Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Naufragoak

Sam Raimi pantaila handira itzuli da ‘Send Help’ filmarekin. Lan honek Linda eta Bradley lankideen istorioa kontatzen du: hegazkin istripu batetik bizirik atera diren bakarrak dira, eta patuak uharte bakarti batean utzi ditu.

Uharte batean bizirik irauteko borrokaren premisa beti iruditu zait liluragarria; abentura, drama eta barne-azterketa psikologikoa uztartzeko aukera paregabea eskaintzen duelako. Halako istorioek pertsonaiek bakardadearen, beldurraren eta ziurgabetasunaren aurrean nola erantzuten duten aztertzeko aukera ematen dute, baita bizirik irauteko elkarlanera behartuta daudenean sortzen diren loturak eta talkak ere. 

Horren adibide ahaztezina da ‘Cast Away’ filma. Tom Hanksek hegazkin istripu baten ondoren uharte isolatu batean bizirik irauten saiatzen den gizon baten papera jokatzen du. Filmak isolamendu fisiko eta emozionalaren zama modu gordin eta hunkigarrian erakusten du.

Telebistaren esparruan, ‘Lost’ telesailak premisa bera beste dimentsio batera eraman zuen. Bizirik atera zirenen arteko sekretuak, misterioak eta harreman korapilatsuak arakatu zituen, erakutsiz isolamenduak eta muturreko presioak nola desitxuratzen –eta aldi berean agerian uzten– duen gizakien benetako izaera. 

Uharte bakarti batean bizirik irautera kondenatutako pertsonen inguruko istorioek ikuslea liluratzen jarraitzen dute, abentura, tentsioa eta giza drama sakona uztartzen dituztelako.