Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
Maddalen Arzallus Antia
Xilabako finalista

«Nire buruari baimena eman diot hasieratik txapelari begiratzeko»

Hendaia, 1990. Seigarren Xilaba eta bosgarren finala. Bertsolaritzan osatu duen bidean, izan ditu goraldiak eta apalaldiak. Bertsotik ere apartatu zen tarte batean. Oraintxe, «bertsoarekin maiteminduta» dagoela aitortu du.

(Guillaume FAUVEAU)
Finalean. Helburua beteta.

Baietz esango nuke. Egia da kanpotik ikusita agian erraza ematen duela. Baina barruan gaudenean badakigu egunak izaten direla onak bezala txarrak, eta oso onak bezala oso txarrak. Hanka sartzeak gertatzen dira eta helburu nagusia finalera sailkatzea zen. Behin hori lortuta, lasaiago.

Segurutzat ematen diren finalisten kasuan, presioa beti dago presente.

Esango nuke aurtengo txapelketan bereziki sentitu dudala presioa. Nik ere nire buruari jarri diot segur aski, bereziki gogotsu hartu dudalako. Oraingo honetan nik neuk ere jarri diot presioa nire buruari. Baina, azken finalaurrekotik, askoz lasaiago nago.

Finalera beste patxada batekin.

Hori espero dut. Onartu behar dut txapelketa ez dela guztiz nik espero bezala joan. Denetarik gertatu zait; lehen saioa oso ona egin nuen, baina geroztik arantza puntuarekin nago. Baina, bai, beste patxada batekin sentitzen naiz finalerako eta horrek on egingo didala uste dut.

Maila ikusita, merke ez zegoen finalerako txartela.

Zalantzarik gabe. Iparraldekoa seiko finala da eta herrialde bakarra gara hori egiten duguna. Egia da behin finalera sartuta, nire ustez seiko finala politagoa dela, baina ataka asko estutzen du. Ez da berdina zortzikoa edo seikoa izan; zortzikoa izanda era izen handiak geratuko ziren kanpoan, baina seikoan are gehiago.

Sei bertsolariko finala. Bertsolariarentzat, hobea al da?

Niretzat bai. Zortziko finalak oso luze egin daitezke eta denbora asko pasa dezakezu atzean kantatu gabe. Kontuan izanda denbora gehiago pasatzen dugula atzean eserita mikrofonoan kantuan baino, ez dira beti erraz kudeatzen atzeko momentu horiek. Seiko finalarekin dena azkarrago doa, itxaronaldiak ere azkarragoak dira, bai publikoarentzat eta bai bertsolariarentzat.

Nola iritsiko zara finalera?

Bertsoarekin maiteminduta nagoen fase batean harrapatzen nau final honek. Ez da beti horrela izan, nire harremana bertsoarekin gorabeheratsua izan da. Hemeretzi urte nituela utzi egin nuen bertsolaritza eta nahiko borrokan ibili izan naiz bertsoarekin. Baina momentu honetan bereziki maite dut bertsoa, denbora asko eskaintzen diot eta asko ematen dit. Horrela iritsiko naiz finalera. Aitortu behar dut orain arteko Xilaba gehienetan, finalera iristerako nire barruan nagusitzen zen sentimendua txapelketa bukatzea nahi nuela zela. Aurten, hori baino gehiago, lehenbiziko aldiz sentitzen dut bukatzeaz gain, ongi bukatzeko gogoa dudala.

Hortaz, txapelari begiratuko diozu?

Nire buruari baimen hori eman diot hasiera-hasieratik eta uste dut baditudala arrazoiak burua horretan jartzeko. Bai, zalantzarik gabe.

Konfiantzarekin zaude, beraz.

Bai, egia esan bai. Eta aurtengo Xilaba ez da bereziki nik espero bezala joan, baina hala eta guztiz ere patxadaz eta lasai iristen naiz finalera bi arrazoigatik: batetik, nire buruarengan konfiantza minimo bat badudalako, badakidalako lana egin dudala eta emaitzak etor daitezkeela, eta, bestetik, emaitzak etortzen ez baldin badira ere, lasai geratuko naizelako, nire aldetik dena jarri dudalako. Bai irabaztea bai galtzea, horrela da politena; norberak eta besteek onena ematen dutenean.