Aktualitateko erredaktorea

Agarreko etxebizitzak husteko Lemoako Udalaren agindua salatu du Arratiako Sare Antiarrazistak

Lemoako Udalak Agarre auzoko lau etxebizitza bloke hustu nahi dituela ohartarazi du Arratiako Sare Antiarrazistak. Adierazi dutenez, auzotar batzuk kale gorrian geratu dira dagoeneko. Horren aurrean, ostegun honetan, 18:30ean elkarretaratzea egingo dute, Lemoako udaletxearen aurrean.

Auzokideak protesta egiten Udalak planteatuko desalojoengatik.
Auzokideak protesta egiten Udalak planteatuko desalojoengatik. (Arratiako Sare Antiarrazista)

Lemoako Agarreko auzotarrak egoera larrian aurkitzen direla ohartarazi dute Arratiako Sare Antiarrazistatik. Lemoako Udalak (EAJ) martxan jarri zuen aste hasieran lau etxebizitza blokeetan bizi diren auzotarrentzako ustezko birkokatze plan integral bat. Besteak beste, bizitokirik ez duten migratzaileak bizi dira han. 24 orduko epea eman zien Udalak auzotarrei handik alde egin dezaten, «segurtasun arriskua» zegoela argudiatuz. Ostegun eguerdian agortu da epea, eta, beraz, desalojoa burutzeko prest dago Lemoako Udala, dozenaka lagun etxegabetuz.

Horren aurrean, Arratia eskualdeko Sare Antiarrazistak Udalaren «xenofobia eta arrazakeria instituzionala» kritikatu du eta «hilabeteetan auzotarren errolda eta bitartekaritza eskaerei entzungor egitea» eta «bilera guztiak erantzun barik uztea» leporatu dio.

Azaldu dutenez, urtarrilaren 20an polizia dispositibo handi batek Agarre auzoa «okupatu» zuen. Agenteak ate-joka ibili ziren goizaldean zehar etxebizitza horietako auzokideak erregistratzeko xedez. Haatik, haietako batzuk ez ziren etxetik irten, beldurragatik. Beste batzuk, ordea, erregistrotik kanpo geratu ziren, hizkuntza arazoak zirela medio. 

Behin erregistroa eginda, Udalak zerrenda bat osatu zuen prozesua abiarazteko, baina erregistrotik kanpo geratu zirenak aintzat hartu ez dituztela salatu dute Arratiako Sare Antiarrazistatik.

Urtarrilaren 23an, zerrendan agertzen ziren auzokideak zerbitzu sozialetako deiak jasotzen hasi ziren. Aldiz, deituak izan ez ziren herritarrek udaletxera jo zuten, miaketan egon ez arren, Agarreko etxebizitza bloke horietan bizi direla jakinarazteko. Hauetako askok eskatu zuten erroldatzeko baimena, baina Udalak errolda-eskubidea ukatu ziela jakinarazi zuten. 

Kale gorrian

Arratiako Sare Antiarrazistaren esanetan, gizarte zerbitzuetara deituak izan ziren familiak 3-4 eguneko epean kaleratze eta birkokatze akordio bat sinatzera mehatxatuak izan ziren. Halaber, azpimarratu dutenez, «bilobak berriz ere ez ikusteko mehatxuak» jaso zituen auzokide batek.

Hori gutxi balitz, ohartarazi dute, gaur-gaurkoz, bost bizilagun prozesutik kanpo geratu direla, eta, hori dela eta, gaur-gaurkoz Lemoako gaztetxean hartu behar izan dutela aterpe. «Sinatze prozesuan eskubide urraketa larria gertatu da, itzulpen lanak bermatu ez baitira, eta, gainera, Udalak eta gizarte zerbiztuek ez dute beraien hitza bete», kritikatu dute. 

Aste hasieran Agarreko auzoan bilera bat antolatu zuten Esther Iturriotz alkatearekin eta gizarte langileekin, baina, edonola ere, «zerrendan ez dauden pertsonekin ez dutela lan egingo» berretsi zuen Udalak. Ildo horretatik, 24 orduko epea eman die Udalak etxebizitza blokeetan geratzen direnei, handik alde egin dezaten, «segurtasun arrazoiak» argudiatuta.

Gauzak horrela, Lemoako Udalari exijitu diote «zentzugabekeri honekin gelditzea, familiak entzutea eta ostatu emateko prozesua modu duinetan ematea». Horregatik guztiagatik Arratiako Sare Antiarrazistak elkarretaratzea egingo du ostegun honetako 18:30ean, Lemoako udaletxearen aurrean.