hobeto ezagutzen eta hobeak izaten lagundu digu, baina ez jokalari gisa bakarrik, baita pertsona gisa ere», nabarmendu du Hilliardek.

Denboraldi haiserako aurreikuspenen arabera, Hilliardek behar zuen Surne Bilbaoren izarra, baina lesio txikiek eta erregulartasun faltak apur bat itzali dute Saski Baskoniako jokalari ohiaren distira. Nolanahi, 12,1 puntu eta 2,6 errebote pilatzen ditu batez beste eta «pixkanaka hoberantz» ikusten du bere burua.

«Bide zuzenetik noa ni eta taldea bera ere bide zuzenetik doa. Oraindik ez dut goirik jo, martxorako edo apirilerako espero dut hori, baina garrantzitsuena zera da: hobetzen ari naizela emaitzek erakusten dutela, taldea garaipenak pilatzen ari baita», gaineratu du.