Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Landako bizitzatik hiriburu zalapartatsura

LEFT-HANDED GIRL (LA CHICA ZURDA)
Taiwan, 2025. 108’. Zuzend.: Shih-Ching Tsou. Gidoia: Sean Baker, Shih-Ching Tsou. Akt.: Janel Tsai, Nina Ye, Shi-Yuan Ma, Blaire Chang. Argaz.: Ko-Chin Chen, Tzu-Hao Kao.

‘Left-handed girl’ filmeko eszena bat.
‘Left-handed girl’ filmeko eszena bat. (Le Pacte, Left-Handed Girl Film Productions)

Shih-Ching Tsou taiwandarrak zuzendutako filma Canneseko Zinemaldiko Kritikaren Astean estreinatu zen mundu mailan. Sean Baker zinegileak (‘Anora’) idatzi (Tsou-rekin batera), editatu eta koproduzitu du filma. Gainera, Taiwan ordezkatuko du Oscar sarietan.

Komedia dramatiko honek ama ezkongabe baten eta bere bi alaben istorioa azalduko du. Taipeira (Taiwan) iristean, fideo-postu xume bat irekiko dute hiriburuko gaueko merkatu zalapartatsu batean. Landako bizimodua atzean utzi ondoren, bakoitzak modu bat aurkitu beharko du bizimodu berri horretara egokitzeko.

Tsou eta Baker

Tsou Sean Baker-en ohiko kolaboratzailea da: elkarrekin zuzendu zuten ‘Take Out’ (2004) eta berak ekoitzi du bere ondorengo filmografiaren zati handi bat, ‘Starlet’, ‘Tangerine’, ‘The Florida Project’ eta ‘Red Rocket’. Tsouk azaldu du: «Oso istorio pertsonala da. Halako batean, Seani kontatu nion nire aitonak beti esaten zuela ezkerreko eskua deabruaren eskua zela». Bakerrek gaineratzen du: «Lan egin dudan beste film guztietan bezala, dimentsio oso gizatiarra izango zuen istorio bat kontatzeko nahitik abiatu ginen. Nire filmetan, detaile bakoitzaren benetakotasuna ateratzea gustatzen zait; hemen gauza bera gertatu zen, baina Shih-Chingen bizipenetan oinarritu ginen istorioa eraikitzeko eta dramatizatzeko».  

Maila estetikoan ere, filmak Bakerren zinemarekin lotura du: benetako lokalizazioak erabiltzen dira, eta eszenaratzea argi naturalarekin eta inguruko koloreekin definitzen da. Gainera, filma osorik iPhone telefonoarekin grabatu da, Bakerrek 2015ean ‘Tangerine’ filma egin zuen moduan.