NAIZ

32 urteko langile bat hil da Zumaiako Estaños Matiena enpresan

LABek ohartarazi duenez, 32 urteko langile bat hil da ostiral honetan Zumaiako Estaños Matiena enpresan. Ertzaintzak baieztatu egin du ezbeharra; 13.50ak aldera izan da.

Lan istripuen aurkako mobilizazio baten artxiboko argazkia.
Lan istripuen aurkako mobilizazio baten artxiboko argazkia. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

32 urteko langile bat hil da ostiral honetan Zumaiako Estaños Matiena enpresan. LABek adierazi duenez, pieza handi baten kolpea jaso du. Ertzaintzak baieztatu egin du istripua eta 13.50ak aldera izan dela zehaztu du, NAIZek galdetuta.

Ohar batean LABek gogor jo du enpresaren aurka, «langile migratu eta prekarizatuak baliatzen dituelako lan arriskutsuak egiteko». Sindikatuaren arabera, «enpresaren politika da prebentzio araudiaren aplikazioa inpunitate osoz saihestea, eta, ondorioz, azken urteetan hainbat lan istripu larri salatu behar izan ditugu».

«Joan zen abuztuan langile batek araudia betetzen ez zuen makina batekin kontaktu elektrikoa izan zuen, eta larri zaurituta erietxera eraman zuten. Enpresak istripuaren ardura langileari egotzi zion, eta jarraian, mutuak emandako bajan zela, kaleratu egin zuen», gaineratu du.

LABek dio hainbat salaketa aurkeztu dituela, Osalanen, Lan ikuskaritzan eta Lan Agintaritzan. «Bilerak egin behar izan ditu bertako arduradunekin enpresak duen prebentzio faltaren aurrean neurriak hartzeko. Dena alferrik izan da. Abuztuko istripu larriaren salaketaren erantzunik ez du izan LABek orain arte».

Aurreratu duenez, sindikatuak «ekintza sindikala eta juridikoa erabiliko ditu arduraduna den enpresariaren aurka. Bitartean, ardura instituzionalak exijitzen jarraitzen dugu, dagokien ardura hartuko balute gaur hil den langilea bizirik egongo litzatekeelako», azpimarratu du.